Teknologia albisteak

SL Posta Zerrenda sortu du Sei elkarteak

Erabiltzailearen aurpegia
Pablo Suberbiola - Sei Elkartea
2003-02-03 : 13:02

SEI elkarteak SL POSTA ZERRENDA sortu du, Soziolinguistikaz sarean aritzeko zerrenda berria. Helburu nagusia euskararen berreskurapenean eta soziolinguistikan interesa dugunok iritziak, datuak, erreferentziak eta hausnarketak trukatu ahal izatea da.

slposta@sortu.org izango da zerrendaren helbidea eta bertara bidali behar dira iritziak, albisteak, ekarpenak eta bestelakoak. SL Posta Zerrendaren funtzionamendua eta gainerako azalpen guztiak Sei-ren webgunean dituzue, www.sortu.org , SL Posta Zerrenda izeneko atalean.

Euskararen berreskurapen bidean ezinbestekoa zaigu soziolinguistikazko ezagutzaren laguntza. SEI Elkarteak, Euskal Soziolinguistika Institutua sortzeko bere sustapen lanean SL Posta Zerrenda sortu du.

Posta zerrenda berri honek adituen iritziak, erreferentzia teorikoak, ikerketen emaitzak, planifikaziorako lan ildoak eta berreskurapen lanetan izandako esperientziak zein ekimenak zabaldu nahi ditu formato laburrean, arloko lanetan hobetzeko eta harremanak ugaritzeko balioko digulakoan. (Ikus parte hartzeko aukerak eta gaiak atalak laburpenean aipatu helbidean)

Orain arte martxan jarritako antzerako ekimenek izan dituzten zailtasunak ezagututa, eta gure baliabideak mugatuak direla jakinik, ahalik eta antolaketarik bideragarriena eman nahi izan diogu posta zerrendari (ikus funtzionamendua atala laburpenean aipatu helbidean).

Euskararen berreskurapen lanetan edota soziolinguistikako gaietan ari zareten guztioi gure ongi etorririk beroena lerro hauetatik!! Posta zerrendan parte hartzera gonbidatzen zaituztegu, dugun informazioa eta jakintza modu honetan trukatzeak guztion lana hobetzen eta soziolinguistikan sakontzen lagunduko digun uste osoarekin.

Zerrenda martxan da jada. Hasiera emateko hautatu dugun gaia: Euskal Soziolinguistika Institutuaren sorrera. Hiru aditu hauei eskatu diegu iritzia: Iñaki Martinez de Luna, Mikel Zalbide eta Iñaki Marko eta honako bi galdera hauek egin dizkiegu:

  1. - Euskal Soziolinguistika Institutu batek zein ekarpen egin diezaioke euskararen berreskurapenari?
  2. - Bere osaketan zein hiru puntu zaindu behar lirateke bereziki zure ustez?

Beraien iritziei erantzuteko, zuen ikuspegia azaltzeko edota gai berriak proposatzeko aukera izango duzue, zerrendara erantzunez, slposta@sortu.org

Erantzun

Sartu