Teknologia albisteak
1

Harry Potterren bosgarrena, ekainaren 21ean

Erabiltzailearen aurpegia
Joxe Aranzabal
2003-01-17 : 10:01

Harry Potterren hurrengo liburua, bosgarrena: ekainaren 21ean argitaratuko da, ingelesez. Harry Potter and the Order of the Phoenix izango du izenburua. Euskarazkoa, ostera, datorren urtean kaleratuko da seguruenik, Durangoko Azokan.

Ekainaren 21ean milioika lagunek munduan zehar aukera izango dute erosteko Harry Potterren azken abentura liburua: Harry Potter and the Order of the Phoenix Egun hartan Britainia Handian, Estatu Batuetan, Kanadan, Australian, Zeelanda Berrian eta beste herrialde askotan jarriko da salgai. Horrela, gainera, gaztetxoek ez dute piperrik egin behar izango eskolan, liburua erosteko aitzakiarekin.

Bosgarren liburu honek 38 atal eta 255.000 hitz izango ditu. Laugarrena baino heren bat luzeagoa izango da, beraz. Azken honek 666 orrialde zituen. Hortik atera kontuak.

Albistea jakin bezain laster, libururik eskatuena bihurtu da Amazon liburudendan, Britainia Handian eta Estatu Batuetako adarretan zehatzago esanda. Beraz, liburu honek ere errekor guztiak apur ditzake, nahiz eta oso potoloa izango den.

Harry Potter eta Fenixaren Ordena

Iñaki Mendigurenek itzultzaileak berak esanda, badakigu euskaraz ere aterako dela, izenburu honekin: Harry Potter eta Fenixaren Ordena. Aurrekoak bezala, noski, Elkarlanean argitaletxearen eskutik etorriko da. Hala ere, kontuan izanda liburuaren tamaina, zaila dirudi geure artean izatea 2004ko Durangoko Azoka baino lehenago.

BBCNews albistariari esker, badakigu nola hasiko den bosgarren liburua. Iñaki Mendigurenek propio euskaratu digu Sustaturen lagunentzat. Honela hasiko da: Ordu arte udan izandako egunik beroena amaitzen ari zen eta isiltasun geldoak inguratzen zituen Privet Driveko etxe handi karratuak. Kanpoan geratzen zen pertsona bakarra mutil gaztetxo bat zen, luze-luze etzanda laugarren zenbakiko etxearen lore artean.

Bada beste paragrafo bat, esanguratsua oso, jakitera eman dena: Dumbledorek eskuak beheratu zituen, ilargi-erdiaren tankerako betaurrekoen atzetik Harryri begiratu eta esan zion: Harry, garaia da orain dela bost urte esan behar nizun zerbait esateko. Mesedez, eser zaitez, den-dena kontatuko dizut eta.

Haur libururik arrakastatsuena

Harry Potter kasu aparta bihurtu da mundu zabaleko liburugintzan. Lehen liburuak, Harry Potter eta Sorgin-harria, 70.000 ale saldu zituen Britainia Handian. Harrigarria, gogoan izanda paraje haietan haur liburuak asko jota 3.000 ale inguru saltzen direla.

Laugarren liburuak ere, Harry Potter eta Suaren Kopa, errekor guztiak hautsi zituen. Estatu Batuetan bakarrik 3,8 milioi kopia saldu ziren, azal gogorreko liburuetan. Horrek, jakina, aberats, oso aberats, bihurtu du J.K. Rowling idazlea, ama gazte bat, langabezian zegoena lehen liburua idatzi zuenean.

Euskaraz ere, arrakastatsua

Ingelesez bezala, euskaraz ere lau liburu argitaratu dira Harry Poterren abenturekin. Elkarlanean argitaletxeak egin du, dudarik gabe, euskal argitalgintzan inoiz egin den ahaleginik handiena liburu honekin, ingelesezkoak kaleratu ahala, euskarazkoak atera baititu apur bat geroago, ia beti Durangoko Azkoaren barruan. Eta orain arte, oso ondo saldu omen da gure artean.

Iñaki Mendiguren itzultzaileak euskaratu ditu orain arteko liburu guztiak. Gainera, iazko Euskadi Saria irabazi zuen, itzulpengintzaren atalean, lan horrekin. Ekainaren 21etik aurrera, zain izango du Harry Potter eta Fenixaren Ordena.

Erantzunak

unai
2003-01-18 : 06:52

Espero dezagun oraingo ale honetan liburuko pertsonaia baldarrak, ezjakinak eta memeloak bizkaieraz ez egitea. Hala ere, ez dut itxaropen handirik itzultzailea eta liburua kaleratzeko ardura duen argitaletxea ezagututa. Ez du ematen jaun txit goren hauei larregi ardura dienik zer pentsa dezakegun bizkaieradunok gure euskalkiaren erabilera lotsagarri honen gainean. Zoritxarrez, Euskadi Sariak irabazten jarraituko dute. Bien bitartean, nik neuk, behintzat, ez dut Iñaki Mendigurenen itzulpenik erosiko eta, Elkarrek argitaraturiko edozer eskuratu baino lehenago, nahiko pentsatu beharko dut, ez baitzait batere gustatzen bizkaieradun modura barre egin diezadaten. Ez niri ez eta beste askori ere ez.

Erantzun

Sartu