Teknologia albisteak

Nokia vs. Microsoft: nork irabaziko?

Erabiltzailearen aurpegia
Dick Turpin
2002-11-28 : 11:11

Joerak argi daude. Ordenagailu handiak jaun eta jabe izan ziren, harik eta mahai gaineko ordenagailuak agertu ziren arte. Hogei bat urte geroago, berriz, badirudi hauen nagusitasuna azkenera iritsi dela. Zerbait berria dator eta bi erraldoi lehian ari dira, nork irabaziko.

The Economist aldizkariak artikulu interesgarria ekarri du azken alean, eta azalean ere “2001: Espazioko Odisea” filmeko fotograma bat erabili du iragartzeko aro berri bat komunikazioen alorrean.

Urteetan, Microsoft enpresaren eginkizuna izan da jartzea “ordenagailu bat mahai eta etxe guztietan”. Garai batean profetikoa eta aitzindaria, baina zergatik ez ordenagailu bat patrika guztietan? Erraldoi amerikarra konturatu da joerak nola aldatu diren eta berak ere mudatu egin du esaldia. Orain bere eginkizuna da “jendea hornitzea programa informatiko bikainekin edonoiz, edonon eta edozein tresnatan”. Honela Microsoftek begiz jo du merkatu erabat berria. Eta lehen emaitzak agertu dira: oraindik orain Orange izeneko telefono konpainia ingelesak atera du telefono bat, SPV delakoa, zeinak erabiltzen baitu Windowsen bertsioa sakelako telefonoetarako.

Nokia, connecting people!

Baina Microsoft ez dago bakarrik. Aurrez aurre du bere neurriko erraldoi bat, Nokia, telefono konpainietan handiena. Honek merkaturatu dituen azken telefonoetan, modelo batek teklatu bat dauka, tolestatzen dena, enpresako jendea erakartzeko. Beste batek argazki kamera digital baten lanak egiten ditu. Kontua da gaur egungo telefonoak orain hamar urteko ordenagailuak bezain potenteak direla, konputatzeko ahalmenari dagokionez.

Amerikarrak bezala finlandiarrak, sinesturik daude hurrengo gauzarik handiena mahai gaineko ordenagailuen ostean izango dela sakelako komunikatzaile edo telefono adimentsua. Halabaina, bakoitzak modu batean ikusten du nola egin tresna horiek. Ordenagailugileek uste dute nahikoa dela ordenagailu bat telefonoaren neurrietara ekartzea; telefonogileek, ostera, nahiago dute polikiago ibili eta funtzioak gehitzea kontsumitzaileak aurrekoak ikasten doazen eran.

Microsoft, lehengo lepotik burua

SPV da ordenagailu bat, nola edo hala telefono batean sartuta. Eta dauzka Windowsen oinarrituriko programa nagusiak, halabaina moldatuta eta txikituta: nabigatzailea, posta elektronikoa eta irudiak ikustekoa. Honen bidez, Microsoftek hedatu nahi du bere nagusitasuna sakelako telefoniaren alorrera. Eta errepikatu nahi du ordenagailuetan hain ondo joan zaion eskema: utzi besteei aparailuak egin ditzaten, berak monopolizatzen dituen bitartean software kontuak.

Symbian partzuergoa

Telefonogileak, ordea, ez daude prest txatarreroarenak egiteko eta aurre egin diote Microsofti. Aurrena, esan diote ez dutela nahi bere softwarea. Hurrena, eratu dute partzuergo bat, Symbian izenekoa, euren sistema eragilea sortzeko. Sistema irekia izango da, zeina partzuergoko kideek aldatu ahal izango baitute, nahitara.

Nokiarekin batera, enpresa hauek osatzen dute partzuergoa: Motorola, munduko bigarren telefonogilea, Siemens, bigarrena Europan, SonyEricsson, Panasonic eta Samsung. Denen artean saltzen dituzte lizentzia guztien %80. Nokiak, gainera, erabiltzaile-interfaze bat sortu du, Series 60 izenekoa, dagoeneko saldu diena Samsung, Siemens eta Panasonici.

Nork irabaziko?

Ikusirik mahai gaineko ordenagailuen merkatuak sabaia jo duela, Microsoftek bi merkatu nahi ditu orain, telefono adimentsuena eta eskuko ordenagailuena. Nokiak, berriz, bederatzi zatitan banatu du eskukoen dibisioa, bakoitza merkatu segmentu batean kontzentratzeko, nahiz eta denek partekatzen duten ikerkuntza, garapena eta fabrikak.

IBM errege izan zen ordenagailu handien merkatuan. Gero Microsoftek hartu zuen koroa mahai gaineko ordenagailuetan. Nor nagusituko da sakelako komunikatzaileen artean? The Economist aldizkariaren iritziz, seguruenik ez da irabazle bakarra izango, nahiz eta garbi ikusten duen nola goazen estandar irekietara: komunikatzeko tresnak ez dira hain erabilgarriak ez badira gai elkarren artean hitz egiteko. Beraz, sistema eragile baten jabe izateko baino, lehiakideek burruka egin beharko dute marka, logistika eta berritzeko ahalmenaren gainean.

Erantzun

Sartu