Sustatu logoa Teknologia albisteak

Oiondik Zumarragaraino

Gure hizkuntza dela-ta, han eta hemen azaltzen diren estatistikek zerbait adierazten baldin badizkigute da, errealitatea beste bat dela. Gero eta harrigarriagoa iruditzen zait Euskal Herria. Autokritika gehiago, edo hitz potolo bat erabiliz, heterodoxoagoak izatea komeni zaigu hizkuntzak zehazkiago, eta euskal gizarteak orokorkiago, etorkizuna izatea nahiko bagenu.

Oiondik Zumarragaraino

Oiondik Zumarragaraino

Ekainaren 8an ospatu zen Arabako Errioxan, Oion herrian, aurtengo Araba Euskaraz jaia. Milaka lagun, hirurogei mila antolatzaileen arabera, elkartu ziren bertan.

Jende pilo bat elkartzen da euskararen aldeko ospakizunetan. Kilometroak, Ibilaldia, Herri Urrats, Korrika edota Araba Euskaraz dira horren lekuko. Hala ere, bakoitza ospatzen den herrialdearen egoera soziolinguistikoa ezberdina da; egoera historiko eta kulturalaren garapena desberdina izan da, jakinekoa den bezala Gipuzkoako bihotzean dagoen Zumarragan eta Arabako Errioxan dagoen Oionen egoera ere desberdina dela.

Zumarraga, ekainak 9, arratsaldeko 18:30ak, eguzkitan 35 gradu. Semeak Urola Kirol Elkarteak antolatutako futbol txapelketan parte hartzen du lagunekin. Eta horrelako kasutan gertatzen den bezala, gurasook ezin isilik egon: Andoni ezkerraldeko banda zaintzeko, Ibai aurrera joateko... edota ganora gehiago jartzeko. Jakina, instrukzio guzti hauek euskaraz ematen genituen, izan ere denek zekiten euskaraz; baita Karlosek ere, duela urte batzuk bere amarekin Kubatik etorritako gaztetxoak.

Horrelako batean, han, futbol zelaiari bueltak ematen ari zen gizonezko bat hurbildu zitzaigun eta galdetu zigun ea nongoak ginen. Guk, bada, Antzuolakoak. Gustua da norbait euskaraz hitz egiten entzutea esan zigun, Zumarragan ez da apenas entzuten eta gainera (eta hemen dago harrigarriena) PSOEk irabazi du. Zur eta lur gelditu nintzen hau entzutean, izan ere PSOEri errua botatzea Zumarragan euskaraz egiten ez delako diskurtso atzeratu eta xenofobo bat iruditu zitzaidan.

Hala ere, eta hau egia da, futbol zelaian geundenen artean, hamarretik bederatzi eta erdi eskolako (eta ikastoletako asko) haur zeuden. Eta denek, nola ez, bada, gaztelaniaz hitz egiten. Ez dezagun inori errua bota, bakoitzak bere buruan duelako etsaia. Alegia, guk dakigun heinean hizkuntza erabiltzen ez badugu geureak egin du. Utz ditzagun garai bateko mito haiek; ez gaitezen inoren etxeko teilatura joan eta harriak botatzen hasi; has gaitezen geure jarrera hausnartzen; has gaitezen autokritika gehiago egiten: izan ere euskarak ez du etorkizunik izango (eta Zumarragan ikusitakoaz etsita etorri nintzen) dakigunok euskaraz hitz egiteko lotsa (?) galtzen ez badugu. Berdin izango dira Urretxun antolatutako Kilometroak, berdin izango dira erakundeen aldetik gastatzen ari garen milaka milioiak, gure jarrera hipokritatik aldentzen ez badugu. Hil ala biziko egoeran gaude!

Iñigo Ramirez de Okariz Telleria

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu