Teknologia albisteak

Zibernetikazko literatura euskaraz ere!

Erabiltzailearen aurpegia
Karlos del Olmo
2002-11-28 : 09:11

Baten bat etsita bazegoen ere, Euskal Herrian literatura artean abiatuta ez zegoelako ziberpunkaren sortzailetakoa den William Gibsonek Neuromancer liburuaz ebakitako xendra digitaletik, badu, izan ere, bozkariorako bidea. Itzulpen bidez heldu zaigu jatorriz katalanez idatzitako Jokoa.com liburua.

Literatura zibernetikoa da, baina ez zientzi fikzioa. Eta aditu batean kontraesan badirudi ere, ez da halakorik. Lan honetan kontua ez da aipu teknologikoren bat edo beste txertatzea, WWW bera eta horren ingurukoak ere pertsonaia bihurtzea. Ez dira aitzakia edo eszenategi hutsak. Horixe dakar Gemma Lluch-ek idatzitako eleberriak, Antton Olanoren itzulpena bitarte deña. Mundu digitala eta erreala nahas-mahasean. Alderdi grafiko eta tipografikotik ere, espazio zibernetikoan ohikoak diren konbentzioetako batzuk agertzen dira eta.

(Liburua Ereinek argitaratu du; sareko erreferentzia hemen )

Honako erreferentzia hauek maite dituenak (American Psycho, Labirintu barruan, Bildotsen isiltasuna, Hannibal, The Game, Seven, Sarea, pelikulak, X espediente eta Millenium telesailak, Eric Claptonen Blues Before Sunrise, Running on faith kantak... eta, oroz gain, Matrix), buru belarri murgildu behar luke liburuak proposatzen duen joko literario-zibernetikoan.

Lan honetan ahozkotasuna, berbaldia da gertaeren euskarri nagusi: solasaldi arruntak, eskuko telefono bidezkoak, elkarrizketa birtualak, grabaturikoak edo egunerokoan idatziz jasotako ohar biziak. Gaurko gazteen hizketa bizia jasotzen du, eta beste horrenbeste esan daiteke Antton Olano itzultzaile ezagunak euskaraz paraturiko bertsioaren gainean. Baliteke itzulpena ekialdeko euskaldunentzat ulertzen gaitzago izatea, baina gazte katalanen konbentzioak eta klixeak dakartza jatorrizkoak eta horiek ordaintzerakoan ulertzekoa da gaztelaniaren aldera makurtzea, izan ere. Gaurko euskaldun gazte askok hurbil-hurbileko sentituko duten hizkera dario liburuari. Euskal gazteen hizkera biziaren ustezko galera denon ahotan dabilela, hona hemen itzulpen bidezko eredu aberatsa, nerabezaroari omen dagozkion mugak zabaltzen dituena.

Bide nabar, noizko zientzi fikzio eta fantasiazko bilduma sendo bat euskaraz?

Erantzun

Sartu