Ez dago zalantzarik: komunikazioaren ikuspegitik fenomenorik harrigarriena bihurtu dira blogak Golkoko II. Gerra honetan. Nonahi agertzen ari dira eta ikuspegi freskoa eskaintzen dute.
Sustatun bertan esan genizuen joan den astean jendea gero eta blog gehiago ari zela egiten eta irakurtzen, sarean idazten diren eguneroko kronikak. Orduko hartan jarri genizuen adibide gisa Salam Pax seguruenik Bagdaden bizi den hiritar batek egiten zuena. Martxoaren 24a ezkero isilik dago Salam Pax, eta galdu egin dugu Bagdad barrutik iristen zitzaigun bertako ahots bakarra.
Hala ere, Salam Pax ez da adibide bakarra blogintzan. Izan ere, Irakeko inbasioa hasi zenetik, perretxikoak bezala ugaldu dira blogak. Bi gauza egiten omen ditu erakargarri, adituen iritziz: informazio bilatzaile amorratuei eskaintzen die jatorri guztietako informazioa; jendeak, bestalde, informazio pertsonalagoa bilatzen du, haratago joango dena hedabide handiek eskaintzen duten formula aseptikoetatik.
Gerra hau dela eta, sailkapen bat egin dizuegu, ikus dezazuen nolako blogak hedatzen ari diren sarean. Eta bukaeran hiztegi txikitxo bat ekarri, hobeto ulertzeko blogen esparru berri hau.
Blog pertsonalak
- Sean-Paul Kelly-k The Agonist bloga egiten du, San Antonion, Texasen. Pentsatu nuen hedabideak ez zebiltzala ondo eta erabakia hartu nuen nik neure bloga egiteko. Sartzen dut handik eta hemendik hartutako informazioa, eta jendeak bidalitakoa, denetik. Eta jendeak, mezu mordoa bildaltzen dizkio, The Agonist bihurtu baita blogik irakurrienetako bat gerra honen inguruan. Ia-ia unez-uneko jarraipena egiten dio gerrari. Tartean sartzen ditu adierazpenak, jendeak bidalitako argazkiak, mezuak, etab.
- Christopher Albritton erreportariak egiten du Back to Irak, 2.0 bloga, garai batean AP agentziako eta New York Daily News egunkariko erreportaria izan zenak. Iragan udan Irakeko Kurdistanen izan zen, informazio bila. Orain harantz abiatu da berriro, handik bloga egiteko asmotan. Eta horretarako diru laguntzak eskatu ditu, bidaia eta egonaldia ordaintzeko. Dagoeneko 10.318 dolar jaso ditu eta herenegun Ankaratik idatzi zuen, Turkiatik. Dagoeneko, baina, aurkitu du nork pasatuko duen beste aldera, 1.000 dolarren truke. Interneteko gerra erreportaritzat du bere burua. Martxoaren 24an esan zuen harremanetan zela Salam Paxekin eta egin nahi ziola elkarrizketa bat, baldin eta Bagdaderaino iristerik bazuen.
- Hemen duzue, Instapundit.com blogean beste blog mordoa ikusgai, hauek ere gerraren ingurukoak. Glenn Reynolds-ek egiten du eta gerra hasi zenetik 200.000 bisita jaso ditu egunero blogean.
- Kevin Sites erreportari bat da, CNN telebista katearentzat lan egiten duena. Telebistako lanaz gain, bere bloga sortu zuen, Kevin Sites, non kontatzen baitzituen Irakeko Kurdistanen bizi izan zituen bestelako esperientziak. Irakurle asko bereganatu omen zituen denbora gutxian, baina CNNk jakin zuenean, agindu zion ez segitzeko. Martxoaren 21ean argitaratu zuen azken kronika. Argi dago zenbait hedabide handik ez dutela nahi zuzenean kontrolatu ezin duten produkturik.
Taldean egindako gerrako blogak
- Badira taldean egindako gerrako blogak, The Command Post adibidez. Diotenez, blogegile talde batek egiten du, informazioa etengabe eguneratzen. Ostiralean, adibidez, bost minutuan informazioa jaso zuten AP, Reuters, Iraqui News agentzietatik hartuak, Kathimerini Greziako egunkari batetik, The Washington Post eta Outside the Beltway blogetik. Askorentzat, errazagoa da informazioa hemen biltzea, eta bizkorragoa, Periodista Digitalen baino, esate baterako.
- Beste iturri bat da Warblogs izeneko bloga, non batzen diren zazpi blogen lanak, denak gerraren ingurukoak.
Eskuinekoak
- Zibilak ezezik, militarrak ere hasi dira blogak egiten, erakusteko nola bizi duten gerra barrutik. Lotinant amerikar honek L.T. Smash: Live from the Sandbox egin du, zuzenean hondarretik, berak dioen bezala. Noski, hemen ere ikuspegia oso pertsonala da, baina militarren parafernalia guztiekin. Amerikar abertzaletasuna, goraka.
Ezkerrekoak
- Badira ezkerreko blogak ere, Talk Left bezala, non lotura ugari ematen diren ezkerreko blogekin bat egiteko. Blog hau oso lotuta dago AEBetako alderdi demokratarekin. Hortxe aurki ditzakezue aspaldiko Gary Hart senatari ohiaren iritziak, adibidez.
Blogak egunkarietan
Zenbait hedabide handi konturatu dira blogen garrantziaz eta, esperimentu gisa beharbada, leku bat egin diete gerra hasi aurretik. Adibide bi:
- Seattle Post-Intelligencer egunkari amerikarrak blog bat sortu zuen, bere hainbat kazetariren esperientziak argitaratzeko. M.L. Lyke erreportariak, adibidez, ia martxo osoa iragan zuen Golkoko Itsasoan, USS Abraham Lincoln hegazkin-ontziaren gainean, eta handik bidali ditu egunerkoko kronikak.
- BBC News albistariak ere blog bat antolatu zuen gerra hasi zenetik. Horretarako erabiltzen ditu Ekialde Hurbilean eta munduan zehar dituen berriemaileak. Oso irakurterraza egiten da, estilo zuzenean eta motzean idatzita baitago, bizpahiru paragrafotan gehienetan.
Hiztegi txiki bat, blogak hobeto ulertzeko
Weblogak edo blogak ugaltzen ari dira perretxikoak bezala. Euskaraz ere baditugu hainbat, Sustatu hau bezala, Aurrera.net, egunkariaren aldekoa edo Sarean.com, Jabi Zabalak oraindik orain ireki duen blog pertsonala.
Zabalkunde horrekin batera terminologia berria hedatzen ari da, batez ere ingelesez. Hona hemen zenbait adibide:
- Blog. Webloga edo bloga gauza bera dira. Bitakora kaieren antzekoak. Batzuetan, Sustatun bezala, albisteak eskaintzen ditu. Beste batzuetan, aldiz, egunerokoak idazteko balio dute. Artikulu gehienek loturak eskaintzen dituzte Interneteko beste webgune batzuekin, eta honek beste modu bat sortzen du albistea irakurtzeko. Jeneralean, gainera, albiste edo artikulu berrienak goiko aldean eskegitzen dira, eta aukera ematen dute erantzuteko, edo iruzkinak egiteko. Kazetaritza modu berria sortu da blogen inguruan, orain artekoa baino askoz ere dinamikoagoa eta irekiagoa.
- Blogger. Blogegilea. Jeneralean kazetariak edo erreportariak izaten dira, freelancer moduan dabiltzanak askotan. Baina izan daitezke herritar arruntak, idazteko grina bai, baina lotsarik ez dutenak. Jabi Zabala edo Salam Pax, esate baterako, blogegileak dira.
- Bloggerville. Blogegileen hiria, norbera mundu honetan sartzen denean aurkitzen duen jendea, giroa eta produktuak.
- Blogging. Blogak egitea, blogintza. Edozeinek egin lezake, etxetik, frontetik edo hotel batetik. Horretarako software berezi bat beharko du, ostatu bat bloga ezartzeko eta lotura seguru bat Internetekin.
- Blogosphere. Bloggerville hitzaren zentzu berdina du, nahiz eta blogosferak zabalagoa ematen duen.
- Photoblogging. Kevin Sites erreportariak, gorago aipatu duguna, hitz hau erabiltzen du bere blogean jartzen dituen argazkiekin. Azken batean da argazkiak ateratzea blogean argitaratzeko.
- Warblog. Gerrako bloga. Blog bereziak dira, gai bakarra-ia Irakeko gerra dutelako. Izan daitezke pertsonalak edo taldetan eginak.
Hemen duzue blog interesgarri bat, Iraqbodycount. net. Helburua du zenbatzea zenbat zibil hiltzen diren Irakeko inbasioan.
John Sloboda sortzailetariko batek dio egin nahi dutela Marc W. Herold irakasleak Afganistanen egin zuen gauza bera. Horretarako boluntario mordo bat elkartu dira, datuak arakatzeko.