Teknologia albisteak

Software libreak politikariak behar ditu!!

Erabiltzailearen aurpegia
Gari Araolaza - C&S
2002-03-11 : 11:03

Software librea hain ona eta osasuntsua bada, zergatik ez da administrazio eta enpresa haundietan erabiltzen? Azken finean hori erabaki tekniko bat izango da. ... ala ez?

Ez dut uste erabaki tekniko hutsa denik. Horregatik politikari ez-teknikoei ahalegin bat eskatzen diet, software librearen filosofian pixka bat murgildu, eta bere erabilpena instituzioetan bultzatu dezaten. Ez dut politikariengandik espero TCP/IP edo LDAP batek nola funtzionatzen duen ulertzea, baina bai software librearen filosofia.

Gaiaz pixka bat arduratu den edonorentzat ezagunak dira software librearen abantailak . Baina softwarearen erabilpena ez dago parekatuta fiabilitate horrekin. Zergatik izango da?

Inertzia ikaragarriak daude instituzioen eta enpresa haundien informatika departamentuetan, haundiagoak zenbat eta instituzio haundiagoa izan. Gauzak horrela, daramaten bideari buelta ematea ia ezinezkoa da ez badago erabaki ausart bat, software politika konkretu batetara bideratuta.

Kuriosoa da ikustea nola gure administrazioan software librea modu argian bultzatzen ari den saila Eusko Jaurlaritzako Hizkuntz Politikarako Sailburuordetza izatea. Informatikari asko izango dituzte beraiekin lanean? ala filosofia eta politikari begiratutako erabaki ez-tekniko bat izan ote da? (Zorionak edozein kasutan erabaki ausarta egiteagatik, nahiz eta askori ez gustatu )

Non daude gure politikariak? Frantzian hasi dira jadanik lan horretan software librea bultzatuz, eta Belgikan ere aurkeztu dute software librea bultzatuko duen lege proiektu bat .

Izan ere, Linux eta software librea matxinada ixil bat bezala dabil azkeneko urteetan gure artean, eta ezaguna da zerbitzari mailan daukan nagusitasuna (Begiratu Apache zerbitzari librearen estatistikak ) baina makroinstituzio horietan ez da horrela izango. Sistema handi horien administratzaileak ohituta daude telefonoa hartu eta Sun, Oracle eta Microsoft-eko 15 teknikarirekin hitz egitera. Nahi dutena egiteko softwarea saltzen diete, hori bai, software propietarioaren baldintza eta loturekin, eta prezio ikaragarriak ordainduz, zergak ordaintzen ditugunon kontura.

Epe motzera burukomin pixka bat eman dezake, edozein sistemaren migrazioak ematen duen moduan. Baina epe luzeagora begiratu behar genuke, eta hor abantailak argi eta garbiak dira.

Non dago politikarien lana gai hauetan?

Software libreaz gehiago jakin nahi izanez gero:

Erantzun

Sartu