Euskarazko Software Katalogoaren web-gunea, berritua eta osatua
UEUko arduradunek prentsaurrekoan azpimarratu dutenez, era honetako beste egitasmorik ez dagoe. Proiektu hau behar batzuei erantzuteko jaio zen: euskaraz jardun nahi genuen hainbat jendek (profesional eta ez-profesionalek) zailtasun handiak zituzten euskarazko software programak topatzeko, edo besterik gabe ez zekiten hainbat programa existitzen zenik ere. Gabezi hau kontuan izanda, euskarazko software guztia pilatuko lukeen gune bat sortzea otu zitzaien, eta gaur aurkeztutako web-gune berria lan horren emaitza hobetua izan da. Esan beharra dago une honetan euskarazko ia software guztia bertan dagoela (CDak, Web-zerbitzuak, bilatzaileak etab.), baina aukera eman nahi da jendeak ere osatu dezan. Hau da, software berri bat plazaratzen den heinean datu-baseko arduradunek eguneratu egingo dute, baina erabiltzaileak ere aukera izango du datu berriak sartzeko ere. Azken batean, katalogo hau software gehiago egiteko pizgarria izatea nahi dugu, eta hori dela eta datu-basea doako zerbitzua da.
Katalogoa http://softkat.ueu.org helbidean kontsultatu daiteke.
Euskarazko software-katalogo berritu honekin euskarazko softwarearen erabilera zein euskarazko softwaregintza bultzatu nahi du UEUk, baina horretarako guztien kolaborazioa beharrezkoa da; erabiltzaileek katalogoa kontsultatu eta softwarea eskuratuz eta software euskalduna sortzen dutenek beraien produktuak bertan txertatuz eta era honetan ezagutzera emanez.
Une honetan 125 produktu inguru jasotzen ditu datu-baseak, baina lehen aipatu bezala, produktu berriak sortu ahala gehitzen joango dira katalogo honetan. Era berean, edozeinek ere osatu dezake datu-base hau Katalogoa osatu sakatzen badu. Software katalogoa zortzi sailetan banatuta dago: Bulego aplikazioak (testu prozesatzaileak, kontabilitate-programak ), Aisialdia (Musika, jokoak ), Hizkuntza (itzultzaileak, zuzentzaileak, hiztegiak ), Interneten aritzeko (nabigatzaileak, posta elektronikoko programak ), Tresna orokorrak (Sistema eragileak, Interneteko datu-baseak, Interneteko bilatzaileak...), Irakaskuntza (matematika, zientziak ), Dokumentazioa eta Bestelakoak.
Berrikuntzen atalari dagokienez, berriz, Software Katalogoaren web-gunearen itxura guztiz aldatu da; interfaze moderno eta funtzionalagoa jarri zaio alde batetik, eta bestetik, ondorengo zerbitzu berriak gehitu dira:
- Produktuak jaitsi: produktu batzuk software katalogo bertatik jaisteko aukera dago orain. Gainera, erabiltzaileek gehien jaitsi dituzten softwareen zerrenda ere eskaintzen du.
- Behatokia: euskararen presentzia Interneten aztertzeko gunea izan nahi du honek. Atal honetan Interneten topatu daitezken dokumentu kopururen bilakaera lortu daiteke eta beste hizkuntzekin hainbat konparaketa ere eskaintzen ditu.
- Azken produktuen taula: katalogora gehitutako azkeneko produktuak modu erraz batean topatu daitezke.
- Azken berriak: euskarazko softwareekin lotuta dauden albisteak lortu daitezke hemen: martxan dauden proiektuak, ikastaroak, produkzio arazoak, ...
- Bilaketa aurreratuak egiteko aukera.
Datu-base honetan, software programa batzuk jaisteko aukera dago, baina software gehienen kasuan beraien ezaugarriak eta kontaktu-datuak eskaintzen ditu katalogoak: Eskuratzeko modua (CD, DVD, Diskete ), Salneurria, Plataforma (Windows 95/98 ), Memoria, Egilea, Banatzailea, Kontaktuzko posta-elektronikoa, Web-gunea, Jatorria, ISBN-ISSN, Merkaturatze-urtea, Bestelakoak eta Eguneratze-data.
Datu-baseari buruzko nahi adina iradokizun, gomendio edota informazio bidali ahal izango da honoko helbide elektroniko honetara: softkat@softkat.ueu.org
Erantzunak kargatzen...