Teknologia albisteak

Iban Zalduari erantzuna kritikaz

Erabiltzailearen aurpegia
markos zapiain - etxetik
2001-11-23 : 12:11

Iban Zalduak ideia batzuk bota ditu euskal kritikaz Jakin aldizkarian, Txillardegiren "Putzu" eleberriari buruzko Markos Zapiainen iruzkin bat kritikatuz, besteak beste. Hona Zapiainen erantzuna.

Zein arriskutsuak diren euskal autopista garesti horiek! Bermeoko Institutura tokatu zaie Donostiar bati eta Lasartear bati. Elkarrekin zetozen autoz egunero. Zortziak eta laurdenetan hasi behar zuten maiz. Orain dela bost bat urte Irundik gentozela izan genuen istripuaren berri eman nien ostiral batean, ia lau milioi eman zizkigula Mapfrek eta abar. Hurrengo astelehenean, Itziar inguruan, egundoko irrista egin zuen beren autoak. Bati ebakuntza egin berri diote eskuan. Besteari atsedena agindu diote.

Geroz eta gogo gutxiago, beraz, asteburuetan-eta Irun aldera hartzeko. Eta Jakin aldizkaria Irunen jasotzen dut.

Gaur goizean Bego Alberdi lankideak ekarri dit azkeneko alea, Iban Zalduak neure kritika bat kritikatzen zuela eta.

Batxilergoko lehenbiziko mailako ikasleek azterketa egiten zuten bitartean irakurri dut. Galdera: Lévi-Straussen jarrera, bestelakoaren aurrean. Zalduari zor diote kopiatzeko aukera, Zalduari zor nota hobea, orobat batezbesteko altua prestigiozko karrera bati ekin ahal izateko, eta, horrenbestez, baita balizko etorkizun aberatsa ere. Bestalde, Txillardegik idatzi ditu Lévi-Straussi buruzko orrialderik sutsu eta ederrenak euskaraz. Hitz bat ere asmatu du, estrukturamena, gizakiok anabasa egituretan sailkatzeko dugun joera oharkabea adierazteko, Lévi-Straussen pentsaeraren gakoa dotore asko adierazten baitu.

Kontua da Putzuirakurtzen hasi nintzenean nekagarri samarra zaidan filosofo bat irakasten ari nintzela, derrigortuta. Unaturik nindukaten haren idazkera nahasiak eta gehiegizko bereizketa arrazionalek. Lagun batzuk aipatua zidaten Putzu. Zalduak excusatio non petitatzat dituen horiek, neronek liburua irakurri baino lehen adiskide horiek egin kritikei erantzuten diete. Bestalde, nire iruzkina politiko-ideologikoa da, jakina, Putzueleberria bera bezalaxe. Lizarra-Garaziren aldekoa, zehazki, burujabetzaren aldekoa.

Beste kontu bat: nik historiaz ez dakit deus ere, baina deigarria egin zait Zalduak Putzuk euskararekiko duen gehiegizko kezka anakronismotzat jotzea. Julio Urkixo bat, Eukaltzaindiaren eta Euskaratzaintzaren fundatzailea, ez al zen ba karlista izan goitik behera, On Jaimeren lagun mina hain zuzen?

Bada, Putzu irakurtzen hasi eta ezin hobeki pasa nuen. Onak eta gaiztoak zein diren ezin garbiago, abentura, erritmo bizkorra: primeran. Baina igual lotsatu beharra daukat ongi pasatu izanaz, edo barkamena eskatu. Ongi pasarazi digunari, liburu zein egile, jendaurrean esker ona agertzea, ez da kritikaren zeregin nagusia ziurrenik, egia da. Kritika ulertzeko molde ugari dago ordea.

Garai bateko dialektiko ugari bihurtu zaizkigu komunikatibo. Zalduaren idatzi interesgarriak ukazioaren eginkizun emantzipatzailea sinesten duela adierazten du: bizitza eta literatura sentitzeko era berezi bat. Kritika dialektiko eta komunikatibo bikainak daude, eta eleberri dialektiko apartak (Lisboaren setioaren historia).

Ordea, ez da hori bizitza sentitzeko era bakarra. Baliteke kaosa eta errepika sakonagoa izatea dialektika baino. Baliteke bizitzaren berezko mugimendua jauzi ulergaitza izatea. Agian sakonago hurbildu zaizkio bizitzari Niezsche edo Kierkegaard, Hegel eta Marx baino. Ez ote da aurrerapen dialektikoa garrantzi handirik gabeko anekdota bat, errepikaren (Bekatuaren itzala) edo jauziaren (Zazie metroan) aldean? Txillardegi ez da dialektikoa, ez da komunikatiboa, baizik humanista tragiko bat. Lagunen arteko kalaka baino, nahiago du maitasun isila eta artistaren bakardadea: eremu horretan pizten baitira fundatzaileek, igarleek, aurrera aterako dituzten indarrak.

Zalduak, aitzitik, adiskideen arteko komunikazioaren aldekoa dirudi kritika kontuetan: elkarrekin mintzatuz gero, zintzotasunez elkarri kritikatuz gero, aurrera egingo dugu. Eztabaida babestu behar da, gehiegikeriak baztertu. Doinu ironikoa lagungarri da; doinu zakar-mindua, berriz, baztergarri.

(Neuk erabili izan dut mintzamolde zakar hori, eta nire aurka ere erabili dute, Jainko laztana: oinazez beterik igaro ditut arratsalde batzuk. Gainera, lauzpabost lagun posible galdu ditut, kritikengatik. Oroitzen naiz manifestu bat -isiltasuna aipatzen zuen izenburuan- eta Euskadi Sarietako epaimahaia aukeratzeko arau batzuk kritikatu nituenean, jaso nuen erantzun batez: hoa por kulo hartzera. Aitzitik, Putzuri buruzko iruzkinaren bidez ezagutu nuen Txillardegi, UEUk Iruñean egin zion omenaldiaren biharamun goizean. Iturramako sarreran berbetan ari ginela, handik igaro zen Luistxo Fernandez, zeozeren alde konspiratzen. Gau hartan bertan askatu zuten Martutenen Txillardegiren seme Joseba Alvarez, urte bi preso igaro ostean. Biharamuneko Egunkariako argazkian, Txillardegik goizeko alkandora horixka bera zeraman jantzirik. Bai bizitza intentsoa Txillardegirena!

Txillardegi ezagutzea, niretzat, bederatzi urteko futbolzale batentzat Maradona, Zidane eta Iruretarekin bazkaltzea bezain liluragarria izan da. Egia da halako izaera infantila ez dela egokia Zalduak kritikari eskatu seriotasuna lantzeko, baina zer egingo diogu ba. Bost axola seriotasuna, bestalde.)

Auzia hauxe da: liburuen kritikan, batzuek epaitzea lehenesten dute; beste batzuek, berriz, ateratzea, atzematea. Epaiketa ala arrantza. Iruzkin konkretuetan nahasita datoz biak jakina. Baina desberdina da liburuaren aurreko jarrera, oinarrizko bultzatzaile gisa bat ala bestea sentitu.

Zalduak tribunala du gogoan: epaitu beharrekoaren aldekoak eta aurkakoak bota behar, osotasuna hobetuko bada. Nabaria da tesiaren, antitesiaren eta sintesiaren nostalgia. Ziur naiz literatura sortzaile askok benetan eskertzen dituztela halako kritikak, Koldo Izagirre batek askoz ere gusturago irakurriko lukeela aurkako kritika zentzudun bat, bere lana hobetzen lagun diezaiokeena, ohiko laudorioak baino bere prosaren ederraz. Baina trebetasun berezi bat behar da horretarako, irakurtzeko era analitiko bat: atalak zelan banatu, zergatik ez den sinesgarri egiten pertsonaia bat, paragrafo hori kenduko nuke, kontraesanak, euria ari du eta ez darama aterkirik baina ez duzu aipatu busti denik... Tamalez, nik ez dakit hori egiten, agian etzanda irakurtzen dudalako, buruz gora, eta, egia esan, liburu batean kontraesanak bilatzen aritzea munduko konturik tristeena iruditzen zait.

Guztiarekin, Zalduaren ereduak ere, adiskideen arteko kritika trukatze egiatiak alegia, badu bere arriskua: ostikolariaren mintzamoldea besteak beste. Hara: Kritika txarrak jasotzea ez zaio inori gustatzen, baina jasaten ikasi behar da. Ematen du izeko Mari Pili.

Eskarmentuak pixkanaka txikitan ulergaitza zitzaidan gizaki mota baten berri eman dit. Askotarikoa da beren itxura, anarkoarena egitea ere gustuko dute, baina behar bat dute sakon-sakonean: epaitu beharra daukate, prozesua dute amets. Zalduak dioenez, kritikak ez edo baina esaten ausartu behar duen bezala, bai esaten jakin behar du. Alegia, fiskala, epailea eta abokatua, hirutasun saindua. Courbet margolariak zioen sarritan gauez esnatu eta epaitu beharra daukat!epaitu beharra daukat! garrasika hasten direla.

Fiskalaren eredua Gasteizen garatzea, Unibertsitatean, ulergarria da: hantxe dago Gobernua, estatu aparatu ugari, eta abar. Bermeon gertuago sentitzen dugu zuharia, edo arrantzalea.

Ez ote da kritikaren eginkizun onargarrietako bat lantzean behin txitxarro eder batzuk atzematea? Zalduaren iritzien antzekoak aurretik ere irakurriak neuzkan, Juan Luis Zabalari besteak beste, eta ordudanik zenbaitetan saiatu izan naiz berek eskatu bezala irakurtzen. Baina orduan ez ditut lortzen liburuan arrantzale gisa murgiltzen naizelarik erdiesten ditudan gozamen arraroak. Eta nahiago txitxarroekin gozatu interesgarri izan baino, oraingoz bederen.

Irakaskuntzaren alderik nazkagarriena azterketak epaitzea da. Zama hori berriro ez, arren, liburuen gainean aritzeko orduan. Ez fiskaltza, baizik arrantza.

Fiskaltzari uko egitea, ez da alferkeria. Behar bezalako txitxarro bat atzematekotan, gogor egin behar duzu lan, erotzeko moduan lotu liburuari. Liburuaren funtsa azaltzeko, ipuinak direnean guztiak bilduko lituzkeen hari ezkutua, liburuak zelan argi dezakeen ezustean zeure bizitza (Bekatuaren itzala eta errepikaren arteko harremana zehazteko adibidez, edo Izar beltzaren urtea eta buruzagitzaren artekoa), lan pilo bat egin behar da, liburua oso maiz irakurri, liburuan hobeki murgiltzearren droga jakin batzuk erabili, eta abar. Merezi baitu osasuna apur bat kaltetzea, argitasuna xede.

Amaitzeko: “Mugalari”koek filosofia liburuen gaineko iruzkinak eskatu zizkidatelarik hasi nintzen kritikagintzan. Ordea, Markosito Zapiainek ez du bere burua nor sentitzen Freud, Nietzsche edo Senekaren obrak epaitzeko. Nahiko lan liburuaren edukia begirunez eta txukun samar azaltzearekin. Baliteke orain artekoa ez izatea orduan harturiko ohitura txar baten zuritzea baino.





Erantzun

Sartu