Sustatu logoa Teknologia albisteak

AEB, Irak ala Ipar Korea?

Gontzal Landa - Goiena
2003-01-17 12:01

Nazioarteko gaiak lantzen dituen TIME aldizkari ospetsuaren webgunean inkesta bat ageri da. Erabiltzaileak ondoko galderari erantzun behar dio: Zein herrialdek mehatxatzen du gehien 2003ko nazioarteko bakea? Aukeran: AEB, Irak eta Ipar Korea. Orain arte estatubatuarrak dira garaile.

Urte eta erdi baino ez da igaro New York eta Washingtoneko atentatuak gertatu zirenetik, eta batzuk orduan Bushen Administrazioak bere kanpo-politika aldatuko zuela uste zuten. Ez da batere aldatu diruaren inperioak gerrak beharrezkoa baititu.

Egia esan bai, aldatu da, AEBak bere inperialismo politiko eta ekonomikoan sakondu baitu, eta Afganistan erasotu ondoren Iraken gauza bera egin nahi du. Beste aldean, Saddam Hussein eraso baten beldur da bere etsaiak baino askoz ere ahulagoa delako, eta horregatik Nazio Batuen ikuskatzaileen lana ahalik eta gehien errazten ari da. NBE bera izan da enbargoa iraun bitartean Irakeko eskoletan arkatzak debekatu dituena, bertako gobernuak arma bezala erabili ditzakeelako.

Kontuak kontu, TIME-n webgunean bere botoa eman dutenen artean gehiengo zabal batek (%74'1) uste du AEB direla arriskurik nagusiena; Iraki %15'5ek balizko eraso baten errua leporatzen dio; Ipar Korea da hirugarren %10'4ekin. Inkesta ez da fidagarriegia Internet erabiltzeek beren botoa behin baino gehiagotan eman dezaketelako, baina iritzi publikoaren gutxi gora-beherako ustea jakin daiteke. Galdera, ordea, ez da zuzena, hasi berri dugun 2003. urtean ez dugulako bakerik izan. Gainera TIMEk hiru aukera baino ez ditu eskaintzen, eta nire ustez aukeran egonez gero, jende dezentek Britainia Handia joko zuen mehatxu nagusitzat.

Baina AEBak eta Britainia Handiak dagoeneko erasoaren data zehaztu dute, balizko gerra hori irabaziz gero (ziurrenik hala gertatuko da) Bagdag-en beren gustuko erregimena ezarri eta petrolioaren gaineko kontrola areagotuko dute. Bush eta Blair-ek gutxienez chapapote gaileta bana merezi dute.

Hala ere, Irakeko Gobernua nahiko estrategia argia erabiltzen ari da krisialdiaren hasieratik. Izan ere, Washingtonek Iraki suntsipen zabaleko armak izatea leporatu zionean Husseinek bere mugen barruan ikuskatzailerik onartuko ez zuela erantzun zuen. Gero, ordea, amore eman behar izan zuen, eta orain arte behintzat NBEko ikuskatzaileek ez dute arma nuklear, kimiko edo biologikorik atzeman. Hala, agerian geratu da Bush-en asmoak bakezaleak ez direla, kontrakoa baizik. Bitartean, munduko herrialde guztiak biltzen dituen Nazio Batuen Erakundearen presidente Kofi Annan-ek denbora gehiago eskatzen dio AEBei.

Ipar Koreari dagokionez, ez dirudi Mendebaldeko Aliantzaren erasorik sofritu beharko duenik, nahiz eta Pyongyang berak arma nuklearrak eduki eta erabiltzeko prest agertu. Badirudi negoziazioak bide onetik doazela. Hala ere, ezin dugu ahaztu herritarren aurka bonba nuklearrak jaurti dituzten bakarrak AEB izan direla, ehunka milaka pertsona hilez.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu