Txolarre Irratia egoera ekonomiko larrian aurkitzen dela eta sinadurak biltzeari ekin dio. Dirulaguntzarik ematen ez dioten udaletxeei hiritar bakoitzeko euro bat baino ez die eskatzen Txolarrek aurrera jarraitu ahal izateko. Wegunetik ere lagundu daiteke.
Sinadurak ohiko bideetatik bilduko dira, baina
Txolarre Irratiaren weborrian ere izeneman daiteke, Txolarreren garrantziaz jabetu eta diruz laguntzeko konpromisoa hartzea eskatuko zaie sinadura hauekin Tolosaldeko udaletxeei.
Hona hemen zer dioen agiriak:
2000. urteko abenduan abiatu zen Txolarre Irratia. Lehenagotik ordea, beharrezkoa izan zen, gure eskualdeko herritar talde batek hausnarketa egin eta irratia martxan jartzeko konpromisoa agertzea. Halaxe egin zuten eta halaxe jaio zen Tolosaldeko euskarazko irratia. Hasiera hasieratik finkatu zituzten zeintzuk izango ziren proiektuaren oinarriak. Txolarrek gure eskualdearekiko konpromisoa agertuko zuen:
- Konpromisoa Tolosaldean euskara normalizatzeko;
- Konpromisoa eskualdeko informazioa independentziaz eta zintzotasunez emateko;
- Konpromisoa azken batean, herritarrentzat kalitatezko irrati bat egiteko.
Bi urte t´erdiko ibilbidean gainera, konpromiso horiekin bat egin duten herritar asko hurbildu zaizkigu Txolarre Irratira. Eurek jarri diote ahotsa Tolosaldeari, hasiera hasieratik egitasmo honen izaera herrikoia berretsiz.
Eta ez bakarrik, irratiari ahotsa jarriz; Herritarrek Txolarrek aurrera jarraitzeko konpromisoa agertu dute, gure diru iturri izan diren ekimenetan parte hartuz, irratian publizitatea jarriz edota bazkide eginaz. Horiek dira, hain zuzen, gure bi diru iturri nagusi, baina bada beste bat ere: Andoaindik hasi eta Legorretara bitarteko 30 udaletetan eskatzen ditugun diru laguntzak.
Aurten, eta eskualdeko hainbat udalek hala eskatuta TOLOSALDEKO HITZA egunkariarekin eta GALTZAUNDI aldizkariarekin eskatu ditugu diru laguntzak. Txolarrek biztanleko euro bat baino ez du eskatu. Oraindik ere, ez dakigu zein den hainbat udalen erantzuna. Ez dugu, ordea, zain egoteko denbora gehiegi, proiektuaren beraren bizi iraupena jokoan baitago. Txolarren bizi dugun egoera ekonomiko larriak, ondorengo egoeran utzi gaitu:
- Irratiko bi langileen soldatak ordaintzeko ezintasuna.
- Irratiaren eguneroko funtzionamendurako beharrezkoak diren hainbat azpiegitura falta.
- 6000 euro inguruko zorra.
- Eta hori gutxi balitz, irratia eskualde osoan behar den kalitatez entzun dadin inbertsio berriak egiteko ezintasuna.
Beraz, Txolarre Irratiak behar beharrezkoa du ahalik eta azkarren udalen diru laguntza hori eskuratzea. Urteotan herritarrek agertu duten konpromiso maila bera eskatzen diegu, orain arte borondate hori agertu ez duten Udalei: Tolosa, Asteasu, Alegia, Abaltzisketa, Albiztur, Amezketa, Berastegi, Berrobi, Bidegoian, Gaztelu, Ikaztegieta, Legorreta, Orendain eta Amasa-Villabona. Tolosaldeko herritarrek egindako eskaera da.
Erantzun
Sartu