Udazkeneko Ikastaroa zikloaren barruan ikastaroa emango da azaroaren 8an, 9an eta 10ean Miskinisen musika ezagutzen izenburupean. Lituaniako Vytautas Miskinisek berak eskainiko du ikastaroa. Miskinis zuzendaria eta konposatzailea da. Tolosan egin den Abesbatzen Nazioarteko Lehiaketan egon da aurreko egunetan epaimahaiko gisa. Ikastaroan parte hartzen duten pertsonek Miskinisek konposatutako obrak landuko dituzte Tolosako Hijas de Jesus ikastetxean.
Duela 9 urtetik hona, Udazkeneko Ikastaroa zikloaren barruan Gipuzkoako Abesbatzen Federazioak urtero ikastaro bat antolatzen du. Munduan zehar abesbatzak zuzentzen diharduten profesionalak ekartzen dira. Abesbatzen munduan maisu direnetako batzuk egon dira ikastaro honetan: Gary Graden, Suediako St. Jacobs abesbatzako zuzendaria; Maria Felicia Perez, Kubako Exaudi abesbatzako zuzendaria; etab.
Ikastaroak beti Tolosan egiten dira, Abesbatzen Nazioarteko Lehiaketaren ondorengo egunetan. Normalean, lehiaketan epaimahaiko gisa parte hartu dutenen artean bat aukeratzen da ikastaroa emateko.
Ikastaroaren helburua: abesbatzerako egindako musika eta konposaketa ezberdinak ezagutzera ematea zuzendari eta konposatzaile ezberdinen ikuspuntutik.
Norentzako dago zuzendua: abesbatzak zuzentzen dabiltzanentzat, abeslarientzat, eta oro har, interesa duten guztientzat.
Aurkezpena Donostian
Donostiako Koldo Mitxelena Kulturuneko Areto Nagusian egin zen ikastaroaren aurkezpena azaroaren 6an, asteazkena, goizeko 11:00etan. Han izan ziren Jose Mari Aierdi Gipuzkoako Abesbatzen Federazioko presidentea eta Vytautas Miskinis bera, ikastaroaren emailea. Esteban Urzelai aritu zen Miskinisek esandakoa ingelesetik gaztelaniara eta euskarara itzultzen.
Jose Mari Aierdi Gipuzkoako Abesbatzen Federazioko presidenteak esan zuenez, dagoeneko 50 pertsonak izena eman dutela ikastarorako eta Federazioarentzat ohore handia dela Miskinisen mailako pertsona bat Euskal Herrian gertuagotik ezagutzeko aukera izatea.
Vytautas Mikinisek behin eta berriz azpimarratu zuen Hondarribiako Javier Busto abesbatzeko zuzendari eta konpositoreak babes handia eskaini diola Euskal Herrira etorri den bakoitzean, eta hari esker, euskal musika ezagutzeko aukera izan duela. Lituanian euskal konpositoreen obrak gero eta gehiago ezagutzen direla aitortu zuen.
Duela 12 urte etorri zen Miskinis lehen aldiz Euskal Herrira Tolosan egiten Abesbatzen Nazioarteko Lehiaketara epaimahaiko gisa.
Bilboko CM Ediciones-ek Miskinisen obra ugari argitaratu ditu. Euskal Herriko abesbatzek gero eta gehiago ezagutzen eta kantatzen dituzte bere obrak, eta ondorioz, Miskinisek oso pozik dagoela aitortu du.
Vytautas Miskinis
1954an jaio zen Lituanian. Azuoliukas abesbatzan abeslari gisa hasi zen 7 urterekin. Azuoliukas hitzak pago txikia esan nahi due lituaniar hizkuntzan. Antza denez, han pagoa Lituaniako indarraren seinale da. Abesbatzeko zuzendari izendatu zuten 25 urterekin. Kaunas estatuko abesbatza eta Museun musicum ahots-taldea zuzendu ditu zenbait urtetan. Batarekin zein bestearekin sari garrantzitsuak jaso ditu.
Beste abesbatzak eta orkestrak zuzentzeko gonbidatu izan dute. Horretaz gain, hitzaldiak, abesbatzak zuzentzeko ikastaroak eta musika-hezkuntzako klaseak emanez ibili da mundu osoan. Hainbat nazioarteko abesbatzen lehiaketako epaimahaiko izan da. Pasa den astean Tolosan egin den 34. Abesbatzen Nazioarteko Lehiaketako epaimahaikide izan da.
Gaur egun gizon eta umeez osatutako Lituaniako Azuoliukas Boys Choir abesbatza zuzentzen du. Horrez gain, abesbatzen zuzendaritzako irakaslea da Lituaniako Musika Akademian eta Abesbatzen Federazioko presidentea ere bai. Lituaniako Abesbatzen Jaialdiko zuzendari artistikoa da, eta gainera, jaialdi horretako abesbatza berak zuzentzen du.
Konposatzailea da. 500dik gora obra egin ditu musika sakratu eta profanoaren barruan. A capella kantatzeko ehun motete inguru, 30 meza, Magnificat bat eta 300 bat kantu profano konposatu ditu. Obra horietatik gehienak umeen abesbatzerako idatziak izan dira. Bere obrak Europan abesbatzek gehien kantatzen dituztenetakoak dira. Hainbat lehiaketatan derrigorrez kantatu beharreko obrak izan dira. Abesbatz ugarik grabatu dute bere errepertorioa, eta Europa eta Amerikako hainbat herrialdetan argitaratu izan da.
Musika lengoaia anitza eta xaloa erabiltzen du. Gaur egungo harmoniaren baliabide ezberdinak folklore osagai batzuekin batu egiten dira, eta horrek guztiak erakargarritasun oso berezia eta onespen esanguratsua ematen dizkiote.
Ikastaroaren egitaraua
-Lekua: Hijas de Jesus ikastetxea, San Frantzisko kalea (Tolosa)
-Azaroak 8, ostirala: 8:30-21:00
-Azaroak 9, larunbata: 10:00-14:00 / 15:30-20:00
-Azaroak 10, igandea: 10:00-14:00
-Beata es, Maria
-Ave regina caelorum
-Cor mundum crea
-Beati mortui
-Jubilate deo
-Tibi laus
-Ubi caritas et amor
-Tota Pulchra es
-Tu es petrus
-Tantum ergo
-Gloria
Babesleak
-Gipuzkoa Donostia Kutxa -Gipuzkoako Foru Aldundia
Laguntzailea
-Tolosako Ekinbide Etxea (CIT)
Antolatzailea
-Gipuzkoako Abesbatzen Federazioa
Informazio gehiago: Nerea Pikabea Amundarain. Prentsa eta Komunikazio arduraduna (626-067293/943-653250). idatz iezadazu 943-515108 (bulegoa) / Gamon Zumardia, 7. 3. D. (20.100). ERRENTERIA.
Erantzun
Sartu