Irakurtzen zen munduko 82 herrialdetan eta mito bat da ordenadore bidezko deseinatzaileen artean. Ia hiru urte isilik egon ostean, berriro itzuli da, egunkari itxurarekin.
Diseinatzaile bazara edo diseinua maite baduzu, zorioneko zaude: Before & After aldizkaria berriro hasi da argitaratzen paperean. Eta oraingo honetan, beste formatu bat dakar, egunkarien neurrian aterako da-eta.
Aro berri honetan, urtean 6 ale kaleratuko ditu eta harpidetza azaroaren 30a baino lehen eginez gero, 69 dolar kostatuko da, hortik aurrera baino merkeago, antza. Harpidetu nahi baduzue, aldizkariaren webgunea erabil dezakezue, edo bestela idatzi aldizkarira.
Zer eskaintzen duen
Ez da bakarrik nola egin gauza politak. Aldizkari honetan ikasiko dituzue diseinuaren barruak, zergatiak, nola antolatu informazioa, zelan bereiztu elementu bakoitza eta nola harrapatu irakurlearen arreta, besteak beste. Tipografia, kolorea, efektu bereziak, mapak, berripaperak, logoak, webguneak Eta baliabideak: zeintzuk diren tipografiarik interesgarrienak, clip art egilerik onenak, libururik jakingarrienak. Eta ideiak, mila eta bat ideia, edozer gauza egiteko. Eta trikimailuak, efekturik harrigarrienak lortzeko.
Hori guztia gaur egun gehien erabiltzen diren ordenagailu programak erabilita, pausoz pauso erakutsita, motelenak ere ikasteko moduan.
Aukera duzu ikusteko, sarean bertan, nola egiten duten lan aldizkari honetan. Ikusi bestela nola egin logo bat, letrak erabilita. Edo nola kudeatu koloreak pantailan. Behin sartuta, klik egin triangelu berdeetan aurrera edo atzera egiteko.
Frantsesez ere bai
Before & After ingelesez argitaratzen da. Baina 1996an Quebec-eko enpresa bat, Les Édition La Parenthèse, hasi zen Avant & Après argitaratzen, frantsesez. Zenbait artikulu berdinak ziren, eta beste hainbat egokitzapenak.
Sarean ez dut aurkitu enpresa horren arrastorik, baina badut haren helbidea, baten batek nahiago balu frantsesez jaso: Les Ëdition La Parenthèse, P.O. Box 205 Cap-Rouge (Quebec) G1Y 3C7 Canada.
Nola sortu zen mitoa
John McWade diseinatzaile ezaguna zen Kalifornian. 1985ean, diseinatzaile moduan zebilen enpresa utzi eta berea sortu zuen, PageLab, autoedizioan oinarritutako lehen diseinu enpresa. Ordurako Applek eginak zituen Macintosh ordenagailua eta laser inprimagailua, Adobek PostScript hizkuntza eta Aldusek PageMaker programa. Autoedizioa abian zen, beraz, eta jendea zur eta lur geratu zen John McWadek ordenagailuan egindako lehen lanekin.
Laster etorri zitzaizkion enpresa esanguratsuak lan eske: Aldus, Adobe eta Apple, besteak beste. Plantilla eta diseinu asko egin zituen enpresa haientzat, haien produktuak erabilita.
1990ean, berriz, Before & After sortu zuen, erakusteko nola egin diseinua eraginkorra eta ikusgarria. Hasieran PageMaker eta FreeHand programak erabili zituen, maketatzekoa eta marraztekoa, baina urteak aurrera egin ahala, beste batzuk sartu zituen, PhotoShop eta QuarkXpress, adibidez.
Bederatzi urtean zehar 30 ale argitaratu zituen, zein baino zein interesgarriagoa eta iradokizunez betea. 1999an, ostera, justu Before & After sarean jarri zuenean, isildu egin zen. Hala ere, PageLabek oraindik saltzen ditu orduko aleak, 10 dolar bakoitza. Hemen ikus ditzakezue orduko aleak, erosi nahi izanez gero.
Irakurleen iritziak
Jende askok uste du nik barne Before & After zela munduko aldizkaririk onenetakoa diseinu kontuetan, edo hobeto esanda, autoedizioarekin lotutako diseinuan. Honatx zenbait harpidedunen iritziak:
Erantzun
Sartu