Sustatu logoa Teknologia albisteak

Euskaltel eta Elhuyar Fundazioa, euskara normalizatzeko elkarlanean

Euskaltelek –EAEko operadore global nagusia– hizkuntz aholkularitzako hitzarmena sinatu du Elhuyar Fundazioarekin. Urte bukaera arte iraungo du akordioak. Honako eginkizun hauek izango ditu Elhuyar Fundazioak tarte horretan: itzulpen teknikoak egiten lagunduko dio Euskalteli, terminologia finkatzeko eta egokitzeko aholkularitza eskainiko dio eta, azkenik, Telekomunikazio Hiztegia egingo du.

Elhuyar Fundazioa

Elhuyar 1972an jaio zen, honako helburu honekin: zientzia eta euskara elkarrekin uztartzea. Hasierako helburu hari jarraiki, pauso garrantzitsu bat eman berri du: Elhuyar Fundazioa sortu du. Hauxe da Elhuyar Fundazioaren xedea: zientzia eta teknologiaren esparruan, dibulgazio, sustapen, ikerketa, garapen eta berrikuntza-jarduerak sustatzea, euskaraz betiere.

Euskaltel

Bestalde, bosgarren urteurrena du aurten Euskaltelek. Nazioarteko erreferentzia bihurtu da bost urte hauen buruan Euskal Telekomunikazio Operadorea: % 40ko merkatu-kuota bereganatu du Euskadin (mundu osoan % 10ekoa izaten da, batez beste, bigarren operadoreen kuota). Euskal enpresa izaki, euskararen normalkuntzan lagundu nahi du Euskaltelek, baita euskal kultura lau haizeetara zabaldu ere. Horrexegatik, hain justu, izenpetu du hitzarmena ELHUYARrekin.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu