Sustatu logoa Teknologia albisteak

Linux vs. Apple: zein izango da bigarren?

Dick Turpin
2003-01-30 13:01

Denok dakigu zein den sistema eragilerik erabiliena munduko ordenagailu gehienetan: Windows, Microsoft enpresarena. Baina zein da bigarren, Mac ala Linux?

Orain artean, dio James Maguire adituak artikulu interesgarri batean, galdera honek ez zuen zentzurik, Linux ez baitzen ageri ia inon Apple azaldu den moduan, bai denda berezietan eta baita publizitatearen historian sartu diren iragarkietan.

Baina 2003an gauzak hasi dira aldatzen. Astero ia, irakur daitezke han eta hemen berriak aldarrikatzen dutenak Linuxen gorakada. Egia da oraindik merkatuaren %2 baino ez duela, baina dagoeneko salgai dago Wal-Mart saltoki handietan. Eta Macintosh? Behinola digitu bikoitzetan, gaur egun merkatuaren %3,5 baino ez du. Orain dela gutxi Safari bilatzailea kaleratu zuen, bakarrik Mac OSren X. sisteman ibiliko dena, hau da, Internet bidez lotutako ordenagailu guztien %0,6etan.

Beraz, gauzak horrela daude gaur egun James Maguireren iritziz: Linux gorantz eta Macintosh gainbeheran. Baina zeinek irabaziko du epe luzean?

Lehen borrokaldia: erraztasuna erabiltzeko orduan

Oraindik inork ez dio irabazi Macintoshi erabiltzeko erraztasunean. Windowsek kopiatu egin zuen, baina inoiz ez ditu berdindu haren dotoretasuna eta zentzua. Orain badirudi Linux kopiatzen ari dela Windows, baina hala-holako emaitzekin.

Linuxek beti izan du zail fama, instalatzeko eta erabiltzeko orduan.

Beraz, borrokaldi hau Macintohek irabazi du.

Bigarren borrokaldia: hardwarea

Hasieratik hau izan da Macintosh hondoratu duen errotarria. Orduan baten batek erabaki zuen Macintosh bat nahi bazenuen erosi behar zenuela Apple ordenagailu garesti bat. Egileak dio hau izan daitekeela teknologiaren historian hartu den erabakirik okerrena.

Linux, ordea, edozein ordenagailu zaharretan dabil. Zenbat aldiz ikusi dugun botatzeko ziren ordenagailuetan Linux jarri eta primeran ibiltzea.

Hortaz, borrokaldi hau Linuxek eskuratu du.

Hirugarren borrokaldia: aplikazioak

Zuk Windows bat badaukazu eta nik Macintosh bat, eta elkarrekin egin behar badugu proiektu bat, ez dago arazorik. Biok ditugu Word, Excel eta Photoshop adibidez, eta erraz truka ditzakegu aplikazio horiekin egindako dokumentuak.

Baina Linuxekin hori askoz ere zailagoa omen da. Egileak hortxe ikusten du eragozpen handi bat Linuxen alorrean: ez duela aplikazio estandarrik. Microsoftek, bestalde, nekez egingo du Worden bertsio bat Linuxentzat.

Horregatik, Macintosh irabazle burrukaldi honetan.

Laugarren borrokaldia: enpresak

Enpresak dira diru-iturri izugarria. Eta asko eta asko alternatiba bila dabiltza, erreta daudelako Microsoftekin. Linux oso alternatiba errealista da: merkea eta Windowsen antzeko interfazea duenez, arazorik gabe ikasteko modukoa.

Enpresek inoiz ez dute Apple aukeratuko. Garestiegia omen.

Hau dela eta, borrokaldi hau Linuxen alde.

Azken emaitza

Sistema eragile biek dituzte alde onak. Baina horietako batzuk hobeak dira besteak baino. Microsoft da errege, hasieratik ulertu zuelako gakoa kostoan dagoela. Bere sistema eragilea hainbat ordenagailutan erabil daiteke. Eta horregatik, askoz ere merkeagoa da Apple baino.

Baina Linux ere edozein ordenagailutan erabil daiteke. Hortaz, gaur egun Mac da bigarren sistema eragileen artean, baina laster —beharbada hurrengo bi urteetan— Linuxek hartuko du leku hori.

Hala ere, amaitzen du artikulugileak, Mac gainditu aurretik baten batek sortu beharko luke Linuxen bertsio bat “oso erraza erabiltzeko eta Windowsen antz handikoa”. Kontuan hartuta zein handia den merkatu hori, mereziko luke.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu