Xenpelar Zentroak jarri du doinutegi hori sarean. 1980tik bildutako doinuak dira eskura daitezkeenak. Momentuz, dagoen doinutegirik handiena da aurkezten dena. Dokumentazio Zentroak material hori edozeinen eskura jarri du, doan, eta eskuratzeko modu errazean.
Lehendik era argitara emanda zegoen doinutegi hau lau liburukitan. 2.192 doinu zituen batuak Juanito Dorronsorok. Orain, bosgarren liburukiari muzin egin eta sarea aukeratu du bere lana erakusteko. Datu base hau 1995ean Bertsozale Elkarteak argitaratu zuen Joanito Dorronsorok urteetan bildu eta sailkatutako Bertso Doinutegiaren eguneraketa da.
Momentu honetan 2775 doinuz osatuta dago eta aurrerantzean eguneraketak automatikoki egingo dira, horretarako "Iradokizunak" atala jarri da zuen zuzenketa, aholku etab. jasotzeko. Bilatzeko sistema oso da garatua eta modu askotara egin daitezke bilaketok: jasotzailea nor den jakinda, izenburua, non argitaratua dagoen...
Orain, partituretan irakurtzen ez dakienak ere gozatu ahal izango du doinuez, Internetek audioa erabiltzeko modua ere ematen baitu. Liburukietan agertzeak, bestetik, jende multzo zehatz batengana iritsi eta horretan geratzea ekar zezakeen, baina orain, nazioartean jakingura duen guztiak ere izango ditu doinuok eskura.
Dorronsorok esan duen moduan: "Doinu, aire, melodia, musika, errezitapen, kantu, abesti edo beste zenbait izenez baliatu gara euskaldunok. Aire hitza erabili dute gehienbat Ifarraldeko senideek eta baliagarri derizkiot baina hitz honek melodia ezezik, Hegoaldekoentzat behintzat, esanahi gehiago ere badituenez, gure eginkizunerako agian zentzu irekiegia duela eta doinu hitza aukeratu dut, batipat zehatzagoa delako, eta ondorioz bilduma honi Doinutegia deitzea erabaki dut."
"Kalitate aldetik kolore guztietako loreak aurkituko dituzu hemen, nola ez; eder, itsusi, xume, bikain, basati, arrotz... dagoena jaso egin dut. Eta berdin esan nezake nolakotasunaren aldetik; sarkor, txepel, indartsu, alai, goibel, tolesgabe, ezti, garratz... eta adjetiboak ilaran luza nitzazke. Aurkitu dudanari ez diot inongo mugarik edo zentsurarik ipini. Dagoena eta dagoen guztia zerbitzatu eta eskura ipini beste asmorik ez dut izan."
"Ahozko mintzamena eskolan, kalean eta etxean bultzatu nahiean gabiltzan honetan, ez zaigu gaizki etorriko haur kantu, jolas-dantza eta koplagintza arineko melodia jostalariak eskura edukitzea adibidez. Baina badakit euskaldun musikazale eta kantariak ere topa dezakela bere gustuko bitxi aukera-aukerakoren bat, kantutegietatik baino gehiago agian bertsolarien tradiziozko iturri bizitik jaso ahal izan ditudan ale ineditoen artean. Gure herri eta giza bizitzak historian zehar Pirineo eta Kantauri arteko lur, eguraldi-giro eta naturarekin harremanetan izan dituen hamar mila haserre-pozaldi, hitzjoku-jolas, ideia eta sentimendu nola adierazi dituen bertso kantuz jakiteak, bide eman dezaiguke aurrerantz ere geureak kanporatzeko."
Erantzun
Sartu