Teknologia albisteak

Pantxoa eta Peio berriz taula gainera

Erabiltzailearen aurpegia
Leire Kortabarria - Goienkariatik
2002-11-22 : 09:11

Jendearekiko hurbiltasuna eta berotasuna: hori da Pantxoa eta Peio lapurtar musikariek kontzertuak non eskaini erabakitzeko erabiltzen duten irizpidea. Euskal Herriko hainbat lekutan emango dituzte kontzertuak. Kantuaren dinosauruak direla esan dezakegu. Elkarrizketa irakur dezakezu hemen.

Elkarrizketa zabala egin dio Goienkariak bikoteari. Esandakoak Sustaturako modukoak direla-eta ekarri ditugu honera.

  • Lapurtar koblariak zuen azken lana Hego Euskal Herrian aurkeztuko duzue oraingo astean.

Bai. Guk beti oso arreta berezia eta atsegina jaso izan dugu Hegoalde osoan, baina batik bat Gipuzkoan, eta herri txikietan, zehazki esateko. Hor beti etxean bezala sentitzen gara. Guretako ez da gauza bera Donostian edo, esate baterako, Goierriko herri baten jotzea; Donostia anonimoagoa iruditzen zaigu. Jendearenganako hurbiltasunaren arabera erabakitzen dugu lehenbizi non jo. Orain Eskoriatzan joko dugu.

  • Hegoaldeko gizon bat, Telesforo Monzon, oso esanguratsua izan zen Pantxoa eta Peioren ibilbide hasieran…

Monzon, Bergarako seme zen hura, 68an ezagutu genuen. Bera aspalditik Iparraldean bizi zen, baina han ez zen politikari moduan ezagun, antzezlan egile eta antzerki taldeen bultzatzaile moduan baizik. Hitzaldiak egiten zituen orduan, eta geuk horietako batean ezagutu genuen. Berarengana joan eta geneuzkan kanta bakanak abestu genizkion. Berak esan zuen bazituela hiruzpalau abesti, eta emango zizkigula. Itziarren semea izan zen lehenengoa. Hurrengo urtean atera genuen Pantxoa eta Peio bezala lehen diskoa, eta abesti hura lehenengoa zen. Monzon hitz bakar batekin definitu beharko bagenu, hitz hori duintasuna izango litzateke. Kategoriako gizona zen hura, umore handikoa, gainera.

  • Giza eta politika arloetan, testuinguru oso berezi baten eman zenituzten lehen pausoak… Zelan gogoratzen dituzue garai haiek?

1969an egin genuen publiko aurreko gure lehen kantaldia. Oso urte berezia izan zen hura. Hegoaldean, Francoren agintearen azken urteak bizi ziren; Iparraldean, euskal berpizkundearen hasiera zen. Ordura arte, ez zen emanaldi publikorik egiten, ez zegoen horren ohiturarik. Pantxoa eta Peio ez ginen bakarrak izan: Etxamendi eta Larralde, Sarasola… ere hor zeuden. Bestalde, Mitxel Labergerieren jarraitzaileak ginen. Azkenik, haiek aldarrikapen abestiaren urteak ere izan ziren: nazioartean, Bob Dylan, Joan Báez… ziren ezagun.

  • Euskal musikagintza berriaren aitzindarietariko batzuk zarete… Zer sentitzen duzue hori entzuten duzuenean?

Ez dakigu gu geu hain garrantzitsuak garen; guretako, pertsona edo taldea baino, fenomenoa eta testuingurua dira garrantzitsuago. Euskal kulturaren berpizkundearen hasieran kokatu beharra dago Pantxoa eta Peio bikotea. Guk musikan egin genuen gure ekarpena; baina, guk musika arloan bezala, beste batzuk irakaskuntzan, antzerkian, politikan… egin zuten. Adibidez, guk lehen kantaldia egin eta lehen diskoa atera genuen urte berean zabaldu zen Iparraldeko lehenengo ikastola.

  • Lehen esan duzue ez dela gauza bera hiri baten edo herri baten abestea. Iparraldean eta Hegoaldean kantatzea ere desberdina da?

Testuinguru eta baldintza desberdinak izan dira Hegoaldean zein Iparraldean, hortaz, bai, badago aldea; egia da, bai, ez dela gauza bera Bergaran edo Donibane Garazin abestea. Baina horrek ere badu bere alde ona: batetik, hurbiltasuna alde guztietan sumatu izan dugu, eta errepertorioa ere, berbera aukeratzen dugu. Horrez gain, kontzertuak Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko lotura indartzeko aitzakia moduan erabiltzen ditugu. Garrantzitsua da guretako abesti jakin batzuk leku batean zein bestean aurkeztea. Adibidez, Itziarren semea Ondarroako gazte baten omenezko abestia da, eta guretako esanguratsua zen hori Iparraldean aurkeztea. Ipar eta Hegoaldearen batasunaren oinarria, gure hizkuntza eta kultura, bat direla adierazteko modua da.

  • Politikan, kulturan… zeresana izan dute Pantxoa eta Peiok. Horrekiko alderik badu zuen disko berriak?

Lapurtar koblariak gure disko berria euskaraz abesteko gozamenaren fruitua da. Inork ez dezala mezu politikorik, poetikorik, mistikorik… bilatu bertan. Euskaraz kantatzeko grinak eta gozamenak elkartu izan gaitu gu biok behin eta berriro, gure isiluneen ondoren. Guk, orain, ez dugu inolako presio komertzialik; gustatzen zaigulako jarraitzen dugu abesten. Gure disko berrian, sentimendu asko biltzen ditugu: badaude amodiozko abestiak, umorezkoak, satirikoak… Lapurdiko antzinako bizimoduaren gainean zerbait irakasten digutenak ere badira. Nostalgia arrasto bat ere badu diskoak.

  • Estilo aldetik, zerbait aldatu da zuen jardueran?

Ez, betiko estiloari eusten diogu. Gure musika herrikoitasunean oinarritzen da, eta ez du bestelako sekreturik. Guk oso ahots sinpleak ditugu, sofistikazio gabeak, eta gure abestiak ere halakoak dira. Guk abesten duguna edozeinek abes dezake. Baina horixe da guk bilatzen duguna, hain zuzen ere: sinpletasuna eta herrikoitasuna.

Ahotsak eta gitarra bat

Publiko aurrean abesten 1969an, orain dela hogeita hamahiru urte, hasi ziren arren, eta eskarmentu handia duten arren, Pantxoak eta Peiok neguko gau luzeetan familiarekin abestera elkartzen ziren umeen izpiritua gordetzen jarraitzen dute. Euskal musika modernoan eta, konkretuki, Ipar Euskal Herrian euskal kulturaren indarberritzean izan duten eragina izanda ere, bi lapurtar hauek apaltasun osoz egiten dute berba euren ekarpenaren gain. Euren burua kolektibotasunaren zati bezala ikusten dute, eta testuinguru horretan finkatzen dute euren lanaren garrantzia. Gaur egun ere, kolektibotasunaren garrantzia azpimarratzen dute, eta, beti bezala, Iparraldean euskal kultura sustatzeko lan egiten jarraitzen dute: “Azken urteotan, Baionan, gu umeak ginenean elkarrekin kantatzeko lapurtar usadioa berreskuratzen hasia da. Noizean behin, 200 bat lagun elkartzen gara, leku jakin batzuetan, elkarrekin kantatzeaz gozatzeko”, dioskute.

Elkarrekin, eta, batez ere, euskaraz kantatzeko gogo horrek deitu izan ditu Pantxoa eta Peio, behin eta berriz, grabaketa estudioetara eta agertokietara. Urak bide handia egin du politikoki eta kulturalki hain zalapartatsua eta betea izan zen 60ko hamarkada hartatik. Orduan, Pantxoa eta Peio Ez Dok Amairu taldearen jarraitzaile moduan sortu zen Amaia elkarte kulturaleko kide ziren. Horren harira ezagutu zuten Telesforo Monzon, eta abesten hasi, hamarkada bukaeran. Kontzientziei eragitea zuten helburu, eta horretarako, euren ahotsak -“ahots sinpleak”, diote, umiltasunez- eta gitarratxo bat besterik ez zuten behar. Nostalgikoak ez diren arren, Pantxoak eta Peiok onartzen dute urte haiek esanguratsuak izan zirela: “Publikoak 75eko disko hura du gogoan, batik bat”, diote.

Hurrengo kontzertuak

  • Azaroak 22, ESKORIATZA, polikiroldegian / 22:30
  • Azaroak 24, DONIBANE GARAZI, zinema gelan / 17:30
  • Abenduak 5, GETXO, antzokian / 20:00
  • Abenduak 7, OIARTZUN, Madalensoro / 22:00

Erantzun

Sartu