Teknologia albisteak

"Terminologia eta espezialitateko hizkerak" jardunaldiak EHUn

Erabiltzailearen aurpegia
Iñaki Ugarteburu - EHU
2002-09-30 : 11:09

Terminologia eta espezialitateko hizkerak jardunaldiak EHUn. EHUko Euskara Institutuak antolaturik, hiru egun eman dituzte jardunean 125 irakasle, teknikari eta profesionalek euskararen terminologia eta testu teknikoen gorabeherak aztertzen.

Hasiera ekitaldian EHUko errektore Manuel Monterok hitz egin zuen, baita Miren Azkarate sailburuak eta EHUren Euskara Institutuko Xabier Alberdik ere. Juanjo Larrea, Euskara Errektoreordea izan zen ekitaldiari amaiera eman ziona. Miren Azkaratek orain arteko ibilbidea aipatu zuen, terminologia lanean 20 urtean jardun diren hainbat lagun bertan ikusita, eta etorkizuneko lan eta zereginak aipatu zituen. Xabier Alberdi jardunaldiei buruzko kontu eta zehaztasunak eskaintzen aritu zen eta Euskara Institutuak gero ere halako jardunaldiak antolatzeko asmoa duela adierazi zuen.

Parte-hartzaileen erdiak EHUko hainbat ikastetxe eta sailetakoak izan dira, zientzia eta teknologi arlokoak nahiz giza eta gizarte zientzetakoak. Bestalde, 60 parte-hartzaile inguru izan dira erakunde publiko eta enpresa pribatuetatik etorri direnak: unibertsitateak, hizkuntza zerbitzuetako langileak, itzultzaileak, irakasleak, administrazioko teknikariak, hiztegigileak...

Lehen egunean, kanpoko unibertsitateetatik (Pompeu Fabra eta Salamanca) etorri ziren irakasleek hitz egin zuten terminologiaren teoriaz (Teresa Cabré), terminologia lanaren metodologiaz (Mercè Lorente) eta zientzia eta lexikografiaz (Bertha Gutierrez). Ahalegin berezia egin zuten hiru irakasle eta ikertzaileek terminologiaren ikuspegi orokorra eta, aldi berean, kritikoa, erakusten, beren urteetako eskarmentuaz baliatuz.

Bigarren egunean, goizean, hainbat erakundetako ordezkariek hitz egin zuten euskararen terminologiaren etorkizuneko plan eta zereginen inguruan: Araceli Diaz de Lezana Kultura Sailaren babesean eratzear dagoen Terminologia Batzordeaz aritu zen (asmoak ez ezik, azken asteetan izan diren berriak aipatu zituen, eta batzorde horren lanaren metodologiazko zertzelada nagusia aipatu zituen); Miel Loinaz, UZEI erakundeak eratu duen Euskalterm datu-bankuaz hitz egin zuen eta Eusko Jaurlaritzaren webgunean kokatua dagoen erreferentziazko produktu horren eraketa, eguneratze eta hobetze lanaren gorabeherez; Iñaki Ugarteburuk EHUko Euskara Institutuak terminologia lantzeko dituen irizpideak eta asmoak azaldu zituen (bereziki aipatu zuen terminologia, beti ere, testuei loturik aztertuko dutela eta orain arte egindakoa hartuko dutela abiapuntu, baina ereduzkotzat har daitezkeen testuak landuz eta aztertuz).

Hortik aurrera euskara teknikoaren inguruko gaiak jorratu ziren. Horretarako, 15 irakasle, ikertzaile, hiztegigile eta profesionalek aztertu zituzten testuen, hiztegien, gramatikaren eta kazetaritza munduaren gorabeherak. Testuen atalean, Koldo Garai, Euskara Berezituaren Mintegia, Julio Garcia Garcia de los Salmones eta Juan Garzia izan ziren hizlari. Euskara Berezituaren Mintegiak hitz-hurrenkerari eta puntuazioari buruzko proposamenak plazaratu zituen, eta EHUko Euskara Institutuko Juan Garzia katafora-esapideen gaur egungo nahaspilan argi egiten saiatu zen, baita proposamen zehatzak eskaintzen ere.

Hurrengo saioan, Antton Elosegik xede berezietako hizkeren euskal munduko tradizioa aztertu zuen, Code & Syntax-eko Luis Fernandezek euskal terminologia datutegiek publiko, doako eta erabilera libreko izan beharko luketela proposatu zuen, hartarako arrazoi eta komenientziak argi azalduz, eta Mikel Morrisek hiztegigintzako hainbat metodologia arazo aipatu zituen bere eskarmentuaz eta orain arteko ibilbideaz baliatuz. Gramatika-arazoei buruzko saioan, EHUko irakasle izan ziren hizlari: Jaione Agirre, Xabier Alberdi, Jesus Mari Makazaga, Igone Zabala eta Jose Ramon Etxebarria. Arlo horretan hainbat interesgune badirela erakutsi zuten, hala lexikoan erabakigarri gertatzen diren arazo morfosintaktikoak, nola izaera linguistikotik urruntzen den matematikako formulazioaren araugintza.

Azken saioan EHUko Asun Aierbek, Xabier Altzibarrek, Javier Diaz Nocik eta Jotxo Larrañagak hitz egin zuten administrazioko eta kazetaritza munduko hainbat gai jorratuz.

Euskara Institutuak terminologia eta espezializazioko hizkerei buruzko gogoeta egin nahi izan du jardunaldi hauekin, hiru helburu gogoan hartuta: hainbat gai zehatz aztertzea, arlo horretako profesionalek elkarren berri izateko eta bakoitzak etorkizunerako dituen asmoak ezagutzeko aukera eskaintzea, aurrez aurreko eztabaidarako eta iritzi trukerako lekua eta aukera eskaintzea. Hori dela eta, jardunaldi hauek aztertu ondoren, datozen urteetan antzekoak antolatzen saiatuko dela adierazi zuen Euskara Institutuak. Gainera, jardunaldi hauetako lan guztiak argitaratuko ditu laster Euskara Institutuak.

Erantzun

Sartu