Teknologia albisteak

Google arriskuan?

Erabiltzailearen aurpegia
Asto Rider
2002-07-09 : 13:07

Google-k lehia gogorrari aurre egin behar dio. Orain arte Interneteko bilatzaileetan nagusi izatea lortu baldin badu, bere posizioa arriskuan egon daiteke, finantza eta lege arrazoiak direla medio.

Lau urte dira Google USAn lanean hasi zenetik; bi urte eskas Europara indartsu hedatu zenetik. Tarte horretan, bilatzaile guztien aurretik jarri da Interneten.

Arrakasta itzelaren adibide huts bat: Frantzian Interneteko erabileraz aldian behin egiten den «barometroak» (zazpigarren neurketa, 1ère Position-Xiti) erakutsi du bilatzaileetan egindako kontsulta guztien %48 biltzen duela Google-k , zerrendan hurren dagoen Yahoo!-renetik oso urrun(%15,8).

Arrakasta ikaragarri hori zergatik? Bi arrazoi landu ditu Google-k bere aldeko estrategian. Alde batetik, bilaketak egiteko teknologia bizkorra erabili du. Bestetik, bilaketaren oinarrian diren dokumentuen datu basea arin eta etengabe zabaldu du: hastapeneko 30 milioi webguneak, gaur egun bi bilioi dokumentu dira, ez bakarrik web orri tradizionalak, baizik horiekin batera PDF dokumentuak, Word, Excel edo PowerPoint dokumentuak, eta abar. Gainera, 2001eko otsailean , Usenet eztabaida foroetako artxiboak erosi zituen Google-k, berehala kontsultagarri jartzeko, eta hurrengo uztailean irudi bilatzailea ezarri zuen. Lehenago, jakina, ODPren direktorioa txertatua zeukan bere bilatzailean.

Bilaketaren inguruan gero eta zerbitzu osagarri gehiago eskaintzeko estrategia horretan, bi atal ezarriak ditu Google-k, oraingoz frogatan eta ingelesez bakarrik:

  1. Google glossary – Hitz bat idatzi, eta hitz horren definizioak bilatzen ditu amaraunean.
  2. Google news – Munduko egunkari nagusietan argitaratutako berrietan bilatzeko aukera.

Hodei beltzak zeruan...

Sarean lortu duen arrakasta ukaezinaren ondoan, baina, Google-k baditu beste buruhauste larri batzuk. Teknologia berrien inguruko ekonomiak ez du, oraingoz, eredu egonkor bat aurkitu, eta «merkatuaren gorabeheren» aurrean Google-k ez du sendotasun handirik erakutsi. Adibidez, burtsan kotizatzen hasteko urratsak, arrakasta izateko zalantzarik ez dagoen arren, arazo iturri bihurtu zaizkio. Eric Schmidt, 2001eko martxoaz geroztik Google-ren buru egiten duenak orain dela gutxi New York Times egunkariari aitortu zion harrituta gelditu zela 2001eko irailean burtsara sartzeko aurkeztu plana atzera bota ziotenean.

Gaur egun, Google-ren diru sarrerak publizitatetik datoz gehienbat. Horrekin batera, beste diru iturri indartsu bat da bere teknologia eta jakintza beste webguneei saltzea: 130 bat enpresa badira Google-ren teknologia darabiltenak. Alabaina, zalantzan dago Yahoo!-k 2000ko ekainaren Google-rekin bi urterako izenpetu zuen hitzarmenak (6,5 milioi dolarrekoa!) aurrera jarraituko ote duen. Beharbada, hitzarmena egin zutenean, Yahoo!-k ez zuen espero Google hain bizkor garatuko zenik: orduan bazkide izan zitekeena, lehiakide bihurtu zaio gaur...

Beste arazo bat da Google-ren publizitate ereduaren egoera juridikoa. Joan den apirilaren 5ean, Overture bilatzaileak (lehen GoTo) auzitara eraman zuen Google. Izan ere, bilatzaile horrek bilaketaren emaitzak sailkatzeko enpresek ordaindutako diru kopuruaren irizpidea erabiltzen du: zenbat eta gehiago ordaindu bilatzaileari, orduan zure webgunean lehenago agertuko da zerrendan. Google-k, aldiz, AdWords Select izeneko sistema darabil: bilaketa emaitzen orrian, iragarkia goiko eskuinean ageri da, baina internautek iragarkiaren gainean egindako klik kopuruaren arabera ordaintzeko du enpresa iragarleak. Overture-k lehiakortasun printzipioaren aurkakotzat jotzen du sistema hori.

Lehiatzaile berriak

Google-ren aurkako mehatxurik handiena, dena dela, bere arrakasta sortu duen esparru berean gerta daiteke: bilaketa emaitza egokiak erakustea ia beti. Lehiatzaile berri bat sortu zaio horretan: Teoma. Hasieran bilatzaile amateur bat zena, 2001ean AskJeeves bilatzaile zaharrak erosi zuen, eta 2002ko apirilaren 2an zabaldu zituen ateak bilatzaile berriak.

Google-k bezala, Teomak ere webgune baten «garrantzia» neurtzeko, beste web orrietatik hara egindako loturak hartzen ditu kontuan. Alabaina, Google-k aurkitutako orri guztiak plano berean jartzen dituen bitartean, Teomak mailaketa bat ematen du, gai bereko orri kopuruen indizeari begiratuta. Beste era batean esanda: ikuspegi kuantitatibo hutsaren ordez, ordenagailuak egindako mailaketa kualitatiboa ematen du, eta horrek esan nahi du askotan emaitza egokiagoak lortuko dituela. Beraz, Google-k hasieran AltaVista-ren aurrean zeukan abantaila berdintsua izan dezake orain Teomak. Geroak esango du bilatzaile berri horrek bidea Google-k bezain ongi urratzen asmatuko ote duen.

i12n

Euskaldunon aldetik, dena dela, Google-k oraingoz bere alde ditu gauzak Teomaren aurrean: Google-k euskarazko irterfazea dauka, Teomak ez! Txantxak alde batera, Google-k ahalegin handia egin du bere bilatzailea (itxura eta sistema) internazionalizatzeko eta, beraz, Interneteko erabiltzaileen beharretara egokitzeko. Arrakastaren zati bat, esanguratsua ziur asko, ahalegin horri zor dio. Ikusteko dago teomaren estrategia zein izango den esparru horretan.

Erantzun

Sartu