Kalitate maila oso altua, artistikoki, eta neurritasuna, bai politikoki, bai eta itxurari dagokionez, izan dira aurtengo ezaugarriak, Oskarren sari banaketa ekitaldian. Ekitaldia bart izan da, Los Angelesen (AEB). Aurreikuspenak bete egin dira, ezuste pare bat izan ezik.
Zinema ona eta politika izan dira nagusi Hollywood-eko Oskarren 75. aldian (gaztelaniaz, hemen).
Goazen lehenengo zinemaren tartera. Adituek diotenez, azken urteotako mailarik altuena izan dute aurten izendatutako film, aktore eta zuzendariek. Film anbiziodunak zeuden lehian: Chicago eta Gangs of New York filmeak ziren bi faborito handiak. Azkenean, Chicago izan da galako irabazle handiena: 13 izendapen zituen, eta sei Oskar irabazi ditu, tartean, film onenarena eta aktore-zerrendako emakumezko aktore onenarena (Catherine Zeta-Jones).
Urteko galtzaile handia, Gangs of New York: Martin Scorsese-k bere ahalegin guztiak egin ditu Oskarra irabazteko, baina, hamar izendapenetatik, ez du bat bera ere eskuratu.
Gizonezko aktore onenaren Oskarra Adrien Brody-k eskuratu du (El Pianista). Film honegatik, Roman Polanski-k zuzendari onenaren Oskarra irabazi du, baina, AEB-etan bortxaketa baten errudun denez, ezin izan du ekitaldira joan.
Joan da, bai, aurretik ezezkoa esan zuen arren, Nicole Kidman australiarra. Las horas filmean Virginia Woolf idazlearen papera egiteagatik, emakumezko aktore onenaren Oskarra irabazi du.
Pedro Almodóvar espainiarrak jatorrizko hari onenaren saria eskuratu du, Hable con ella filmagatik. Zuzendari onenaren Oskarrerako ere proposatu zuten mantxatarra. Sari horrekin, pozik joan da Almodóvar. 45 segunduko hitzaldian, Irak-eko gerra aipatu du zeharka, "mundu osoan bakearen eta demokraziaren alde" lan egiten duten gizon-emakumeei dedikatu baitie saria.
Bestalde, zinemagile independenteek euren sariak banatu zituzten gau horretan bertan. Hemen, irabazle nagusia Lejos del cielo filma izan zen (Todd Haynes-ena). Julianne Moore protagonistak emakumezko aktore onenaren saria irabazi zuen.
Gerra eta Oskarrak
Antolatzaileek eta Hollywood-eko izarrek adostu zuten ez zutela nazioarteko giro nahasiaren inguruko aldarrikapenik egingo. Hala ere, izan da arau horretatik kanpo geratu denik. Michael Moore zuzendariak dokumentalik onenaren saria irabazi zuen, eta bere hitzalditxoan, zera esan zuen: "Bush jauna, gerra honen aurka gaude. Lotsagarria zara". Publikoak aldeko eta aurkako erreakzioak azaldu zituen Moore hitzaldia egiten ari zenean.
Besteen aldetik, gerraren inguruko aipamenak izan, izan ziren. Steve Martin galako aurkezleak esan zuen: "Ikusi duzue sarreran ez dagoela glamourrez betetako alfonbra gorririk; horrek mezu bat bidaltzen dizue". Bestalde, Susan Sarandon eta Tim Robbins-ek bakearen zeinua egin zuten Kodak Antzokira sartu aurretik. Era berean, Almodóvarrek eta Julianne Moore aktoreak bakearen usoaren intsigniak zeramatzaten.
Aurtengo beste ezaugarri nabarmen bat izan da ohiko luxuaren eta jantzi, bitxi... ikusgarrien falta. Izarrak dotore, bai, baina inoiz baino xumeago pasa ziren alfonbratik. Gizonezkoek esmokin beltzak aukeratu zituzten; emakumeek, soineko beltz, urdin edo fuksiak, Prada edo Yves Saint-Laurent-en eskutik.
Kale-agerraldiak
Kodak Antzokiaren inguruan, polizia-neurri zorrotzak izan ziren. Horrek ez zuen saihestu, ordea, bai Irakeko gerraren aldeko, bai aurkakoek kale-agerraldiak egitea Antzokitik ez oso urruti.
Erantzun
Sartu