Sustatu logoa Teknologia albisteak

Hamabi kazetari hil dira Iraken

Sustatu
2003-04-11 14:04

Irakeko gerrak iraungo balu Hegoekialdeko Asiakoak adina —eta hildakoen proportzioak konstante jarraituko balu— 4.368 kazetari hilgo lirateke han.

Irakeko gerra laburra izan liteke, baina han hildakoen kopurua izugarria da. Milaka soldadu irakiar eta ehunka zibil hil dira orain arte. Inbasio indarren artean kopuruak askoz ere txikiagoak dira, baina haziz doaz edonola ere. Eta zer esan kazetarien gainean? Hogeita hiru egunean 12 hil dira, inoiz ikusi den proportziorik handiena.

Hogeita bat urte igaro ziren 1954an frantsesek Indotxinako gerra galdu zutenetik 1975era, Vietnamgo gerra amaitu zen arte. Aldi hartan 63 kazetari hil ziren. Balkanetan, berriz, 1991 eta 1999a bitartean, 61 erori ziren. Ordea, inbasio indarrak Iraken sartu zirenetik orain hiru aste, 12 kazetari hil dira. Inoiz baino proportzio handiagoan.

Tim Rutten kazetariak egin ditu kalkulu hauek Los Angeles Times egunkarian. Egia da, dio, inoiz baino kazetari gehiago dabilela Irakeko frontean: 246 kazetari, txertatuak inbasio indarren artean; eta beste 185, beren kontura. “Vietnamen izan nintzenean, aldiz —dio David Halberstam Pulitzer saria irabazia duen kazetariak— asko jota bost edo sei gerra erreportari ibiliko ginen aldiko”.

Zergatik hainbeste hildako

Hainbat arrazoi ematen ditu kazetariak, azaltzeko zergatik hil diren hainbeste erreportari gerra honetan:

Inoiz baino arma hilkorragoak. Armak hobetuz doaz eta zenbat eta hobeak izan, hildako gehiago eragiten dituzte.

Etxez etxeko borroka. Etxez etxe borrokatzen denean, Basoran edo Nasiriyan bezala, arriskua askoz ere handiagoa da, batez ere kamerari eta argazkilarientzat, hauek aurre-aurrean egon beharra dute-eta, nahi badute ezer onik atera.

Enpresaren eskariak. Inoiz baino gehiago eskatzen zaie gerra erreportariei. Telebistek irudiak behar dituzte, kosta ahala kosta, eta presionatu egiten dituzte kamerariak arriskua har dezaten. Berdin gertatzen da argazkilariekin. “Londresen gaudela ikusten badugu zerbait interesgarririk telebistan —dio Horst Faas birritan Pulitzer saria irabazi duen argazkilarien buruak—, telefonoa hartu, deitu hurbilen dabilen argazkilariari eta eskatzen diogu hara joan dadin argazkiak ateratzera. Komunikazioek erabat aldatu dituzte gauzak, frontean bezala etxean”.

Lagunen erasoa. Askotan lubakiaren bestaldean dagoenak barik, zure aldekoak hil zaitzake. Hori askotan gertatu da Iraken. Horrelakoetan soldaduen artean txertaturik joan diren kazetariek pairatu dituzte ondorioak.

Gerra erreportari euskaldunak

Gutxienez hiru kazetari euskaldun dabiltza Iraken inguruan, euskaraz lan egiten. Joseba Iriondo Bagdaden dago, Palestine Hotelean, eta handik bidaltzen ditu kronikak, Euskal Irrati Telebistarentzat.

Bagdaden bertan dabil Jabier Barandiaran. Honek artikuluak idazten ditu Eguneron eta noiz behinka hitz egiten du Euskadi Irratian ere.

Bagdadetik kanpo, bestalde, lehendabizi Turkiako Kurdistanen eta gero Jordanian, Andoni Arratibel dabil, ETBko kazetaria.

Hirurei zorterik onena opa diegu.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu