Bbk, kutxa, CAN eta Vital-ek osatzen duten Hego Euskal Herriko Aurrezki-Kutxen Federazioak Kontsumitzailearen Koiuntura Ekonomikoaren 2001 urteko hirugarren txostena argitaratu du. Kontsumitzailearen Koiuntura Ekonomikoa txostenaren arabera Euskal kontsumitzailearen konfiantza-indizea pixka bat jeitsi egin da, eta egileen esanetan, irailaren 11ko atentatuek euskal kontsumitzaileen konfiantzan edukitako eragina begi-bistakoa da.
Txostenaren laburpenean honako hau aipatzen da:
Urteko hirugarren hiruhilekoan kontsumitzailearen konfiantza-indizea zertxobait hondatu eta jaitsi egin da EAEn.
Indizearen balioak edukitako joera hau Estatuaren enparauan eta Europar Batasunean gertatukoaren antzekoa izan da, euskal kontsumitzaileen konfiantza Espainiako eta Europar Batasuneko kontsumitzaileena bezain negatiboa izan ez arren.
Azken lau urteotan ez du indizeak balio negatiborik izan EAEn, aurreko urtearen bigarren erdiari dagokionaren salbuespenarekin.
Irailaren 11ko atentatuek euskal kontsumitzaileen konfiantzan edukitako eragina begi-bistakoa da. Gertakari horien aurretik indizearen balioa zero zen (ordurarte egindako inkesten ondorioz), baina erabat negatibo bihurtzen da atentatuen ondotik, antzeko eragina izanez indizearen bost osagaien gainean.
Indizearen bost osagaien eboluzioari dagokionez, ondorengo ohar edo iruzkinak egin daitezke:
Perspektiba ekonomiko orokorren eragin kaltegarriak aurrezkiaren balorazio-indizearen nolabaiteko errekuperazioa ekarri du euskal etxe eta familietan, eta baita berorien aurrezki igurikapenetan ere.
Euskal familietan kontsumoaren aurreko jarrerarekin lotuak dauden adierazle ekonomiko desberdinen artean, ondorengoak nabarmendu daitezke: enplegua sortzeko prozesuak eutsi egin diola, soldatapekoen ordainketak hazi egin direla, interes-tasak moderatu eta inflazio-tentsioak moteltzearekin batera.
Faktore hauen eragina oso mesedegarria da kontsumitzaileen konfiantzari dagokionez, etxeen ikuspegitik aktibo finantzarioen errendimendu edo etekinen beherakada, errenta aldakorrarena bereziki, eta baita etxebizitzaren prezioetan egon izan den hazkunde-prozesuaren luzapena ere orekatu egiten dutelako, gastu-talde horiek oso garrantzitsuak izanik ekonomia familiarretan.
Dena den, eta arestian esan den bezala, ingurune ekonomiko orokorrarekin lotutako pertzepzio eta igurikapenak dira, batez ere irailaren 11tik aurrerakoak, euskal kontsumitzaileen konfiantzaren atzerakada horretan eragiten dutenak.
Ikusi egin beharko da ea joera horrek jarraitu egiten duen datozen hiruhilekoetan, nazioarteko hazkunde ekonomikoaren aurreikuspenetan egindako ondoz ondoko murrizketek itxuraz adierazten duten bezala.
Gehiago irakurtzeko, erregistratu ondoren txostena hemen irakurri dezakezu .
Erantzun
Sartu