Teknologia albisteak
1

Euskararen aholku batzordearen adierazpena

Erabiltzailearen aurpegia
Aitor Lopez de Aberasturi
2003-02-28 : 10:02

Euskararen Aholku Batzordeak, Euskaldunon Egunkaria kazetaren inguruan gertatutakoak aztertzeko ez-ohiko osoko bilkura izan du. Bertan, egoera aztertu eta eztabaidatu ondoren, honako adierazpena onartu du:

Euskararen Aholku Batzordeak, Euskaldunon Egunkaria kazetaren inguruan gertatutakoak aztertzeko ez-ohiko osoko bilkura izan du. Bertan, egoera aztertu eta eztabaidatu ondoren, honako adierazpena onartu du:

Adierazpen askatasuna herritarren oinarrizko eskubidea eta demokraziaren funtsa izateaz gain Zuzenbide Estatuaren oinarrietako bat da. Edozein komunikabide ixtea guztiz salbuespenezko neurria izanik zeinahi estatu demokratikotan, are larriago eta ulertezinago gertatzen da jokabide hori, ezer frogatu aurretik, ustezko lotura eta susmoetan oinarritzen denean eta entitate juridiko oso bati izatekotan gizabanakoen balizko delituak egozten zaizkionean, bestelako probarik gabe.

Orain, prebentzio neurri gisa, 10 egunerako Euskaldunon Egunkaria, euskaldunok dugun eguneroko prentsa bakarra, itxi izanak errotik astindu ditu euskaldunon sentimenduak, larunbateko manifestazio jendetsuak erakutsi zuen bezala. Euskararen Aholku Batzordeak Euskaldunon Egunkaria berehala irekitzea eskatzen du eta euskarazko eguneroko prentsa izateko eskubidea aldarrikatzen du.

Honen aurrean, oraingoan ere, Euskararen Aholku Batzordeak euskarazko hedabideak garatzeko eta euskararen presentzia hedabideetan sustatzeko neurriak bultzatzen jarraitzeko eskaria egiten dio Eusko Jaurlaritzari.

Giza Eskubideen Adierazpenak aitortzen duenez, guztiok gara errugabe besterik frogatzen ez den artean. Eta errugabetasun hori aldarrikatzen dugu atxilotuentzat eta deitoratzen euskararen aldeko lanean urtetako lana egun duten lagunak horrela espetxeratuak ikusteak gizartean sortu duen haserrea eta mindura.

Halaber, gogor salatzen dugu Pello Zubiriarekin izan duten gizalege gabeko jokabidea, gaixorik egonda inkomunikatu eta famili berari ere ukatu egin baitiote haren osasun egoerari buruzko informazioa. Gizalegearen izenean, Pello Zubiriari, Euskararen Aholku Batzordeko kide ohiari, bere osasun egoera kontutan izanda, presoaldi prebentiboa altxa diezaiotela eskatu nahi dugu.

Gizakien duintasuna eta pertsonari dagozkien urratu ezineko eskubideak giza-bakearen eta ordenamendu politikoaren oinarri dira. Askatasun eta oinarrizko eskubideei buruzko arauak Giza Eskubideen Agiriaren arabera interpretatu behar dira beti, eta gizaki orok du bizitza eskubidea eta osotasun fisiko eta moralerako eskubidea. Ezin dira inongo kasutan ere, tortura, zigor edota tratu txarrak onartu.

Egindako tortura eta tratu txarren salaketen aurrean, Euskararen Aholku Batzordeak, Jaurlaritzak, Arartekoak edo gizarteak egin duen legez, bere kezka azaldu nahi du. Halaber, atxilotuek salatu dituzten tratu txarrak zorrozki eta azken muturreraino iker eta argitu daitezela eskatzen du.

Euskararen Aholku Batzordeko kideok, gizartearen gehiengo zabalarekin bat eginik, hizkuntza aniztasuna eta kultura aniztasuna aberasgarri dela eta hizkuntzak integrazio bide direla aldarrikatzen dugu. Euskara guztion ondarea da eta guztion beharra du. Horretan sinisten dugu eta horren alde dihardugu egunero lanean.

Horrexegatik esan nahi dugu gaur, gora eta ozen, euskara eta euskal mundua krimenarekin lotzeko ahaleginak ez duela lagunduko gizarte honen bizikidetzan, ez eta bakea lortzen ere. Are gutxiago euskara eta euskal munduaren ahalegin oro sistematikoki susmopean jartzeko eta biolentziaren munduarekin sistematikoki lotzeko jarrerak.

Aldiz, Euskararen Aholku Batzordetik bizitza eskubidea eta honekin giza eskubide guztien aldarrikapena egin nahi dugu, herritar guztien eskubideen alde eta indarkeria errotik kentzeko eta bakea eraikitzeko gure erantzukizuna azaldu nahi dugu.

Gertatuak gertatu, gizarte honek beti erakutsi du kemena euskararen normalkuntzan etengabe aurrera egiteko, eta orain ere uste osoa dugu bidea aurkituko duela.

Euskara eta euskal kulturaren alde.


Erantzunak

El Confidencial
2003-02-28 : 15:59

Adostasun honetara iristeko, lau orduko eztabaida amaigabea. Inork ez zuen ebakitzen. Batzuek EAJ-ren Egunkariarekiko hasierako zitalkeria gogoan. Besteek Ibarretxe eta Ertzaintzaren kontra kapitalizatu nahi izan dutela larunbateko manifestrazioa...



Ez zuten ura baizik banatu. Otordutxo baterako ere ez, hamarrak pasa izan arte.



Eta Ibarretxek, une oro, euskaraz.

Erantzun

Sartu