Quo vadis Euskadi Irratia?
Asteburu honetan iritzi artikulu bat irakurri diot Jexux Mari Irazuri, eta zer pentsaturik eman dit. Garai batean Euskadi Irratia zuen gustuko. Gaur egun, berriz, Radio Euskadi nahiago. Niri gauza bera gertatzen zait. Nora doa, orduan, Euskadi Irratia?
Jexux Mari Irazu gazte bat da, ezaguna oso bertsolari moduan. Kazetaritzan ere trebatua da, tokian tokikoan Hernaniko Kronikan eta bestelakoan. Aste honetan iritzi artikulu polit bat idatzi du Argia astekarian, Nik Radio Euskadi, eta hainbat arrazonamendu darabil hor, nik ere bueltaka ditudanak aspaldi honetan.
- Artikulua laburra da eta niri interesatzen zaidan pasartea are eta laburragoa. Beraz, hona ekarriko dut. Hauxe dio
- Antzeko zerbait gertatu zitzaidan niri orain dela urte batzuk. Orduan, Euskadi Irratia entzuten nuen gehiena. Aspaldian, berriz, ente beraren gaztelaniazko irratia aditzen dut gehiena, eta gustatu egiten zait gainera aizue! Klase guztietako sentimenduak sortu izan dizkit horrek: lotsa, pena, lastima, eta amorru dezentea bai. Egia esan, lotsa, pena eta lastima, igual ez erabat, baina, pasa zaizkit. Eta amorruak ez dit alde egiten. Agian, ez dit alde egingo, nonbait amorruak ez diolako tankerarik hartuko nola egin litekeen diru publiko beretik irrati ona eta entzutea gustoa ematen duena eta... gaur egungo Euskadi Irratia, bi-hiru gauza kenduta. Diru publiko beretik esan dut, seguruena, ez baita diru publiko berarekin izango. Bitartean, Radio Euskadi entzuten segituko dut, erdaraz hitz eginda ere zerbait esaten dit, eta gainera errespetuz tratatzen nau, ez nau kontsideratzen entzule erdi-ñanoa eta txoro-parra besterik gustatzen ez zaiona. Konpainia ederrari hori behintzat eskatu beharko zaio ba!
Nora zoaz Euskadi Irratia?
Nik ere hitzez hitz egiten dut neure Irazuren artikulua. Berak modu dotorean adierazi du gaur egun, bi-hiru gauza kenduta, Euskadi Irratiak ez duela erakartzen.
Niri gauza bera gertatzen zait, eta konturatzen naiz nire inguruan, lagun euskaldun askori ere bai. Beraz, euskaldun petook, printzipioz irratia euskaraz entzuteko gogoz gaudenok, nahiago badugu gaztelaniazkoa entzun, hobea delako, zer egin behar du Euskadi Irratiak?
Susmoa dut, gainera, audientzia kontuen berri ematen digutenean, Euskadi Irratiarenak beti nahastuta ematen dizkigutela taldearen datu makroen barruan. Izkutatu egiten dizkigutela, beste modu batean esateko. Eta horrela ez dago jakiterik nola doan benetan.
Zer deritzozu Euskadi Irratiari?
Aprobetxatu nahiko nuke abagunea, Jexux Mari Irazuk eskaini diguna, galdetzeko zuei, Sustatuko irakurleei, nola ikusten duzuen Euskadi Irratia.
Ni hasiko naiz. Pozez hartu nuen Euskadi Irratiaren jaiotza eta urteetan, hura entzun dut beste emisora askoren gainetik. Azken aldian, berriz, iruditzen zait umetu egin dela, umetzat hartzen gaituela, eta larre oparoagoak bilatu ditut. Bilatu eta aurkitu.
Gaur egun, Mariano Ferreren programa entzuten dut. Haren iruzkinaren ostean, Radio Euskadira pasatzen naiz, tertulia kideen iritziak entzutera. Gauean ere, hortzak garbitu bitartean Ganbarari erreparatzen diot, Radio Euskadin.
Euskadi Irratian Kostaldeko Trena eta Lauretan Babel geratzen zaizkit, noiz behinka entzuteko.
Eta zuk zer deritzozu?
Erantzunak kargatzen...