Teknologia albisteak

Mendigurenen Bekatuaren itzala-z

Erabiltzailearen aurpegia
markos zapiain - Talatik
2001-11-28 : 13:11

Xabier Mendigurenek egundoko eleberria idatzi zuen orain dela urte batzuk. Ohi bezala, ez zitzaion jaramonik egin, oso baikeunden kezkatuta Txanpions Ligaz. Ea Amaia Gabantxok lehenbailehen jasotzen duen ingeleseratzeko dirutxue.

ZATOZ MUNSTRO

ZATOZ MUNSTRO

Aspaldi honetan psikoanalista eta psikologo frankok eleberri jakin batzuk agintzen dituzte, edo filmak, sendabide gisa, literatura mamitsuak geure bizimodua eta izaera erabakitzen duten ezkutuki inkontzienteak kontziente bihurtzen laguntzen baitu, eta inkontzientea kontziente bihurtzean osatzen ei da gaixoa. Literatura sakona katartikoa da, eritasun iluna berbetan jarriz erremedioa du prestatzen. Hemen Bermeon bagenuen kontsulta bat zabaltzeko asmoa, euskal idazleentzat bakarrik, psikoanalista kontsulta, hainbeste liskar eta zatiketaren ostean zerorrek izenda baitezakezu zeure burua psikoanalista, ez dago-eta titulu ofizialik, edo, porru bera azken batean, titulu ofizial pilo zenbatezina dago. Ordea, konturatu gara euskal literaturak izan beharko lukeela botika nagusi, balizko bezeroen obrak beraz, eta zokoratu egin dugu oraingoz proiektua, paradoxak nahastuta.

Zeren... nola ez du ba arteak berealdiko garrantzia izango bizitza sakonkiago ulertzeko orduan, bizitza itotzen duten kateak hausteko orduan! Bekatuaren itzala eleberri sagaratuak errepikaz iradokitzen digunak bizitzaren muina erakusten digu, baita sendatzen laguntzen ere, oinazea bilatze obsesibo enigmatikotik. Hemen zeure bizitzaren alderik goibel eta mingarriena agerian ikusiko duzu, min hori hala ere liburuaren ederrak nolabait berrerosten duela. Baina zein da zehazki Bekatuaren itzala-ren eta errepikaren arteko harremana? Eta, aurrena, zer ote da errepika?

Alde batetik, unibertsoaren beraren musika da errepika, itzulera: galaxiak, izarrak, eguzkia, ilargia, Lurraren dantza. Lurraren azalean bertan ere behin eta berriro itzultzen baitira urtaroak, animaliek zein landareek arbasoena errepikatzen dute, eta abar. Bat datoz hemen “errepika” hitza kantuari, ezkilari, atabalari lotzen dion filologia eta Schopenhauerren filosofia, Bekatuaren itzala hobeki ulertzeko hain lagungarri den Schopenhauerren filosofia: lotura sakona dago unibertsoaren funtsaren eta musikaren artean, eta unibertsoaren zein musikaren funtsa errepika da.

Bekatuaren itzala osatzen duten hamabost gutunetarik lehenbizikoa idazten hasi baino lehen, A. apaizak gaiztakeriaren bat egin zuen, emakume bat bortxatu-edo, misiotan-edo, aditzera ematen zaigunez. Orain, gotzainak herri txiki batera baztertu du. Bertara iritsitakoan idazten dio aurreneko gutuna adiskide bati, miresten duen beste apaiz bati.

Hondamendi hartaz oroitzen da A. Gainditu nahi du, gainditua duela uste du.

Bekatuaren itzala-ren makurbidea, aldiz, aurrekari ilun hura oroitzetik aurrekari ilun hura errepikatzera doa.

Izan ere, gizakiok gauza ere bagara, biraka gabiltza beraz; halaber landare, eta animalia: herentziak errepikarazten digu historia, bertikala, arbasoena. Gizarteko errepika molde horizontalagoa, orainaldikoagoa, berriz, imitazioak ahalbidetzen du (modak eta). A. apaizak iragana gainditu nahi du, gutunak idazten dizkion apaiza orain imitatuz, harekin bat eginez. Eskuarki onartuta dagoen ustea, alabaina, gizakiok, gainerako bizidunak ez bezala, badugula iragana errepikatzera behartu nahi gaituenari itzuri egiteko ahalmena alegia, are benetan berria litzatekeen zerbait asmatzekoa, goitik behera zapuzten du eleberri honetako protagonistaren ibilbideak.

Gozamen iturrian freskatzera itzuli nahia indartsu sentitzen dugu geure baitan piztiok. Eta naturak gozamenez edertu du naturaren beraren iraupena helburu duen sexu harremana. Harreman hori bilatzea, beraz, naturala da, naturak berak bultzatzen baikaitu sexura, edertasuna eta plazera amu. Animalion sexu harremanek antzina-antzinako aurrekari ezezagun bat errepikatzen dute ezinbestean, orain dela bi mila bat milioi urte halabeharrez bereizi ziren bakterio biren arteko lehenbiziko txortaldi gogoangarria hots. (Beste zenbait biologoren ustez aldiz benetan “sexu harreman” izenda daitekeen zerbait Lurrean aurrenekoz gauzatu zuten... goroldio batzuek! Goroldio bikote gordina elkar erakartzen... Eleberri gai ezin politagoa...)

Aitzitik, gizakiok, gainerako animaliak ez bezala, sexu harremanei uko egiteko ahalmena dugu, grinari eustekoa, indar hori errepika eta ugalketa baino beste zerbaiten alde jartzekoa: Jainkoa, Artea eta abar. (Gizartean bizitze hutsak berak ere grinon zapaltzea eskatzen du berez, hein batean bederen.)

Bekatuaren itzala-ko protagonista, esan bezala, apaiza da hain zuzen, apaiz katolikoa. Hau da, Jainkoa aita ahalguztiduntzat dauka, eta Haren aginduz uko egin behar die lizunkeriazko zerrikeriei. Halatan, lehen begiratuan, eleberri honen bihotza gozamena agintzen duen natura grinaren eta berau zanpatzeko Jainkoaren aginduaren artean nahitaez pizten den gatazka genuke.

Itxuraz soilik ordea. Zeren Jainkoaren agindu horri obeditzeak ere, bestelako atsegin bat dakar. Kastu bozkariotsua ez da ezinezkoa. Hainbat eta hainbat kastuk adierazi izan du sabelpeko gozamenari uko egite antinaturalak bihotzeko eta adimeneko pozaldi delikatuagoak dakartzala ondorioz. Halakoa dela dirudi protagonistak gutunak idazten dizkion apaizaren kasua. Honek gozoro bizi du kastitatea antza. Hortaz, bigarren irakurketa honen arabera, sakonagoa baita, ez genuke plazeraren eta desplazer aratzaren arteko auzia, baizik gozamen mota biren artekoa. Bi-biok baitute, nola A. apaiz deskontrolatuak hala bere kide trankil superniak, gozamenen bat xede. A.ren kasuan, hori bai, iskanbilazkoa da errepika plazentaren bilatze hori, traketsa; nobeleskoagoa horrenbestez lagun barearena baino.

Guztiarekin ere, orain artekoa ez da aski.

Bekatuaren itzala ikaragarri honen hirugarren sakonuneak, oinarrizkoenak, nabaritzen duena, gizakion alderik ilunenetakoa da: mingarri zaiguna errepikatzeko joera bortitza hots, gozamenik ez etekinik batere gabeko ekintza errepikatzeko irrika eroa. Irrika honek, gizakion jokaeraren funtsa plazera bilatzea eta minari ihes egitea dela dioen uste zabaldua ezeztatzen du. Freudek ere plazera bilatzearen gainetik ipini zuen errepikatzeko konpultsio obsesiboa. Joera honek ere izaten omen du aurrekariren bat protagonistaren biografian, psikoanalisten ustez haurtzaroan. Baina baliteke bizitza pertsonala bera ere gainditzea, bizidun ororen jorana adieraztea, jatorri duen bizigabean ostera atseden hartzeko. Auskalo.

Dakiguna: ohitura edo jokabide mota bat txarto datorkigu: maitemintze manera bat, tabakoa, mairu zikinak bonbardatzea, jelosia, erruki gordina, zurruta, handikeria, jokoa, larru-jotze porrokatua, haserre petrala... Eskarmentuak erakutsi digu ondorioak arras kaltegarriak zaizkigula. Behin eta berriro errepikatzen diogu geure buruari. Baina behin eta berriro gara jausten.

Egia da zenbaitetan kaltea eta gozamena nahastuta datozela: zigarreta, masturbatze zoroa... Halakoetan ere, haatik, kaltea nabarmen izaten da gozamena baino handiagoa. Horixe da A.-ren aurrekari ilunaren kasua. Ekintza gaizto hark nolabaiteko plazera emango zion ziurrenik, baina askoz ere mingarriagoak izan zitzaizkion ondorioak. Beste batzuetan, gogorrago, egundo ez da ezein gozamenik: bekaizkeria, jelosia.

Bekatuaren itzala-n, protagonistak ezin du errepika makurra gainditu. A. apaiza lakoengan, gizaki ororengan Schopenhauerren ustetan, askatasuna ez da lilura baino, geure buruari helburuak jartzeak ez du zentzurik. Benetako bilakaerarik ere ez dago, iraganeko gertakizunek oraingoak zein gerokoak itotzen baitituzte. Bizitza, errepikaren mamitzea, amesgaiztoa da.

Errepika tragiko hau du gai nagusi Bekatuaren itzala-k; baina, jenio handiz, bestelako errepika batez jarri dio kontrapuntua Mendigurenek. Estiloari dagokio, eta miresmena eta parodia nahasten ditu. Salbatore Mitxelena, Orixe eta Nemesio Etxaniz eskaintzan aipatu idazleen estiloa errepikatzen du Mendigurenek, A. protagonistaren kide izan zitezkeen apaiz euskaltzaleena. Hartara, A.ren izaera nabaritzen du ez soilik gutunen esanahaiak; sintaxiak berak ere bai: obsesiboa baita, zoroki perfekzionista, ezin pirriagoa.

Errepika molde biok ederto baten barnebiltzeak erabakitzen du hain zuzen ere nola Bekatuaren itzala-k eragiten duen gozamen estetiko handia, hala bere alde terapeutikoetako bat, alegia, irakurlearen baitan biziro-biziro txertatzen duela maizegi guk geuk eraikitzen dugula geldika-geldika baina setati mespretxatuak sentiaraziko gaituen antzerki ankerra; geuk behartzen dugula maitea hoztasunez eta gogorki trata gaitzan; geure errukiak berak (itogarria agian) behin eta berriro uxatzen dituela gureganako esker ona agertu beharko luketen errukarri kabroiak; geuk aukeratzen edo asmatzen ditugula lehiakide egokiak geure bekaizkeria edo jelosia piztu dadin; geuk haluzinatzen dugula bortxakerian amilduko gaituen gazte lizun tentagarria. Ohartu bai, ohartzen gara maldan behera goazela. Hasieran badugu oraindik oinazea saihesteko aukera eta gaitasuna. Baina ez, eutsi egiten diogu eraikuntza mingarriari, “errealitateak” ematen dizkigun datuak geure mina larriagotuko duen ikuspuntua sendotzearren erabiliz.

Geure buruari min egiteko joera, geure buru-zigortzea behin eta berriro errepikatzekoa, ezin dugu eragotzi. A.-k ere badaki, garbi ikusten du putzura doala... baina zein xeheki erabiltzen, irudikatzen edo asmatzen dituen inguruko egitate lausoak, bera amilduko duen ikuspuntua eta jarrera zuritzearren! Norberak irekitzen baititu astiro-astiro iraganeko ateak, oraina zein geroa irentsiko dizkion munstroa sar dadin. Bekatuaren itzala irakurtzeak munstroari abegi egin eta zeure bizitza asmatzen lagunduko dizu, errepika maitagarri bilaka dakizun.

Erantzun

Sartu