Datorren astean Literatura Astea egingo da Mondragon Unibertsitatearen Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean. Aurtengoa apirilaren 22an hasi eta 26a arte luzatuko da. Egun horietan, umorea landu duten idazleak, antzezleak eta marrazkigileak izango ditugu Eskoriatzan.
HUHEZI galaz jantziko da datorren astean, Literatura Astearen IV. aldia aterpetzeko. Aurtengo asteak goiburu bat izango du: Literatura eta Umorea. Hori dela eta, beren lanean umorea erabiltzen duten artistek izango dute hitza Eskoriatzan.
Egitaraua
Babes pribatua
Aurtengo Literatura Asteak babes publikoa eta pribatua izan ditu, lehenengo aldiz. Izan ere, bai Eskoriatzako Udalak eta bai inguruko zenbait enpresak (Alza, AZK, Fagor Automotion, Fagor Ederlan, Fagor Elektratresnak eta Tesa) diruz lagundu diote Literatura Asteari. Antolatzaileontzat garrantzitsua da, oso, babes hau, urteetan egindako lan onaren onespena erakusten du-eta.
Historia apur bat
Arantza Ozaeta aste honetako antolatzaile nagusiak honela gogoratzen du Literatura Astearen historia: Badira lau urte abentura honetan sartu ginela. Hasierako urte hura gogoratzen dut orain oso apala izan zela konbidatu aldetik, soilik bi idazle etorri ziren klaseko eskolak osatu aldera: Patxi Zubizarreta eta Juan Kruz Igerabide, eta hitzaldia gelan eman zuten Humanitateko ikasleei soilik. Saio haiek arrakastatsu izan ziren, idazleen eskola partikular bat jasotzea bezalakoa izan zen hura Eta ikasleen harrera bero hark zabaldu zuen gure ikusmira.
Hurrengo urtean literatura astea antolatu zen, baina egunero idazle bat edo literaturan aditu bat genuela. Orduan izan ziren: Koldo Izagirre Literatura eta kartzela errezitaldi ederrarekin; Aitzpea Azkorbebeitia durangarrak Joseba Sarrionandiaren literaturgintza aztertu zuen; Mikel Garmendia itzultzaileak Manolito Gafotas itzultzeak eman zizkion burukominak kontatu zizkigun; eta Asier Serranok erakutsi zigun literatura eta musika hertsiki lotuak daudela askotan.
Egia esatera, bigarren urte hartan bi literatura aste antolatu behar izan genituen: bata arratsaldez eta beste goizez, bata Humanitateko ikasleentzat, beste Irakasletzakoentzat. Bigarren saio hartan izan ziren: Asier Serrano (hemengo ikaslea izan zenez, berriro etortzeko eskatu ziguten); Yolanda Arrieta, haur eta gazte literatura idazlea; Pello Añorga ipuin kontalaria; eta, azkenik, mahai inguru batean, literatura aldizkarien gaia jorratu zen: Hegoaldetik Putz aldizkarikoek hartu zuten parte, eta Iparraldetik, Luzien Etxezaharretak Maiatz aldizkariaz ele egin zuen.
Hiru urteotan hauts batzuk harrotu genituen arren, iazkoa izan zen urte garrantzitsua. Aukera-aukeran etorri zitzaigun Irakasle Eskolaren 25.urteurrena. Aurrekontu polita eskuratu, eta asmoa goitik bideratu genuen. Lehenengoz ipini genion asteari goiburu bat, titulu orokor bat. Buelta batzuk eman ondoren, hauxe erabaki genuen: Errealitatea idazlearen eskuartean. Deiak egiten hasi eta pentsatu baino errazago: Egaña, Atxaga, Artze ekarri genituen, sortzaile konsagratuak; eta bestetik gazteleraz idazten duen Espido Freire saritua; hirugarrenik, idazle gazteen ahotsa entzun genuen, Kirmen Uribe, Iban Zaldua, Gerardo Markuleta eta abar Poesiaren kontra, poesiaren alde saio dialektikoan.
Urte guztiak izan dira bereziak, baina iazkoak izan zuen bereizgarri bat: Fakultateko ateak mundu guztiari zabaldu zitzaizkion. Erantzun bikaina izan genuen: ikasleen partaidetza ederra izan zen, eta kaleko jendea ere urreratu zen honaino.
Erantzun
Sartu