Forbes aldizkari amerikarrak 25 blog onenak aukeratu ditu, bost sailetan banatuta. Sustatun denak aurkeztuko dizkizuegu.
Blogak boladan daude, berau izango baita azken urtean gehien zabaltzen ari den komunikazio bidea. Hori dela eta, Forbes aldizkari ekonomikoak ehunka blog edo weblog aztertu ditu eta hogeita bost onenak aukeratu, bost sailetan banatuta.
Teknologia blogak
Hasieran teknologia zuten gai nagusi blog gehienek. Jendea eroso sentitu zen arte blogarekin eta honek behar zuen teknologiarekin. Dena dela, oraindik ere indar handia dute teknologiaren gaineko blogek. Hauek aukeratu ditu aldizkariak onenen artean:
- Slashdot. 1997an sortu zuten Rob Maldak eta Jeff Bates-ek, teknofiloen premiak asetzeko. Sekulako arrakasta izan du. Webgune batek Slashdoten arreta bereganatzen duenean, zerbitzariek dar-dar egiten dute, atzetik bisita mordoa etorriko zaie eta. Edozeinek bidal dezake albiste bat, nahiz eta gutxi batzuei argitaratu. Gaur egun gune hau unitate bat gehiago da Linux garatzen duen VA Software enpresan.
- Tech dirt Mike Masnick-ek sortu zuen 1997an, Intel utzi eta gero. Teknologia berrien gaineko informazioa eta txutxumutxuak aurki daitezke hemen. Blogaren inguruan enpresa bat sortu du, Techdirt Corporate Intelligence, aholkularitza eskaintzen duena. Baten batek esan zuen programatzaileek Slashdot irakurtzen duten bitartean, haien nagusiak Techdirt irakurtzen dutela.
- Kuro5hin Rusty Foster-ek sortu zuen eta izen horrek errekuntza-edo esan nahi du. Teknologia abiapuntua du, baina Slashdot-ek baino askoz ere gai zabalagoak lantzen ditu. Behin, ixteko arriskuan izan zen, gastuak 70.000 dolarretik gora joan zitzaizkionean. Hala ere, lau egunean irakurleek 42.000 dolar helarazi zizkioten. Orain erregistratu nahi du irabaz asmorik gabeko korporazio moduan. Sustatuk lotura zuzena eskaintzen du hara.
- Gizmodo Peter Rojas eta Nick Denton kazetariek sortu zuten orain bi urte. Interesik baduzue aparailuetan (PDAk, sakelako telefonoak, kamera digitalak
), hauxe duzue aukerako bloga.
- Reiters Alan Reiter teknofiloak egiten du. Gustatzen zaio hitz egitea haririk gabeko teknologien gainean, eta horretaz idazten du hemen, batez ere Wi-Fi eta haririk gabeko bizioen gainean, alegia pornoaz eta telefono bidezko jokoaz.
Komunikazio blogak
Komunikazioa blogen bihotzean dago. Horixe dira estekak, blog guztietan agertzen direnak, loturak beste nonbatekin komunikatzeko. Hala ere, blogek badute beste osagai bat, izugarri aberasten dutenak: iruzkina eta kritika. Ondoko hauek hedabideak dute gai nagusi.
- MetaFilter Matt Haughey-k sortu zuen eta gaur egun 17.000 harpidedun ditu. Hilean bi milioi orrialde zerbitzatzen ditu. Denetik lantzen du eta apenas du gasturik. Iaz irakurleek eman zioten 3.000 dolar, zerbitzari berria erosteko.
- Blogcritics.org Eric Olsenek 217 erreportari ditu, doan lan egiten diotenak. Denetaz idazten dute, musikaz, liburuez, zineaz, pop kulturaz eta teknologiaz, egunero 20 bat artikulu. Publizitatea oraintxe hasi da dirua ematen. Bisitari asko.
- iwantmedia Patrick Phillips-ek sortu zuen 1999an eta denetik lantzen du, hedabideen inguruan: albisteak, txutxumutxuak eta industriaren gorabeherak. Harpidedunek posta elektronikoz jasotzen dute informazioa. Badu publizitaterik.
- Gawker Nick Dentonek eta Elizabeth Spiers-ek egiten dute, New Yorken gertatzen diren txutxumutxuen gainean. 2002ko abenduan ireki zen eta dagoeneko bereganatu du interesa New Yorkeko hainbat egunkaritan.
- Romenesko Jim Romeneskok sortu zuen, nahiz eta gaur egun Floridako Poynter Institutuak argitaratu. Oso ezaguna da kazetarien artean, hortxe agertzen baitira bizibide horri dagozkion azken berriak.
Ekonomia blogak
Ekonomilarien artean ere, zenbat buru, hainbat aburu. Horregatik ugalduko ziren blogak alor honetan. Hemen aukeratutakoek batez ere arazo makroekonomikoak lantzen dituzte.
- EconLog Arnold Kling-ek egiten du, betetzeko hutsune bat hedabideek uzten dutena gai hauek lantzerakoan. Hemen idatzi eta institutuan irakatsi, horixe egiten du gaur egun, enpresa pribatuan aberastu eta gero.
- ArgMax John Irons-i beti gustatu izan zaio begirik kendu gabe jarraitzea azken albiste ekonomikoak. Hainbeste, non programa bat diseinatu duen azken orduko informazio ekonomikoa jasotzeko. Iazko martxoan ireki zuen bloga eta dagoeneko baditu hainbat jarraitzaile.
- The Knowledge Problem Lynne Kiesling kazetariak egiten du, batez ere ondo aztertzeko energiaren merkatuak: petrolioa, hidrogenoa eta argindarra.
- Winterspeak.com Zimran Ahmed ikasleak egiten du, batik bat sarean elkar eragiteko ni kontrata nazakeen jendearekin, dio berak. IBMk lan bat eskaini dio ikasketak bukatzen dituenerako.
- Institutional Economics Steven Kirchner ikasleak sortu du aurten Hego Galesko Unibertsitatean, Australian. Urtean 400 dolar ordaintzen du, ostaturako, eta hori ordaintzeko, publizitatea jartzen du.
Gerrako blogak
Hauen berri zabalagoa joan den astean eman genuen, Sustatun, baina orain ikusiko dugu zer aukeratu duen Forbes aldizkariak.
- DailyKOS edo bestela esanda, eguneroko kaosa. Markos Moulitsas Zuñigak egiten du, El Salvadorren jaiotako amerikar batek. 200 dolarreko gastuak ditu gune honekin, baina ez du sartzen publizitaterik. Berak dio 10.000 irakurle dituela egunero.
- Back to Irak Joan den astean eman genizuen Chris Allbritton-en berri. Dagoeneko Turkiako Kurdistanen dago, Iraken aldera noiz pasatuko zain. Martxoaren 18an 15.000 bat lagun sartu ziren bere blogean.
- Tacitus hau gerraren alde dago, baina beldur da hori aitortzeko bere izen-deiturekin, bere inguruan gerraren kontrakoak baitira nagusi. Horregatik erabiltzen du Tacitus Cornelius historialari erromatarraren izena berea izkutatzeko. Ez daki zenbat irakurle dituen, baina badaki erantzunak izugarri ugaldu direla: hasieran pare bat jasotzen bazituen, gaur egun 125 inguru.
- Where is Raed? Blog hau Salam Pax bagdadarrak egiten du, nahiz eta martxoaren 24a ezkero ixilik dagoen. Egun gutxian oso ezaguna egin zen mundu osoan, Bagdadetik irteten zen ahots independente bakarra zelako.
- VodkaPundit Stephen Green disko jotzailea zen irrati batean, hemen hasi aurretik. Gerraren aldekoa da eta egunero 18.000 bisitari erakartzen ditu.
Famatuen blogak
Nola ez bada, aktoreak eta abeslariak ere hasi dira blogak egiten, eta batzuk itxura onekoak, dena esan behar bada. Zuek uste duzue Alberto Iñurrategiren blogak, adibidez, ez lukeela jarraitzailerik izango euskaldunen artean?
- Wil Wheaton Aktorea da Wil Wheaton, behin Star Trek: The Next Generation filmean lan egin zuena. 2001ean hasi zuen bloga eta ia egunero sartzen du zerbait. Martxoan bakarrik hiru milioi orrialde zerbitzatu zituen. Beraz, jende mordoa sartzen da hemen.
- Moby Musikagile, barazkijale eta animalien aldekoa. Horra hor Moby. Beti idazten, bere zaleak pozik izan daitezen.
- William Gibson Hona hemen William Gibson, ziberespazio hitza asmatu zuen gizona. Bera ere blog bat egiten hasi zen urtarrila ezkero. Harrituta dago nola zabaldu den bloga Irakeko Gerraren magalean. Orain idazten ari da, baina hurrengo eleberriarekin hasten denean, uste du aldi batez baztertu egingo duela bloga.
- Barbra Streisand Bera da sorta honetan famatuena, garai batean aktore, abeslari, zuzendari eta aktibista liberal izan zena. Bere jarraitzaileek, eta ikusi ezin dutenek ere, nahiko bazka izango dute gune honetan.
- Dave Barry Umoregile amerikar honek egunean 8.000 bisita jasotzen ditu. Gunea txistez josita dago, eta umore amerikarrez.
Hiztegi txiki bat, blogak hobeto ulertzeko
Weblogak edo blogak ugaltzen ari dira perretxikoak bezala. Euskaraz ere baditugu hainbat, Sustatu hau bezala, Aurrera.net egunkariaren aldekoa edo Sarean.com, Jabi Zabalak oraindik orain ireki duen blog pertsonala.
Zabalkunde horrekin batera terminologia berria hedatzen ari da, batez ere ingelesez. Hona hemen zenbait adibide:
- Blog. Webloga edo bloga gauza bera dira. Bitakora kaieren antzekoak. Batzuetan, Sustatun bezala, albisteak eskaintzen ditu. Beste batzuetan, aldiz, egunerokoak idazteko balio dute. Artikulu gehienek loturak eskaintzen dituzte Interneteko beste webgune batzuekin, eta honek beste modu bat sortzen du albistea irakurtzeko. Jeneralean, gainera, albiste edo artikulu berrienak goiko aldean eskegitzen dira, eta aukera ematen dute erantzuteko, edo iruzkinak egiteko. Kazetaritza modu berria sortu da blogen inguruan, orain artekoa baino askoz ere dinamikoagoa eta irekiagoa.
- Blogger. Blogegilea. Jeneralean kazetariak edo erreportariak izaten dira, freelancer moduan dabiltzanak askotan. Baina izan daitezke herritar arruntak, idazteko grina bai, baina lotsarik ez dutenak. Jabi Zabala edo Salam Pax, esate baterako, blogegileak dira.
- Bloggerville. Blogegileen hiria, norbera mundu honetan sartzen denean aurkitzen duen jendea, giroa eta produktuak.
- Blogging. Blogak egitea, blogintza. Edozeinek egin lezake, etxetik, frontetik edo hotel batetik. Horretarako software berezi bat beharko du, ostatu bat bloga ezartzeko eta lotura seguru bat Internetekin.
- Blogosphere. Bloggerville hitzaren zentzu berdina du, nahiz eta blogosferak zabalagoa ematen duen.
- Econoblogger. Blogegile bat, ekonomiaz idazten duena. Berdin osa litezke warblogger, mediablogger, edo celeblogger, hitzak, adierazteko blogegileak idazten dutenak gerraz, komunikazioaz edo txutxumutxuen gainean.
- Photoblogging. Kevin Sites erreportariak, gorago aipatu duguna, hitz hau erabiltzen du bere blogean jartzen dituen argazkiekin. Azken batean da argazkiak ateratzea blogean argitaratzeko.
- Warblog. Gerrako bloga. Blog bereziak dira, gai bakarra-ia Irakeko gerra dutelako. Izan daitezke pertsonalak edo taldetan eginak.
Erantzun
Sartu