Apirilaren 10etik 13ra Egia Kultur Etxean egongo da, arratsaldeko 20:00etatik aurrera 12 de septiembre emanaldiarekin.
Arrazoi ezberdinak direla medio, gaur eguerdian Donostian Leo Bassi-k eman beharreko prentsaurrekoan egon naiz. Argazkilari asko atarian, baina prentsaurrekoaren jarraipena hiru kazetarik eta telebista kamera batek egin dute. Nik ere egin dut nire kronikatxoa.
Gauza interesgarriak entzutzen ari nintzen eta, derrepentean, atera dut nire koadernotxoa eta zenbait apunte hartzen egon naiz. Apunteak hartu aurretik, oso gauza interesgarriak esan ditu italiar nazionalitatea duen bufoi honek. Bere familiako sei edo zazpi generazio ibili omen dira zirkoaren inguruan. 12 de septiembre hau omen du bere espektakulurik politikoena eta adierazi du nola aldatu den publikoaren jarrera espektakulu hau Madrilen duela hiruzpalau hilabete estreinatu zuenetik. Nork aldatu du jarrera hori? Gerrak.
Lehenengo apunteak dio: Club de la Comedia eta antzeko programen kontra nago. Soziologoek neurrira eginiko saioak dira. Ez du zerikusirik antzerkiarekin, honek zuzena izan behar baitu.
Telebista: Espektakulu honekin nire bufoi-izpiritua bizirik mantendu nahi dut. Telebistatik aldegin nuen, bertara lanera ez bueltatzeko asmoz, elkarrizketak emateko ez bada behintzat. Bildurra diot telebistari, esponsorren indarrari. Babesle hauek, dirua jartzen dutenez, nahi duten telebista-saio mota aukera dezakete. Zentsura izugarria dago.
Are gehiago, zentsurarik gabeko eta saio kulturalez betetako telebista ere, kaka zaharra izango litzateke. Zergatik? Jendea etxean geratzea gustatzen ez zaidalako. Niri gustatzen zaidana jendea espektakuluak ikustera joatea da. Hori baita bizitzearen saltsa.
Ez dut ulertzen nola jendeak pasa dezakeen lau ordu egunero telebistaren aurrean. Hori omen da media. Edo ordenagailuaren aurrean. Pantaila baten aurrean joaten zaigu bizitza. Erotzen ari gara.
Prentsaurrekoaren hasieran Donostiara eta Euskal Herria etortzea asko gustatzen zaiola-eta (indar telurikoa omen dugu bertakoek Bassiren hitzetan), kazetari batek hemen ere terrorismoa dagoela aipatu dio. Hona hemen erantzuna:
Terrorismoaren kontra nago erabat. Independentzia kulturala eta sustraien aldeko borroka zuzena da, baina hemen ez da beharrezkoa bonbak jartzea. Ez dakit gauza berak balio ote duen Gazan, esate baterako, tanke bat zuregana datorrenean.
Terrorismoa dela eta, kazetari berak Europarekin konparatuta Euskal Herriaren atzerapena aipatu dio: Euskal arimaren barruan dagoen kontu bat izango da. Askotan etorri naiz hona, baina hiruzpalau egun pasatzera. Beraz, ezin dut analizatu. Agian frankismoaren garaiak hartu beharko dira kontutan. Egoera berdintsua dago Irlandan.
Bufoia: Bufoia naiz, gizakian sinesten dudalako, etorkizunean sinisten dudalako. Bestela, nire bizimodua tragikoa litzateke. Etorkizun oparoago baten aldeko itxaropena daukat.
Mecca-cola eta publizitatea: Jarraituko dut mecca-cola saltzen. Dirudienez gaurko El País egunkariaren kontrazalean dator enpresa honi buruzko artikulua. Duela zenbait hilabete deskubritu nuen mecca-cola".
Publizistak mertzenarioak dira eta hori gorrotatzen dut nik. Normalean, jende inteligentea da eta bere jakinduria burges eta merkatarien esku uzten du. Zinikoa da.
Hala ere, ni ere publizista izan naiteke, mecca-cola produktu honetan sinisten dudalako. Oso ideia ona da, zeren eta horrelako produktuekin jende gaztea kontzientzia dezakegu. Enpresari tunisiar baten ideia da: amerikar produktuei boikota egiteko asmoa zuen gizon honek, baina bere seme-alabek cola edariak hartu nahi zituzten eta ez zegoen beste markarik merkatuan. Horrela hasi zen bera. Gaur egunean merkatu handia du Frantzian (gogoratu sei edo zazpi milioi arabiar dagoela bertan) eta Espainian ere eros daiteke. Adibidez, Oviedotik nator ni: 4800 botila saldu dizkiot bertako alderdi komunistari errepublika eguna eta maiatzaren lehena eguneko jaietarako.
Produktu honekin lortutako mozkinen % 10a palestinarrei zuzenduta dago eta beste % 10a herri arabiarretan lanean ari diren GKE europarrentzat. Gainera, ez da honetan bakarrik geratuko, beste zenbait produktu bultzatzeko asmoa baitu. Eta horrelako iniziatibek min handia egiten diete enpresa amerikarrei.
Gogoratu, apirilaren 10etik 13ra, Donostiako Egia Kultur Etxean. Gaur, apirilaren 10ean, Teledonosti-ko Keridos Monstruos saioan
Erantzun
Sartu