Sustatu logoa Teknologia albisteak

Jorge Oteiza handia hil da

Sustatu - Sustatu
2003-04-09 11:04

Euskal Herriak inoiz eman duen eskultorerik handienetako bat da Oteiza, eta bere obra oso ezaguna da atzerrian ere.

Hil kapera Zarautzen jarri dute. Dagoeneko Musika Jauregian dago gorpua. Egun osoan eta gau osoan egongo da zabalik hil kapera. Alzuza alboko Egues elizan egingo dute hileta elizkizuna goizeko 11:00etan, bihar.

Hogeigarren mendean izan dugun artistarik handienetakoa makaltzen joan da, gutxiago jaten, edaten, itzaltzen. koman sartu da. Lo egiten balego moduan egin du azken arnasa, sufritu gabe.

Donostiako poliklinikan hil da, goizeko 7:15ean. Bihotza geratu zaio Oteizari. Orain 2-3 urte mokorra apurtu zitzaionetik beherakada handia izan du eta azken bi hilabete pasa egin ditu ospitalean. Zubillaga doktoreak eta Arraizak prentsa aurreko bat eskainiko dute goizaren buruan.

Jenio biziko sortzailea, nortasun handi eta izaera bizikoa. Autore handienei gertatu ohi zaien moduan, gaizki ulertua edo ezulertua izan da urte askotan bere obra, haietan metafisikaraino egiten baitu bidaia sortzaile oriotarrak; denbora, espazioa, Jaungoikoa, Ezereza... Hil eta gero gehien entzungo diren hitzak.

Oteizaren proposamen estetikoak zerikusi handia izan du euskal kulturaren modernizazioarekin, eta haren ekarpenak, bereziki eskulturaren alorrean, garrantzi handikoak izan dira oso. Poesiaren alorra ere dezente landu du, eta haietan ere nabarmen ageri da bere nortasun berezi eta izaera indartsua. Hala ere, bere eskulturak dira ospetsu bihurtu dutenak. Oteizak ez zuen ohiko eskultura figuratiborik egiten; harriak hustu egiten zituen Oteizak. Hutsuneak betetzen duen lekua, eskulturaren baitako hutsuneak du garrantzia haren obran.

Bere fundazioaren gainean interes ezberdinak daude eta asko eta asko entzungo da oraingo egunetan. Sustatun bertan ere hitza zabaltzen da irakurleok Oteizaren gainean berba egin dezazuen.

Egindako lanak:

Arantzazu, Buitrago, Paseo berriko marko berria, San Bizente parrokiakoa... Eskulturaz gain, lehendabizi berarengan pentsamendua ikusi behar dugu. Berezia eta azkarra. Horri esker dauzkagu eskulturez gain idatzizko obrak ere. Poesia ere landu zuen Oteizak. Mundu oso bat erakutsi du. Edozein gora beherari buruzko kezkei erantzuna topatzeko pentsamendu landua. Herri askotan daude berak egindako artelan asko. Ezezagunak askotan, baina ezagunago egitea merezi dutenak eta egingo direnak. 94 urtetan lan asko egindakoa da. Hutsuneen bilaketan denbora eman duena. Burugogorra dela makina bat bider entzun dugu joan den mendean Euskal Herrian izan dugun artegile garrantzitsuenari. Eskulturarekin lanean hasi, politikarekin konpremetitu eta beti probokatzaile izan. Guggenheim museoan hankarik sartu ez duen gizona dela esan izan da, baina azkenean sartu ere sartu zen museoan. Hori bai, Guggenheim erretzearen aldeko ere agertu zen. Erremin handia zuen museo izugarri horrekiko. Lan metafisikoa, filosofikoa eta esperimentala.

Bere lanetan entzutetsuena seguruenik Arantzazukoa izango da. Zentsoreen trabak pasatzen lanak izan zituen 50. urte haietan. Hala ere, Francisco Javier Saenz de Oiza arkitektoarekin batera eta 18 urteko geldialdia jasan eta gero hor geratu da Oteizaren lan garrantzitsua ikusgai.

Beste lan garrantzitsu bat "hutsunearen eraikuntza", Haizeen orraziaren ondoko paseoan dagoena.

Besarkada

Euskaldun askok gogoan dugu Chillidak eta berak elkar besarkatu zuenekoa. 1997an izan zen. Oso esanguratsua 40 urte inguruan ez ziren eta oso lagun izan.

Antzuzako museoa ikusi gabe joan da Oteiza.

Oteiza: 1908-2003

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu