Irakasleon Aldizkaria: euskaltegien etorkizuna aztertzen
Euskaltegien bideragarritasunari buruzko txostenaren analisia eta iritzi-bilketa dakartza maiatzeko zenbakiak. Galdera interesgarri bati ere eman gura zaio erantzuna. Interneten ote dago Helduen Euskalduntzearen etorkizuna? Artikulu hori osorik kopiatu dugu Sustatun.
Santurtziko Udal Euskaltegiak hilero ateratzen duen Irakasleon Aldizkariak pil-pilean dagoen gai bat jorratu du maiatzeko zenbakian: euskaltegien etorkizuna.
IKEIk HABEren eskariz egindako bideragarritasunari buruzko txostenaren laburpena eta beraren inguruko zenbait hausnarketa biltzen ditu aldizkariak.
Osorik irakurri nahi izanez gero, hemen duzue.
Santurtziko Euskaltegiko Jose Miguel Arnaizek egindako artikulua non saiatzen den galdera honi erantzuna ematen:
Interneten ote dago Helduen Euskalduntzearen etorkizuna?
Edo auto-ikaskuntzan? Edo xede bereziko ikastaroetan? Zertara dedikatu behar dugu euskaltegiok hemendik aurrera? Ohiko ikastaro presentzialak taldean amaitu al dira? Non dago euskalduntzearen etorkizuna?
Horrelako galderak egin zizkidan lehengoan lankide batek eta orduan ez nuen jakin nola erantzun. Saiatuko naiz orain.
Lehenengo eta behin, kontuz! Non dagoen galdetzeak etorkizunik badela esan nahi du nonbait eta hori sineste hutsa da: ehunka lanbide eta jarduera desagertu dira aurreko mendean zehar, beste asko guztiz eraldatu eta bizitzak aurrera darrai. Aldaketak, bestalde, inoiz baino arinago gertatzen dira gaur, nire irudiko behinik behin.
Hala ere, eman dezagun badela etorkizunik. Eta zertan izango da hori? Nolakoa oraingoaren aldean? Galderoi erantzuteko oraingo hori definitu beharra dago. Helduen euskalduntzea ekonomia eta hezkuntza jarduera da, erabaki politiko orokor batzuetan oinarrituta sortua eta lege jakinen bidez garatua.
Hezkuntza helburuak ditu, baina ehunka milioi mugitzen ditu urtean. Langileak daude, kontratu mota asko, diru publikoak eta pribatuak, enpresa hornitzaileak, bezeroak... Eta sistema hau guztia, gehien bat, dirulaguntza publikoek sustatu dute orain arte, zuzenean edo zeharka. Segituko dute erakundeek horretan? Edo pribatizaziorako pausuak emango dituzte, arlo ekonomiko askotan gertatu den bezala?
Gogoan izan dezagun goian esandakoa: erabaki politiko orokor batzuetan oinarritzen da helduen euskalduntzea. Horiek aldatuz gero, sektorearen egoera erabat alda daiteke, baina erabaki oinarrizko horiek bere horretan jarraituta ere, asko alda daiteke egoera baldin eta helduen euskalduntzearen jarduera garatzen duten legeek orain artekoa ez bezalako norabide bat hartzen badute.
Bestela esanda, herri honetan euskarak duen garrantzia ikusita nekez aldatuko dituzte politikariek epe labur-ertainean hizkuntza politikaren nondik norako nagusiak, baina bai ordea, eta hala adierazten bide dute ditugun azkeneko berriek, finantziazio-ereduak eta sektore publikoaren eta pribatuaren arteko osagarritasuna, publikoaren kaltetan seguruenera.
Eta Internet? Eta ikaskuntza antolatzeko modu berriak? Goian azaldutakoari dagokionez, horiek bigarren mailako kontuak dira. Euskaldunako langileei, enpresa ixteko zorian, orduko untzigintzan ziren aurrerakuntza teknikoez galdetzea bezala.
Hala ere, helduen euskalduntzearen etorkizuna beste alde batetik ikusita badute Internetek eta hizkuntza/ikaskuntza ulertzeko modu berriek zeresan handia. Erakundeak alde batera utzita, bezeroa bera dugu euskalduntzearen beste oinarria eta behar berriak azaltzen ditu, orain hogei urte ez bezalakoak.
Behar horiek gehien bat bi puntu nagusirekin dute zerikusia:
- Euskara-tituluen premiarekin.
- Aldi berean, ugaltzearekin eta gaur egungo bizimoduaren konplexutasunarekin.
Batak zein besteak orain arteko eskaintza orokorra, presentzial hutsa, estatikoa eta trinkoa berraztertzera garamatzate, bezeroak egoki atendituko baditugu, eta euskararen ikas-prozesua bizitzan zeharreko etengabeko formazioaren ikuspuntutik begiratzera behartzen gaitu.
Ez dakit hala behar lukeen izan, baina hala da eta errealitateari eraginkortasunez erantzutea bada edozein politikaren helburua, ezinbestean hartu beharko dira kontuan arestian aipatutako behar horiek eta asetzeko bideak ahalbideratu.
Eta, jakina, horretarako bai, premiazkoak ditugu Interneteko protokoloetan oinarritutako teknologiak, ikasbide malguak eta norbanakoari egokitutakoak. Epe ertainera ohiko taldeek hortxe segituko dute, baina bestelako eskaintzen ondoan eta ikasleak erabakiko du, bere egoeraren arabera, noiz euskaltegira normal etorri, noiz tutore bat hartu berarentzako, noiz etxetik bere kabuz ikasi eta noiz barnetegira joan.
Beste kontu bat da zein prezio ordaindu beharko duen hiritarrak zerbitzu horien truke eta honekin estu lotuta daude sektore publikoak eta pribatuak izango duten tamaina eta ezaugarriak.
Euskaltegi izena gordetzen duten izari pribatuko zentroek, Hezkuntza Sailaren menpeko Helduen Heziketa Iraunkorreko zentroek eta Hizkuntza Eskolek osatuko duten eszenatoki batera abiatzen gara? Ala oraindik izango da bien artean Kultura Sailaren eta udalen menpeko euskaltegi-sare bat?
Galderak eginez hasi dut artikulu hau eta berdin amaitu behar dut. Nire lankide horri inork argituko dio inoiz nora abiatzen den helduen euskalduntzea?
Erantzunak kargatzen...