Teknologia albisteak
1

Literatur itzulpengintzari buruzko jardunaldiak

Erabiltzailearen aurpegia
Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea - EIZIE
2002-09-27 : 14:09

EIZIEk literatur itzulpengintzaren inguruko jardunaldiak antolatu ditu, urriaren 2tik 4ra, Donostiako Miramar jauregian, Conseil Européen des Associations de Traducteurs Littéraires (CEATL) delakoak urriaren 4an eta 5ean Donostian bertan egingo duen biltzar nagusiarekin bat.

Sustatuko hitzorduetan ere sartua genuen jardunaldi honen berri, baina berria zabaltzeko asmotan, Conseil Européen des Associations de Traducteurs Littéraires-ekin (CEATL) antolatuta, bi gai nagusi izango direla esan gura genuke:

  • Urriaren 2an, Bibliaren eta liturgia testuen itzulpena.
  • Urriaren 3an, literatur itzulpengintza hizkuntza eta kultura txikietan.

Hastapeneko hitzaldia Eugene Nida itzultzaile eta hizkuntzalari ospetsuak eginen du, urriaren 2an, arratsaldeko 6etatik 7ak bitartean, «Some overlooked problems in Bible translating» (Ahantzitako arazo batzuk Bibliaren itzulpengintzan) izenburuaz.

Segidan, Ramon Irizar eta Eustasio Etxezarreta mintzatuko dira, «Bibliaren eta liturgia testuen itzulpena» gaiaz. Elizen arteko Biblia euskaratu zuen taldeko kide dira biak.

Urriaren 3an, arratsaldeko 6etan, Andu Lertxundiren eta Jorge Jimenezen arteko elkarrizketa izango da, «Itzulpena itzulera da» izenburuaz.

Arratseko 7etan, hiru mintzaldi labur izanen dira, hizkuntza «txikietan» literatur itzulpengintzak dituen ezaugarri eta arazoez: Nina Gross (Danimarka) «Small country, big language» (Herrialde txikia, hizkuntza handia); Irena Trenc-Frelih (Eslovenia) «Being Small - its advantages and problems» (Txikia izatearen abantailak eta arazoak); eta Richard Podany (Txekiar Errepublika) «Small language means small book market» (Hizkuntza txikiak esan nahi du liburu merkatu txikia).

Urriaren 4an, berriz, EIZIEko ohorezko bazkideak izendatuko ditugu, arratsaldeko 7etan, Miramar jauregian. Testu sakratuak eta liturgia euskaratzen ahalegindutako aitzindari hauek izendatuko ditugu: Joxe Agirre "Joxe Alkiza", Hiazinto Fernandorena, Patxi Altuna, Xalbador Garmendia, Jose Luis Alvarez Enparantza "Txillardegi", Andoni Lekuona, Juan Mari Lekuona, Dionisio Amundarain, Txomin Peillen, Mikel Atxaga, Jose Maria Satrustegi, Lukas Dorronsoro eta Jose Luis Zurutuza.

Informazio gehiago: http://www.eizie.org

Erantzunak

editorea
2002-09-30 : 11:38

Zerrenda honetan itzultzaile dexente dabil eta zoriondu ere egin nahi nituzke. Gaur zuzentzaileen eguna da. Zorionak!


Erantzun

Sartu