Teknologia albisteak

"Euskara eta kooperatibismoa" liburuaren aurkezpena Arrasateko Amaia Udal Antzokian

Erabiltzailearen aurpegia
Iker Barandiaran - Arrasate Press
2002-10-22 : 17:10

Joan den ostegunean, urriaren 17an, Arrasateko Amaia Antzokian, Kooperatibak eta Euskara liburua aurkeztu zuten eta bide batez Kooperatibista Euskaldunen Topaketa egin zen. Amaia Udal Antzokia leporaino beteta, ia 800 lagun. Ekitaldiaren hasieran, Amagoia Unanue eta Nahia Intxausti liburuaren egileek liburuko atal nagusiak azaldu zituzten. Beherago duzue nondik norakoa.


Ondoren, Euskalan presidente den Mikel Lezamizek, liburuaren zuzendari izan den Jon Sarasuak, Fagor taldeko presidente den Jabier Gantxegik, Juan Mari Otaegi MCC-ko batzorde iraunkorreko presidentea, Arrasateko alkate den Xabier Zubizarretak, Kontseiluko idazkari nagusi den Xabier Mendigurenek, Emuneko presidente Jesus Garmendiak eta Jaurlaritzako ordezkari batek, besteak beste kooperatiben eta euskararen inguruan berba egin zuten. Sarasuak hausnarketa eta autokritika sakona egin zuen kooperatiben eta euskararen inguruan, eta Xabier Zubizarretak klandestinitate garaietako euskara eskolak gogoratu zituen. Bitxikeri moduan, Eusko Jaurlaritzako ordezkariak, Patxi Goenagak, berba egin zuenean, ikusleetako bi zutitu eta isilik zeudela eta pankarta bidez, Osakidetzan euskararen beharra aldarrikatu zuten.

Ondoren, Josu Otadui erretiratua omendu zuten kooperatibetan euskararen alde egindako guztiarengatik, eta bukatzeko, kooperatibetako hainbat belaunaldik ekitaldi horretarako espreski egindako abestia abestu zuten. Horrek ere izan zuen arrakasta han bildutakoengan, nola ez.

Kooperatibak eta euskara liburuko egileek opaketan irakurri zuten testua (liburuaren laburpen edo azalpena, azken batean), bidali digute Lankitik. Jarraian duzu irakurtzeko moduan.

- 1 Arizmendiarrieta eta euskara: ibilbide adierazgarria

Liburuaren abiapuntu gisa, esperientzia honi hasiera eman zion gizonaren
biografia linguistikoa jaso dugu. Arizmendiarrietak bere bizitzan zehar
euskararekin izan zuen harreman gorabeheratsuaren inguruko azterketa alegia.
Bilakaera hau paradigmatikoa da gure gaia kokatzeko orduan. Honek ez du esan
nahi Arizmendiarrietak egindako bide horretan gaur egun ditugun kezka eta
arazo guztien inguruko erantzun denak topatuko ditugunik. Baina dudarik gabe
biografia linguistiko hori belaunaldi baten ispilu da eta belaunaldi horrek
sortu zituen hain zuzen ere kooperatibak.

Arizmendiarrietaren ibilbide linguistikoan hiru epe bereizi daitezke:

1. Gerra aurrea: Arizmendiarreita Barinagatarra izanik, eta Barinaga
komunitate guztiz euskaldun zela kontutan hartuz, bere ama hizkuntza euskara
zen. Are gehiago, esan dezakegu auzo eskolara joan arte, lau urterekin hain
zuzen, ez zuela kontakturik izan gaztelerarekin.

Hamabi eta hogeita bi urte bitartean, lehenik Arratia-Arteagako apaiztegian
eta gero Gasteizekoan egon zen. Adin tarte honetan Arizmendiarrietak
erdarazko trebetasuna lortu zuen arren, aurretik bizi zen euskararen
pizkunde giroak eta batez ere Gasteizen ezagutu zituen ereduak indartu egin
zuten berarengan euskararen nortasun hazia.

Gutxik dakite Arizmendiarrieta Kardaberaz euskaltzaleen bazkuneko partaide
izan zela. Eta bere kontzientzia linguistikoak eraginda, barreiatutako
euskararen altxorrak biltzen eta filosofiako lanak euskarara itzultzen aritu
zen.

Baina gerra zibilak ibilbide hori eten egin zuen. Gerra garaien Eguna
kazetan aritu zen erredaktore lanetan. Gerra galdutakoan Arzimendiarrieta
atxilotu eta ozta-ozta libratu zen heriotzatik.

2. Gerra ostea: Guda galtzeak debekua, beldurra eta prestigio eza ekarri
zuen euskararentzat. Honez gain Arizmendiarrietak, Arrasatera iristean
hankaz gora aurkitu zuen herria. Berak, beste askok bezala, euskararen
bukaera iritsi zela barneratu zuen eta ordura arte bere bizitzako
ardatzetako bat izan zen euskaltzaletasuna alboratu eta pragmatismoaren
bidetik jo zuen. Aurrerantzean Arrasate berreraikitzea bilakatu zen bere
helburu nagusi eta horretarako belaunaldi gazteen heziketari ekin zion.
Eginkizun horretan euskara ez zen ageri.

3. Kooperatiben hedapena: Baina diktadurak ezarritako debekupean belaunaldi
berri bat hasi zen ernetzen eta poliki-poliki euskal unibertsoan ekimen
desberdinak indarra hartuz joan ziren. Era berean, garai horretan sortu
ziren lehen kooperatibak Arizmendiarrietak hezi zituen gazta haiek
bultzatuta. Baina gazte hauen heziketan, eta ondorioz kooperatiben sorreran,
euskarak ez zuen tokirik izan.

Indar euskaltzaleak gero eta errotuago zeuden euskal gizartean. Honez gain,
Francoren heriotza gero eta hurbilago zegoela ikusita,
Arizmendiarrietarengan jarrera aldaketa eman zen eta bere azken urteetan
euskararen aldeko pauso txikiak ematen hasi zen. Horren adibide dira Lan
Kide Aurrezkitik euskararen alde bideratutako diru laguntza, kooperatibei
euskal izenak jartzeko eta estatutuak euskaratzeko eginiko eskariak edo T.U.
Lankide aldizkarian idatzitako euskarazko artikuluak.

Euskarazko motibazioaren berreskurapenaren lekuko ditugu hil aurretik
Arizmendiarrietak idatzitako azken hitza, euskaraz idatzitakoak hain zuzen
ere.


2 Arrasateko kooperatiba taldea eta euskara: azterketa historikoa

Liburuaren bigarren kapituluan historiari lau begiratu egin dizkiogu.
Batetik, kooperatibetan langileek euskararen alde egindako ekimenak eta
antolatu diren plangintzak jaso ditugu. Bigarrenik, hezkuntza kooperatibek
euskararen alde egindako apustuen ingurukoak bildu ditugu. Hirugarrenik,
kooperatibek euskarari bideratu dizkioten dirulaguntzak aipatu ditugu.
Azkenik, kooperatiben kanpo irudian euskarak izan duen lekua aztertu dugu.

2.1. Euskara lantegietan

Euskarak normalkuntzara edo garapen osora bidean pausoak eman ditu azken
hiru hamarkadetan. Hezkuntza euskalduntzen jarritako ahalegina izan da azken
30 urteotako garapenaren zutabe nagusia. Lan mundua izan da, beste batzuen
artean, euskararekin lotura gutxien agertu duenetakoa. Hala eta guztiz ere,
izan dira lana eta euskara uztartu dituzten ekimenak, batez ere 70.
hamarkadatik aurrera.

Horren lekukotza jaso nahi izan dugu liburuan.

Arrasateko Esperientzia Kooperatiboa sortu eta garatzen hasi zen gizartean
euskararen gaia lurperatua zegoen. Kooperatiben haserako urte haietan,
langileria oro har euskalduna bazen ere, euskara harreman informaletan
bakarrik erabiltzeko aukera zegoen. Idatzizko mailan nahiz bulegoetako
harremanak gaztelaniazkoak izaten ziren.

Baziren, hala ere, euskaltzale sutsuak. Batzar Orokorretan, adibidez,
euskara aldarrikatzen zuten kooperatibistak. Tailerrean, laneko hitz
teknikoak euskaratzen zituztenak ere bai.

Euskararen aldeko giro soziala 1975. urte inguruan bizi berritu zen. Urte
honetan zabaldu zen alfabetatze eta euskalduntze mugimendua euskal herri
osoan. 29.000 ikasle inguru aritu ziren esaterako, 1977. urtean, gauetan
euskara ikasten. Askok ezagutu dituzuen gaueskolak ziren haiek.

Arrasaten, 1960. hamarkadarako baziren ezkutuka euskara ikasten aritu
zirenak, Frantziskotarren eskutik. Bernabe Berezibar maisu harturik
hizkuntza hau deskubritzea zuten helburu gazte haiek. Beraiek dioten bezala
ikasle ignorante ausart haiek. Ikasleetako batek kontatzen zigun nola
gogoratzen zuen lehenengo klasea. Bernabek galdetu zien: "Bueno, eta zer
nahi duzue ikastea?" eta hauek erantzun: ba guk "ba euskera!"

Ondoren, 1968. Urtean, DANOK elkartearen sorrerarekin batera, euskara
eskolak talde honen baitan antolatzen hasi ziren. Orduan, herritar multzo
bat irakasle bilakatu eta euskara ikasi nahi zutenei eskolak eskaintzen hasi
ziren bere borondatez. 1976-1977 urtean Leintz bailaran 1090 ikasle aritu
ziren gaueskoletan.

Gutxira, irakasle talde batzuen artean ideia bat sortu zen. Herrian
eskaintzen ziren euskara eskola hauek kooperatibetan eskaintzea, alegia.
Arrazoiak: kooperatibek eskaera sozialari erantzun behar zioten. Gainera,
gaueskoletako ordutegia ez zen langileen bizimodura egokitzen. Erosoagoa zen
langileentzat lantegietan jasotzea euskara eskolak,modu honetara, halaber,
euskara ikasi nahi zuen multzo zabalago batengana iristeko aukerak sortzen
ziren.

1976. urtean, eskaera ezberdinak bideratu ostean, ULARCO taldean hasi zen
lehen euskara plana martxan.

1977. ikasturterako 600 lagun inguru ari zen euskara ikasten. 104
irakaslek, tartean kooperatibetako langile eta ikastoletako irakasleek,
beraien burua formatu eta ondoren besteei hizkuntza hau erakusteari ekin
zioten.

Askori ezagunak egingo zaizkizue ondorengo taulok. ULARCOko postu
bakoitzerako lortu beharreko euskara maila jasotzen zutenak.

ULARCOz gain, EROSKI, Lankide Aurrezkia, CAF, Michelin, Mamut eta beste
hainbat enpresatan antolatu ziren euskara eskolak.

1980. hamarkadan krisiak atea jo zuen ordea kooperatiba taldean ere.

Ondorioz, errentagarritasun ekonomikorik ez zuten ekintzak desagertu egin
ziren. Honekin batera, euskara eskoletako langile kopurua izugarri jaitsi
zen. Fagor elektratresnetako Kontseilu Sozialeko iraunkorrak "euskal
gizarteak oro har bizi izan zuen aldaketa" aipatzen zuen beherakada honen
arrazoi nagusitzat, hauen artean, krisi ekonomikoa eta nazionalismoaren
berotasuna jaistea. Honetaz gain, euskara ikasteko sortu ziren aukera
publikoek eragina izan zuten. Grafiko hau ikustea besterik ez dago euskara
eskolek izan zuten beherakadaz ohartzeko.

1978an 549 ikasle baziren, 1983. urtean 63 besterik ez ziren. Maisuak 54
izatetik 8 izatera igaro ziren.

Orduz geroztik, euskara eskolek beste erritmo eta ezaugarri batzuk izan
zituzten. AEK eta HABEren eskutik hartzen ziren eskolak eta taldeak ere
askoz txikiagoak izan ziren.

Euskara lan munduan sartzeko ahaleginek aurrera egin zuten ordea. Horren
adibide ditugu Arrasate Euskaldun Dezagun euskara elkartearen baitan
sortutako Euskalanen sorrera,1986. urtean, eta Euskararen Kultur Batzarrak
egindako gogoetak.

2.2 Hezkuntza kooperatibak Debagoienean

Hezkuntza kooperatibei dagokion atalean, hezkuntza kooperatibek euskararen
alde egindako apustuak jaso ditugu. Eskola publikoek euskalduntze prozesuan
egindako ahalegina ez genuke aipatu gabe utzi nahi ordea, nahiz eta ez dugun
liburu honetarako ikastetxe hauen inguruko ikerketarik burutu.

Debagoienean hezkuntza kooperatibek izandako euskalduntze prozesua
enblematikoa izan da eta berauek bailararen euskalduntzean izugarri lagundu
du.

Ondorengo grafikoek islatzen dute D eredua nola nagusitu den azken 25
urteetan. Arrasaten gazte euskaldunak 1981. Urtean % 36 baziren, 1996.
Urtean gazteen %79a osatzen zuten.

Urte hauetan zehar emaitza hauek lortu ahal izateko ahalegin ugari eta beste
hainbeste izerdi bota dituzte irakasle eta gurasoek.

Hezibide hezkuntza kooperatiba bilgunearen baitako hainbat ikastetxek
euskalduntzea helburu hartu zuten bere sorreratik. Bailarako hiru ikastolak
ditugu honen adibide garbiak. Ondoren, 1974. Urtean hain zuzen, ALMEN
ikastetxeak eskola erdalduna euskalduntzeko erronka beregain hartu zuen eta
10 urtetarako plana jarri abian. "Esperientzia hark bizitzan ezer ez dela
ezinezkoa ikusteko balio izan zigun" esaten zigun gurasoetako batek.

Behe mailatan euskara bere lekua egiten joan den heinean unibertsitate
mailan ere hasi da euskara sartzen. Horren adibide aztertu dugu Mondragon
Unibertsitatea. Unibertsitate hau osatzen dute 1997. Urtetik aurrera 3
fakultatek, Oñatiko Eteo, Eskoriatzako HUHEZI eta Arrasateko Goi eskola
politeknikoak.

Mondragon Unibertsitatea eratu aurretik, ordea, unibertsitate eskola gisa,
bakoitzak bere ibilbidea eta kultura propioa garatu zituen.

Hirurek ibilbide ezberdin bat burutu ostean, egun Mondragon Unibertsitateko
hiru fakultateek ezaugarri linguistiko beretsuak dituzten hartzaileak
dituzte.

Grafikoan ikus daitekeen bezala, MUn ikasten hasten diren ikasle gehienak D
eredutik datoz. Egun hartzaile euskalduna dute nagusiki MUko hiru
fakultateek.

Fakultate bakoitzak historia desberdina izan badu ere, egun hartzaile
berdintsuak izanik, hartzaile mota honi erantzuteko politika linguistiko
bateratu bat sortzearen beharra ikusten da. Ez bakarrik kantitateari
dagokionean euskarazko hezkuntza bermatuko duena, kalitateari dagokionean
ere eredu eleanitzean oinarrituz euskaldunak aintzat hartuko dituena baizik.

2.3. Kooperatibek fondoetatik eta aparteko ekimenetatik emandako
dirulaguntzak

Aurrez esan bezala, euskara hasieratik izan da esperientzia honen eta bere
partaide batzuen kezka, neurri batean edo bestean. Ardura honen adibide
garbia Arrasateko Kooperatiba Esperientziaren 8. printzipioan aurkitu
dezakegu:

"Euskara, hizkuntza nazional den aldetik, eta euskal kulturaren
bereizgarriak suspertzen laguntzea"

Printzipio honen funtsa kooperatiba askok estatutuetan jaso dute, ondorengo
artikuluak adierazten duen eran:

"Euskara izango da, gaztelaniarekin batera, hizkuntza ofiziala. Geroz eta
gehiago heda dadin, beharrezko neurriak hartuko dira"

Araudian jasotakoa betetze aldera, eredu kooperatiboak urteko emaitzetatik
hainbat diru bideratzen du fondo desberdinetara. Euskararen kasuan, beste
ekimen sozial batzuekin batera, diru laguntzak eta bestelako gastuak
Hezkuntza eta Kooperatiba Sustapenerako Fondotik bideratzen dira.

1998 urte garrantzitsua izan zen Fagor Taldean. Urte honetan diru laguntzak
ugaritzeaz gain, Emun kooperatibarekin euskara plangintzetarako akordioa
sinatu zen. Era berean, "Fagor Euskara Fondoaren" inguruko lehen
proposamenak planteatzen hasi ziren. Fondo honek Fagor Taldeko euskara
planetarako beharrezkoak diren baliabide finantziarioak bermatzea du
helburu eta aurrez aipatutako Hezkuntza eta Kooperatiba Sustapenerako
Fondotik egindako ekarpenez elikatzen da. Oro har, euskarari emandako
bitarteko guztien zatirik garrantzitsuena euskara planen beharretarako
erabiltzen da.

Lan Kide Aurrezkiaren kasuan, ekimen aipagarriena, batez ere burutu zen
garaiagatik, ikastolen sorreran eskainitako laguntza izan da. Lan Kide
Aurrezkiak 1976 urtean Irakaskuntza Departamentua sortu zuen eta ikastolei
hiru motatako laguntza eskaini zien lau urtez. Alde batetik laguntza
finantziarioa, bestetik aholkularitza zerbitzua eta azkenik pedagogi
zerbitzua. Honez gain Euskadiko Kutxak hainbat kultur ekintzei bultzadatxoa
eman zien garai zail haietan.

2.4. Euskara kooperatiben kanpo irudian

Arlo honetan ahaleginik goiztiarrean eta landuena Lan Kide Aurrezkiak egin
zuen. 1964 erako sukurtsal berriak iragartzeko, hainbat aldiz euskara
erabili zuten kartelak egiteko orduan.

Honez gain, kanpo irudian polemiko xamarrak izan ziren kanpaian batzuk ere
jarri ziren martxan 1977 urte inguruan.

Gaur egun ere bezero euskaldunekin euskara hutsezko harremanak izatearen
aldeko apustua egin da eta horretarako hainbat neurri hartu. Ea Euskadiko
Kutxak esperotako emaitzak lortzen dituen.

Banaketa taldean normalizazio pausorik aipagarriena Consumer produktuena da.
Ekimen honek aukera ematen du produktu hauei buruzko adierazpenak estatu
osoan euskaraz irakurtzeko, estatuko beste hizkuntza ofizialekin batera.

Industria taldearekin bukatzeko, esan arlo honi ez zaiola heldu aurreko bi
arloetan bezain beste, baina baditugu adibide kuriosoak. Esate baterako 1964
urtean Zeruko Argian Fagorrek egindako iragarkia.

Lantokietan besterik egin ezin zenean, saiatu ziren euskal nortasuna
izenetan islatzen. Dena den denborak aurrera egin ahala,
internazionalizazioa eta beste hainbat faktore joera honentzat kaltegarriak
izan dira.

3 Gaur egungo euskara plangintzak

Liburuaren hirugarren kapituluan gaur egun enpresetan martxan den
plangintzen aro berria aztertu dugu.

1990. Hamarkadatik aurrera lantegietan euskararen erabilera areagotzeko
proiektu berri baten lehen hastapenak zehaztu ziren.

Plangintza berri hauen aurrerapena, bi aspektutan azpimarra daiteke.
Batetik, ikuspegi kualitatibotik, plangintza hauek metodologian eta
filosofian izandako garapenari dagokiona. Bestetik, lorpen kuantitatiboa.

Plangintza berri hauen helburua euskararen erabilera ugaritzea izango da.
Orain arte, ordea, ezagutzan sakontzeko saiakera egiten zen. Hemendik
aurrera, metodologia batean oinarriturik, planak sekuentziazio bat izango
du, aurre azterketa bat, diseinua eta ebaluazioa. Era berean, eragile batzuk
izango dira planeko protagonistak: teknikaria, euskara batzordea,
koordinatzailea, zuzendaritza, eta nola ez, langileak eurak. Komunikazio
egoerei dagokien hizkuntza portaera hobetzea izango dute helburu eta
ondorioz aldaketa hori eman dadin trebatuko dira langileak.

Halaber, plangintza berri hauen sorrera bultzatu zuen filosofiak bi
abiapuntu ditu. Batetik, azken urteetan euskararen aldeko jarreraren
heldutasunean sortu den kontzentziazio berria. Bestetik, belaunaldi berriek
euskaraz egiteko duten prestakuntza.

Lorpen kuantitatiboaren haritik, plangintza berri hauek sorreratik hona
bilakaera gorakorra izan dute.

Ondorengo grafikoak ikustea besterik ez dago. 1996. Urtean hiru lantegietan
zeuden martxan euskara planak.

1998. Urtean 24 enpresa zeuden planetan sartuak.

2002. Urtean, berriz, 57 lantegi dira.

Aipatu gabe ezin utzi, erabilera planak abian jarrita dituzten enpresen %55
kooperatibak direla. Gainera, Euskal Herri mailako kooperatiba
garrantzitsuak sartu dira plangintza hauetan.

Horretaz gain, Sozietate anonimoak sartu dira planetan eta sindikatuak ere
gaia lantzen hasiak dira.






Erantzun

Sartu