Euskarari kanpotik egiten zaizkion erasoak nabariak dira, batez ere azken aldi honetan, baina barrutik, Euskal Herri barrutik egiten zaizkionak? Ez dakit EHUra sartzeko hautaprobetakoa erasotzat jo ala aukera berdintasuna betetzen ez dela esan.
Unibertsitatera sartzeko hautaproba egitea tokatu zitzaidan 1999. urtean. Garai hartan Eibarko Ignazio Zuloaga Institutuan, ikasleen euskara talde bat osatu zen, Euskara eta Literaturako irakasle baten eskutik.
Berak komentatu zigun, ordura arte hautaprobetan euskara eta gaztelaniako azterketetan maila altuko eta maila baxuko aukerak egoten zirela, baina urte hartan ez zela horrela izango, eta gaztelaniaz maila altukoa jarriko zutela eta euskaraz maila baxukoa. Hori horrela ikusita, artikulu bat idatzi eta komunikabideetara bidali genuen. Artikulu hori beherago jeitsi dezakezue.
Egin genuen azterketa eta niri behintzan lotsagarria iruditu zitzaidan euskarazko azterketa. Testu bat, eta testu horri buruzko 5 galdera (beste gauza batzuen artean) eta galdera horien erantzunak testuan bertan zeuden. Horregatik artikuluaren izena. Badirudi 1998an edo lehenago euskarako azterketa batean, Ainhoa Durangokoa zela zioela, eta galderen artean "Nongoa da Ainhoa?" zioela.
Ez genuen asko espero gutun hori idatzita, baina norbaitek erantzungo zuen esperantzarik ez genuen galdu. Hala ere, badirudi gauzak ez direla asko aldatu...
Euskal Herriko Unibertsitatearen webgunean zehar nebilela, azken urteetako hautaprobetako azterketak zuek jeitsi ditzakezue Euskara eta Literatura eta Gaztelania eta Literatura gaiei dagozkien azterketak eta zeuon ondorioak atera. Begiratu Euskara eta Literaturako azterketetan zein hitz diren behean azaltzen direnak.
Hori erasoa da ala ez da euskara eta gaztelania maila berdina eskatzen? Baina batxilergotik irtetean ikasleak ez al ditu euskara eta gaztelania maila berdinean menperatu behar? Horrekin ezagutza hori frogatzen al da?
Erantzun
Sartu