Sustatu logoa Teknologia albisteak

Egunkari baten jaiotza Euskadi Irratian

Sanjoanetatik bueltan, gogoeta txiki bat. Dagoeneko beharbada gehiegi hitz egin da Euskadi Irratiaren kontuaz, eta nere ustez, dotorezia gutxiegirekin. Hortaz, akaso neureak gehiago nahastuko ditu bazterrak... Baina Euskadi Irratian Berria-ren jaiotza nola hartu duten entzun izanak sorrarazi dit gogoeta.

Batetik, Sustatuko joan den asteko Euskadi Irratiaren eztabaidan esandako askorekin ez nator bat. Badirudi Jesus Mari Irazuk Argian eta Joxe Aranzabalek Sustatun diotenagatik, gero eta txepelago-edo nabaritzen dutela Euskadi Irratia. Diagnosiarekin akaso bat etorrita ere, ez dudana ikusten da historial klinikoan aldaketa nabarmenik. Duela 5 edo 10 urte antzeko samarra iruditzen zitzaidan irrati hori.

Beste kontu batzuetan, berriz, orain irrati hobea dela dudarik ez dut egiten. Egunkaria-ren jaiotza eta Berria-ren jaiotza, informatiboki nola tratatu dituzten gogoan hartzen dut, bereziki, hori esateko.

Egunkaria 1990eko abenduaren 6an jaio zen. Durangoko Azoka ireki zuten egun hartan, eta Euskadi Irratik hantxe zeukan praktiketako langile bat, kale iritziak jasotzen bisitarien artean. Kazetari hura ezagutzen nuen, eta agurtzera joan nintzaion. Lotsatuta zegoen mutila. Iritziak jasotzeko agindua zuen, ez Egunkaria-ren jaiotzaren gainean, produktu berriaren gainean, baizik eta Jose Ramon Belokiren taldeak egun haietan atera zuen ustezko periodikoaren ustezko zero zenbakiaren gainean... Haretxen gainean galdetzen zuen halabeharrez Euskadi Irratirako kazetari hark.

Urte asko pasatu dira, eta Bide Batez saioan, joan den larunbatean, Arantxa Arzak eta Jesus Artetxe entzun nituen. Berria-ren inguruko iritziak eta informazioa biltzen ziharduten. Ondo gainera.

Bada zerbait. Iraganeko garaiak ez ziren beti hobeak izan.

Molestatzen dit hutsune zail bat asteburuero meritu handiarekin betetzen duten langile batzuei monja eta horrela deitzea (joan den astekoan batek bota zuen bezala). Horregatik bota nahi izan dut programa jakin baten aldekoen mezu hau. Gainera, duela 13 urteko anekdota tonto horrekin ere ikusten da, esatarien gainetik, badaudela irratia kaskartzeko gaitasuna duten batzuk: agintzen dutenak.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu