Sustatu logoa Teknologia albisteak

Izorrategi.org... Osakidetzako erreumatologoen ameskaiztoa

Pello Zubiria - Hernani
2003-01-08 12:01

Espondilitis Ankilopoietikoa izenez definitzen den erreuma berezia da martxan jartzen ari naizen Izorrategi.org gunearen gaia. Beraz, oso herritar gutxiren interesekoa izatea tokatzen zaio. Baina Kaixo atariak domina baten ohorea egin didanez eta Sustatuko Iban Arantzabalek informazioa eskatu, toki honen aurkezpen labur bat egingo dizuet.

Inori interesatzekotan, Izorrategi.org honako arazoetakoren bat daukan herritarrari interesatuko zaio: Espondilitis Ankilopoietikoa (EA dira euskarazko siglak, barka nazatela Garaikoetxearen jarraitzaileek) edo honen hurbileko artritisen bat sofritzen duenari, baina baita erreuma hauekin asoziatuta etor daitezkeen Crohn, Kolitis Ultzeragarri, Kolon Minberagarri, Psoriasis eta abarren biktima denari ere. Egia esan, ondo pentsatuta, dexente jenderi.

Zergatik egiten dudan lan hau? Gaitz kroniko bati kateaturik bizi garenok, gure bizi kalitatea hobetzeko erabaki garrantzizko bat hartu beharra daukagu: geuk izan behar dugu gure gaitzaren kontrako estrategien buru, inguruko profesionalak (medikuak barne) ofiziale bezala erabiliz. Geure min eta arazoak egunaren 24 orduetan geuk jasan eta administratu behar baititugu. Eta horretarako lehen urratsa, gaitzaren eta bere inguruko estrategien ezagutza zabal eta sakona behar dugu.

Niri dagokidanez, mundu osoko baina batik bat Estatu Batuetako eta Britainia Handiko pertsona EAdunek osatutako komunitate birtual oso interesgarri bat ezagutu nuen, Kickas.org izenekoa. Niretzako salbazioa izan dira hor aurkitutako ezagutza, terapiak, erreferentziak eta adiskidetasuna. Eta oraindik ere Internetek ingelesez, espainolez eta frantsesez mundu paraleloetan bezala funtzionatzen duenez, Kickas.org-eko nire kideen oihartzuna eta laguntza hedatzeko modu bat aurkitu nuen: euskaraz eta espainolez nolabaiteko haien "ofizinatxoa" antolatzea, Kickas-era iristeko leihatila bat ("antena" ere esaten zen lehen).

Horixe da dena. Daukadan informazio mendia patxadan ordenatu eta hilean behin kapitulu bat erasten diot Izorrategi.org-ri. Estetika txukuntzen bezala gunea sarean mantentzen Ametzagaiña elkarteak laguntzen dit. Eta izena... etxeko sukaldean egindako brain-storming batean seme-alabei bururatu zitzaien. Hernaniko umorez.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu