Teknologia albisteak

Herrien Europa Mintegia sortuko da HUHEZIn

Erabiltzailearen aurpegia
Joxe Aranzabal - HUHEZI
2002-03-05 : 12:03

Europako Herrien Fundazioak, Mondragon Unibertsitatearen Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak (HUHEZI) eta Ihardun Multimediak Herrien Europa Mintegia sortuko dute. Mintegiak bost bideo eta eskolarako hainbat material kaleratuko du datozen bost urteotan, denak ere Europa osatzen duten herrien gainean. Gaur goizean izan da aurkezpena.

Martxoaren 5ean Herrien Europa Mintegia aurkeztu da Eskoriatzan, Mondragon Unibertsitatearen Humanitate Fakultatean. Hiru erakundek sortu dute: Europako Herrien Fundazioak, Humanitate Fakultateak eta Ihardun Multimedia enpresak.

Hiru erakundeetako buruek —Javier Salcedo (Herrien Europa Fundazioa), Jose Antonio Mendikute (HUHEZI) eta Luis Mari Alvarez (Ihardun Multimedia)— hitzarmen bat sinatu dute gaur goizean eta aurkeztu dute mintegi berria. Iñigo Ramirez de Okariz HUHEZIko irakasleak zuzenduko du Herrien Europa Mintegia.

Hitzarmena

Elkarlanerako hitzarmenak bost urte iraungo du. Hitzarmen horren arabera, Humanitate Fakultateak Herrien Europa Mintegia sortuko du eta honek hainbat ikerlan egingo ditu Flandes, Bavaria, Eskozia eta Europako beste herrialde batzuen gainean. Herrialdeon hezkuntza sistema, hizkuntzak eta kulturak aztertuko dira ikerlan horietan.

Urtero-urtero, bestalde, Ihardun Multimediak bost bideo argitaratuko ditu euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez, herrialde hauetako bakoitza mintzagai izango dutenak. Horrekin batera, liburu eta unitate didaktiko bana egingo dira, herrialde bakoitzari buruzkoak. Material zenbait, gainera, Interneten jarriko da, kontsultagai.

Hitzarmena sinatzen dutenek batzorde bat eratuko dute, lanen jarraipena gainbegiratzeko. Hitzarmena, gainera, urtero berrikusiko da.

Herrien Europa

Herrien Europa Fundazioa 1998an sortu zen Bilbon eta helburua du ikerlanak egitea Europa osatzen duten herriei buruz. Ikerlan horien oinarria dira ikus-entzunezkoak eta material didaktikoak. 1999an mapa bat argitaratu zuen, Europako Herrien ingurukoa eta zabalkunde handia izan duena Euskadin.

Bazkide sortzaileen artean, honako hauek ditu: Juan Jose Pujana, Patricio de la Sota, Luis Alberto Aranberri, Juan Cruz Alli, Pedro Miguel Etxenike, Xabier Kintana, Nestor Basterretxea, Mitxel Unzueta eta Eneko Landaburu, besteak beste.

Erantzun

Sartu