Aurten ere Andoaingo Udalak, Euskararen Normalkuntzarako Batzordearen eskutik, Rikardo Arregi Kazetaritza Sariaren deialdia egin du. Azken urteetan bezala, bi izango dira sariak: bata, Sari Nagusia; bestea, Kazetari Berria deiturikoa.
Bi izango dira sariak: bata, Sari Nagusia, Xabier Laka eskultorearen garaikurraz eta 6.000 euroz hornitua; bestea, Kazetari Berria deiturikoa, garaikur eta 2.400 euro garbiz saritua. Sarira aurkez daitezkeen lanak 2002eko maiatzaren 16tik 2003ko maiatzaren 15era bitartean prentsa idatzian edo irrati eta telebistetan plazaratutako artikulu, erreportaje, informazio-programa, magazin eta abarrak dira.
Lanak aurkezteko epea maiatzaren 25ean amaituko da. Lan bakoitzeko seina kopia igorri behar dira Andoaingo Udaletxeko Euskara Zerbitzura (Goikoplaza, zg.. 20.140 Andoain).
Epaimahaia osatzen dute:
Sari nagusia eskuratzeko epaimahaiak berak proposa ditzake hautagaiak. Kazetari Berriaren atalean, ordea, nahitaezkoa da lanak sarira aurkeztea. Sari banaketa ekitaldia ekainaren 28an izango da eguerdian Andoaingo Udalean.
Iaz Gaztetxulo aldizkariak jaso zuen Sari Nagusia. Kazetari Berriaren Saria, berriz, Jon Benito Aranberriri eman zitzaion Gara egunkariko Gazte Algara atalean argitaratutako artikuluengatik.
Asko izan dira saritutakoak 1989az geroztik: Andoni Egaña, Eta Kitto kolektiboa, Aingeru Epaltza, Joxean Agirre, Antton Olariaga, Jon Andueza, Ramon Saizarbitoria, Juan Luis Zabala, Mertxe Larrañaga, Ttittika Recalt, Jakes Goikoetxea, Ttipi-ttapa eta Entzun! aldizkariak, Garikoitz Berasaluze, Mikel Atxaga, Ainhoa Oiartzabal, Bertatik Bertara saioa eta abar luze bat...genero, estilo, ahots ezberdinak.
Euskaraz egindako kazetaritzan Ohorezko Aipamenak ere egin dira: azkena, Ipar Ameriketan landutako euskarazko kazetaritzari egin zitzaion. Baina izan dira beste batzuk ere: Herri Irratiak (Donostia-Loiola) burututako lanari, Martin Ugalderi, Gerra garaiko kazetariei, Eskualduna/Herria aldizkariei...
Urtez urte gorpuzten joan da Rikardo Arregi Kazetaritza Saria. Euskarazko kazetaritzaren kalitatea, bikaintasuna eta berrikuntza bultzatzea dira, Andoaingo kazetari gaztearen izena daraman sariaren xedea. Hala izatekotan, ordea, elikatu egin behar da saria, eta hori egiteko sasoia iritsi zaigu aurten ere!
Erantzun
Sartu