Beren lanaren zutabetzat Internet soilik duten enpresentzako, maiz, oharkabean iristen dira sareko aldaketa bortitzak. Musika artxiboen trukaketa negozioa adibide bat da, eta erakusle nabarmenena Napster ezaguna. 60 milioi erabiltzaile izatera iritsi zen arren, iaz epailearen aginduz itxi zuten, eta orain beren zerbitzua berriz aireratzeko saiakerak egiten ari dira.
Jakina da Interneteko aldaketak argiaren abiaduran suertatzen direla, eta beren oinarria sarean duten enpresentzako gailurra eta zuloaren arteko bidea arras laburra izan daitekela. Iaz, disko etxeek epaiketa bat irabazi ostean, musika elkartrukatzeko egina zen Napster zerbitzaria itxi egin zuten eta ordutik ez dute berriz martxan jarri. Orain, harpidetza bidezko zerbitzua eskaini nahi du enpresa hau erosi duen Bertelsmann komunikazio etxeak.
Iragan astean zorabiatzeko moduko egunak igaro behar izan zituen Shawn Fanning Napster zerbitzuaren asmatzaileak. Gazte honek 19 urte besterik ez zituela gauzatu zuen izen bereko programa eta proiektua eta, hilabete gutxiren buruan, Interneten musika elkartrukatzeko zerbitzaririk ezagunenaren jabe zen. Baina hil honen lehenengo hasieran, Fanning eta Napsterreko zuzendaritzak dimisioa aurkeztu zuten, Bertelsmann telekomunikazio enpresarekin mantentzen ari ziren negoziazioek porrot egin ondoren. Disko etxeek Napsterren aurkako epaiketa irabazi ostean, enpresa alemaniar erraldoi honek musika trukaketa zerbitzua diruz laguntzea erabaki zuen. Eta egunotan Napster oso osorik eskuratzeko negoziazioak izan dira Bertelsmann etxearen eta orain artean jabe izan direnen artean.
Itxura denez, Napaster lurra jotzekotan zen eta horrek eragin zituen lehenago aipatu dimisioak. Azken hilabeteotan 70 langile inguru kalean geratu ziren, eta Bertelsmannen laguntzarik gabe irtenbiderik ez zegoela zirudien. Mp3 formatuan konprimitutako musika artxiboak trukatzeko P2P (peer to peer) sistema darabilen etxe hau honezkero desagertuta egongo litzateke, Bertelsmann erraldoiaren babesarengatik izan ez balitz. Izan ere, azkeneko urtean 96 milioi euro inguru inbertitu zituen sistema hau eraldatu eta ordainketa edo harpidetza bidez negozioa berriz martxan jartzeko. Azkenean, hala ere, askoz ere prezio merkeagoan erosi ahal izan du etxe germaniarrak, 8,6 milioi eurotan, gutxi gora behera. Napsterren fundatzaile eta zuzendari teknikoa den Fanning gazteak enpresara bueltatuko dela iragarri du, nahiz eta orain Bertelsmann-en agindupean egin beharko duen lan. Presidente exekutiboa den Konrad Hilbers-ek ere bere dimisioa aztera bota eta kargura bueltatzeko asmoa duela adierazi du.
Bere momenturik osasuntsuenan 60 milioi erabiltzaile izatera iritsi zen Napster, baina epaileek egile eskubideak ordaindu ezean ixtera behartu zutenetik, beste zerbitzari batzuk merkatua irabazi eta Mp3 artxiboen negozioaren jabe egin dira. Ez dute, ordea, Napsterren arrakasta errepikatzerik izan. Zentzu honetan, harrigarria da enpresa munduko mugimenduak ere nola suertatzen diren askoz ere abiadura azkarragoan Interneten. Hilabete gutxiren buruan Bearshare, Audiogalaxy, Kazaa edo Morphius bezalako etxeen artean banatu da, gehien bat, sareko musikaren negozioa. Bestalde, disko etxeek ere beren katalogoak Music.net edo Pressplay bezalako webguneetan jartzea erabaki dute, arrakasta urriarekin. Izan ere, azkeneko bi gune hauek ez dute abestiak norbere ordenaodrean gordetzeko aukerarik ematen, eta musika eskaintza ere ez da Napsterrena bezain zabala. Ikusteko dago oraindik Bertelsmann etxeak Napster eraldatu eta zerbitzua berriz sareratzen duenean hasierako proiektuaren arrakasta errepikatzerik ba ote duen.
Erantzun
Sartu