Lagun batzuek gonbidatuta, asteburu hau Arnedillon izan gara, Errioxan. Eta benetan diotsuet, leku zoragarria da opor egun batzuk igarotzeko. Ireki berri dute behatoki bat saiak ikusteko, berak bakarrik mereziko lukeena.
Larunbat goizean abiatu ginen, euri artean. Santa Kurutze Kanpezun salda bero bat hartu eta aurrera, Calahorrara iritsi arte. Han, ateri. Erromatarren garaiko feria ikusi eta bazkaltzera, Casa Mateon. Denok eskatu genuen barazki menestra, eta asmatu. Zein gozoa! Gainerakoa ere maila berean jan genuen. Beraz, pozik irten ginen handik.
Dinosauroen ibilbidea
Zuzenean Arnedillora joan barik, Dinosauroen Ibilbidean sartu ginen, ikusteko narrasti izugarri haiek zer arrasto utzi zituzten inguru haietan orain 120 milioi bat urte.
Lehendabizi Los Cayoseko aztarnategira joan ginen, Cornagos herrian, hantxe baitago Errioxako aztarnategirik garrantzitsuena. Argazki batzuk egin eta Encisora, orain dela gutxi ireki duten bide berritik, mendietan zehar.
Enciso herrian ere aztarnategira joan ginen lehendabizi. Beribila parkinean utzi eta hurbildu ginen. Aztarnekin batera, poliesterrez egindako irudi itzelak: bronkiosauroak, iguanodonak, etab. Herrian apur bat ibili, kafe bat hartu eta Arnedillora.
Arnedillo
Arnedillon zain genituen lagunak. Beribila utzi, haiek agurtu, gauzak etxera eraman eta paseatzera. Joan ginen Cidacos ibaiaren pasealekura. Eta ikusi genuen zer nolako kalteak egin zituen urak joan den otsailean.
Arnedillon 24 ordu egin genituen, baina sei gauza aipatu nahi dizuet, atentzioa eman zigutenak:
Las Pozas bainulekua. Las Pozas hau dago Cidacos ibaian, herria eta bainuetxearen artean. Ur termalak irteten dira han, bero-beroak (40ºC), eta jendea edozein ordutan bainatzen da, doan. Larru gorritan edo bainu jantziarekin, egunez eta gauez ikusiko duzu jendea atsegin hartzen ur berotan.
Bainuetxea. Berrehun urte baino gehiago ditu Arnedilloko bainuetxeak, baina erabat berriztuta dago eta zerbitzu mordoa eskaintzen ditu, ura terapia bezala erabilita. Instalazioak ikusten ari ginela, Arrasateko senar-emazte batzuekin egin genuen topo. Bat ere ez harritzekoa, euskaldun asko joaten baita bainuetxera.
Las Pedrolas Ostatua. Herriko plazan dago, udaletxearen eta elizaren aurrean. Aspaldiko eraikina da, 1760an egin baitzen, baina 2002an bi lagunek erabat berriztu eta ostatu moduan prestatu zuten Hospedería Las Pedrolas izenarekin. Jabetariko bat, Ignacio Unda, euskalduna da, Gernikakoa. Eta berak erakutsi zigun ostatua. Txikia da, zortzi gela baino ez ditu, baina zoragarri dago berriztuta. Rusticae izeneko elkartean dago, biltzen dituena Espainiako hotel txikiak, nortasun handikoak. Tel.: 941 39 44 04.
Vinoteca jatetxea. Orain bizpahiru urte ardoteka ireki zuten Arnedillon, Errioxako ardoak eta hango jakiak saltzeko. Orain, ostera, jatetxea ireki dute ondoan. Igandean bazkaldu genuen han, ezin hobeto. Jaki finak eta ondo prestatuak. Eta edariak ere, Errioxakoen estiloan, onak. Tel.: 941 39 40 88.
La Encineta marmeladak. Pilar eta Rafa senar-emazteak gure lagunak dira eta orain dela gutxi hasi dira marmeladak egiten, etxeko eran. Zortzi bat mota egiten hasi dira, kristalezko ontzi txikietan. Las Pedrolas ostatuak marmelada horiek erabiltzen ditu gosarietan eta Ardotekak ere saltzen ditu. Guk probatzeko zortea izan dugu eta benetan gozoak dira, bereziki mandarinaz egindakoa. Tel.: 941 39 42 06.
Behatokia saiak ikusteko. Errioxako gobernuak harrobi zahar bat aprobetxatu du, Arnedillotik 500 bat metrora, behatoki bat egin eta inguruko arroiletan bizi diren saiak ikusteko. Jendea eraikin batean sartzen da eta han, jarrita, jarrai ditzake hainbat sairen gorabeherak, zuzenean. Horretarako telebista kamera potente bat ezarri zuten aurrez aurreko arroiletan, 360º mugitu eta harrobitik manipula daitekeena. Irudiak harrigarriak dira. Izan ere, kamera horrekin ikus daitezke zortzi bat habia, han bizi diren saiekin. Sai helduak eta saikumeak, lasai-lasai, habian, jakin barik begi asko dituztela begira, harri eta zur. Munduan horrelako beste bi behatoki omen daude: Kanadan eta Israelen. Gu iritsi aurretik National Geographic telebistakoak izan ziren, erreportaje bat egiten. Esan ziguten kamera horrek minutuko hamar argazki ateratzen dituela eta gorde. Gu, behintzat, harrituta irten ginen handik, inoiz ez dugu-eta horrelako irudirik ikusi. Oraingoz asteburuetan egoten da zabalik, 12:00etatik 14:00etara. Tel.: 941 39 42 26.
Arnedillok eta Cidacos haranak gauza asko eskaintzen dute, goian aipatutakoez gain: senderismoa, osteratxoak bidegorrian zehar (lehengo burdinbideak Arnedillo eta Calahorra lotzen ditu, 30 kilometro guztira), txirrindularitza
Oraindik ez baduzue erabaki nora joan Aste Santutan, hortxe duzue aukera polita. Euskal Herritik gertu dago eta merkea da. Ni, behintzat, itzultzeko asmoarekin etorri naiz. Argibide gehiago, hemen.
Erantzun
Sartu