Teknologia albisteak
1

Gaizka Aranguren: "Inoiz izan baldin bada euskaldun guztion egitura politiko bat, hori Nafarroa izan da"

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu - Goienkariatik
2003-06-18 : 11:06

Nafarroako historia, kultura eta nortasuna ezagutzea helburu duen elkartea da Nabarralde. Aspaldian askotxotan entzuten ari gara izen hori eta bertako zuzendari Gaizka Arangureni elkarrizketa egin dio Goienkariak. Horixe da Sustaturako ere moldatu duguna.

Han eta hemen diharduzue hitzaldiak ematen.

Berbaldiez gain, ikus-entzunezkoak ere eskaintzen ditugu. Ekimen hori zein oinarritatik abiatu den azaltzen dugu, gure herriaren ikuspegi historiko eta sozio-politikoa aztertu, eta, horrez gain, ekimen horrek eskaintzen dituen zerbitzu guztien berri ematen da hitzaldietan.

Zer da Nabarralde?

Nafar lurraldearen gaineko memoria historikoa eta nortasun sozio-politikoa berreskuratzeko ekimena.

Zerk bultzatu zintuzteten Nabarralde osatzera?

Orain dela urte batzuk, Iruñean, bazen Iturralde izeneko elkarte bat. Han batzen ziren azken urteotan gure historia politikoaren gainean atera diren zenbait libururen egileak, hainbat artikulu idatzi izan dituztenak... Haien lekukoa hartu eta, zelanbait, ekimen askoz ere asmo handikoagoa bultzatzea erabaki genuen, eta horrela sortu genuen, 2001eko urrian, Nabarralde SL.

Zeintzuek osatzen dute Nabarralde?

Hiru figura desberdin bereiztu behar ditugu: batetik, bazkideak, gaur egun dagoeneko 24 direnak eta ekimena diruz babesten dutenak; bestetik, sustatzaileak. Kontuan izanik kulturan murgildu nahi dugula eta ez dugula dirulaguntzen mendean bizi nahi, gure sentsibilitatearekin bat egiten duen jendea batzen dugu ekimen horren alde, eta pertsona horietako bakoitzak eskaintzen dizkio sei egun eta erdi hilean elkarteari. Haien lanari esker, gastuen %75 betetzen dugu. Dagoeneko 570 sustatzailetik gora dira, eta urtea amaitu baino lehen 1.000 edukitzea da helburua. Horrekin ziurtatzen dugu ekimenaren bizi iraupena; azkenik, badago beste figura bat, eduki sortzailea deitzen dioguna. Edozein jakintza esparrutik, sorkuntzarako gaitasuna dutenak batzen dira hor, eta horiekin katalogo bat osatzen dugu, gero, gure bezero nagusien artean (udalak, hezkuntza zentroak...) komertzializatzeko.

Nafarroa Euskadi da esan izan da, baina orain, agian, Euskadi Nafarroa da esaten hasi beharko dugu, ala?

Ikuspegi politikotik, bederen, Nafarroak batu izan ditu euskaldunak egitura politiko bateratuan. Inoiz izan baldin bada euskaldun guztion egitura politiko bat, hori Nafarroa izan da.

Eta zergatik esan izan da azken mendean Nafarroa Euskadi da eta ez alderantziz?

Azken urteotan Euskadi kontzeptuak indarra galdu du, gure lurraldearen parte batek patrimonializatu egin duelako, alegia, Euskal Autonomia Erkidegoak bere buruari horrela deitu diolako. Euskal soberania berreskuratzearen aldeko hainbat korronte ideologikok aintzat hartu izan du Euskadi hitza, Euskal Herria politikoki askea adierazteko. Baina azken urteotan Euskadi hitzak gure eskualde eta haran atlantikoak bakarrik irudikatu ditu. Eta ohartu behar dugu euskaldunak askoz ere lehenagotik gaudela mundu honetan, eta euskaldun guztien adierazgarri izan daitekeen fenomenoa XIV. mendeko eta aurreragoko fenomenoa dela. Erromatarrek, esaterako, Ager Vascorum deitzen zieten gure lautadei. Eta euskalduntasunaren eredua behe haran berde horietara mugatzen badugu, erreferentzia gutxi geratzen zaio Tafallako bati.

Zenbateraino izan dira Nafarroa beste hiru lurraldeak?

Nire berbak erabili beharrean, gurago dut beste batzuenak erabili; esaterako, Anakleto Ortueta bilbotarrarenak edo Ildefonso Gurrutxaga azpeitiarrarenak, kontzeptualizatzen dutenean Nafarroako erresuma ikuspegi juridikotik euskaldunon estatu gisa. Gauza hauek guztiak aspaldidanik esanda daude, baina zoritxarrez hautsez josita egon dira. 1200ean, Gaztelak berenganatuta zituen mendebaleko nafar lurralde horiek, eta handik aurrera hartu zuten egitura administratiboa, modu batera edo bestera ordura arte Nafarroako erresumako lurraldeak izanik.

Zelan ulertu gaur egun Nafarroan indar politiko nagusiak direnak euren burua nafar eta espainol bezala agertzea?

Noizbait, zerbait izan bada dikotomikoa eta elkarren aurkakoa, hori da nafartasuna eta espainiartasuna. Gertatzen da hemen batzuek erabili izan dutela nafartasuna mozorro bezala, euren espainiartasuna ezkutatzeko. Lotsagarria da ikustea hainbatek bere nafartasuna baztertu izana, nolabaiteko nortasunaren interpretazio murriztu baten.

Zenbaterainoko balioa eman behar zaio historiari?

Gure interesekoa izan daitekeenaren araberakoa. Herri honek bere soberania berreskuratzea ezinbestekoa dela iruditzen zait, bizi irauteko. Zer gertatzen da? Bada, historiak, gainera, ematen dizkigula erreferente oso garbiak esateko hemen guk egitura propioa ukan izan dugula, eta, hain zuzen ere, egitura politiko hori bertan behera geratu zela ez bere kabuz, baizik eta bai iparraldetik baita hegoaldetik ere eragin gintuztelako.

Eta zuen lana da jendeari gogoraraztea zeintzuk diren erreferente horiek.

Nire iritziz garrantzitsua da jakitea herri honek ez duela bere historia ezagutzen. Hori nabaria da.

Gipuzkoan, Bizkaian, Araban… zelako erantzuna izan du Nabarraldek?

Orain arte, bereziki, Nafarroa Garaian eta Gipuzkoan ibili gara. Nafarroa Garaian egin ditugu 70 bat aurkezpen eta Gipuzkoan 16. Eta sustatzaileak proportzio horretan lortu ditugu. Bizkaian aurkezpen bi bakarrik egin ditugu eta Araban, Trebiñon. Hango alkateak esan zigun zelan orain dela urte bi, Trebiñoko afera gori-gori zegoelarik, horrenbeste hilabete borrokan ibili ondoren, inork ez ziela kasurik egiten, eta abenduaren 28an, Inuzente Egunean, bidali zutela ohar bat hedabideetara esaten aurrerantzean eskatuko zutela Nafarroara itzultzea. Gaztelako erregeak Miranda de Argaren truke eman zuen bere garaian Trebiño.

EAE, Euskadi, Euskal Herria eta orain Nafarroa. Gauzak argitu ala nahastu egingo ditu?

Gure asmoa kontuak argitzea da, oso nahastuta daude-eta. Politikari askok, dauden tokiaren arabera, Euskadi berbari ematen diote esanahi bat edo beste bat. Euskal Herria kontzeptua politikoki erabiltzen hasi gara azken 20 urteotan, hain zuzen, Euskadi hitzak jasan duen prostituzioagatik. Kontua da, orain, Euskal Herria kontzeptuari ere gauza bera gertatzen ari zaiola. Euskal Herria kontzeptua euskararen herria izendatzeko erabili izan da historian, baina hori ere ez da oso zuzena; izan ere, euskararen herria izateari aspaldi utzi zioten hainbat eskualdek, eta ez euren borondatez, seguruen.

Euskaldunon etorkizuneko proiektua da Nafar Estatua?

Bai, Nafar Estatua berreskuratzea, hain zuzen ere. Izan baginen, bagara, eta zergatik ez gara izanen?

Egungo egitura politikoak, Europako Batasuna, eta abar, ahalbidetzen du hori?

XII. mendean Europan zeuden egitura politikoen artean, euskaldunon adierazpide politikoa izan zen Nafarroako erresuma zegoen. Nor gu baino europarragorik? Nafarroa Europako estatu bat izan da eta izan beharko du berriro ere.

Erantzunak

Sustatu
2003-06-18 : 14:23

Nabarraldekoek badute webgunea ere norbaitek informazio gehiago gurako balu: www.nabarralde.com


Erantzun

Sartu