Jon Alonso idazle nafarrak Juan Zelaia saiakera saria jaso zuen atzo. Saritutako lana: Agur, Darwin, eta beste arkeologia batzuk. Pamiela argitaletxeak antolatzen du sari hau, eta etxe horrekin berarekin kaleratuko da liburua, hurrengo Durangoko Azokarako. Baina hori baino lehenago, pasarte batzuk irakurri nahi badituzu, Sustatu-n aurrerakin esklusiboa (laburra bada ere).
Agur, Darwin, eta beste arkeologia batzuk saiakera kultura, hizkuntza eta filosofiaren inguruko erreflesioz osatua dago. Sariaren aipamena, Egunkarian, hemen. Liburua, abenduan, Pamiela etxearen eskutik. Bitartean, pasarte batzuk esklusiban hemen:
Zuhurren jokatu nahi duten zientzialariek gaztigatu egiten digute tontakeria asko, eta handiak, esaten ari direla genomaren kontua dela-eta. Luze joko duela genoma erabat eta oso-osorik kontrolatzeko ahaleginak. Genomak ez duela gorde pertsonari dagokion guztiaren gakoa.
Bestetik, edozein irakurlek pentsa dezake denok dakigula hilko garela, eta, hortaz, denok daukagula nolabaiteko arkeologia garen sentsazioa. Alegia, itxuraz berria datekeen egoerak ez duela benetan ezer aldatzen.
Ni ez naiz eztabaidatzen hasiko, noski, iraultza genetikoa azken muturreraino irits dadin mende bat, bi edo hiru pasatu beharko diren; baina ez didate hain erraz kenduko giza-eboluzioa aurrera joan daitekeelako -eta doalako- ideia.
Orduan, ezer ez da aldatzen? Horixe aldatzen dela: XVII., XVIII., XIX. mendeetako, are, XX. mende hasierako edo erdi aldeko filosofo edo idazle batek idatz zezakeen etorkizuneko etika baten oinarriak ezartzen ari zela sinetsiz; mende horietako idazle batek idatz zezakeen geroko belaunaldiak irabaziko zituelako ideiarekin; Descartesek edo Kantek aintzindariak eta beharrezkoak zirelako ustez idazten zuten, gizakiaren eta zibilizazioaren aurrerapena laguntzen zutela sinets zezaketen. Balzacek sinetsiko zuen berak hitzez margoturiko gizakien erretratua hilezkor zatekeela, toki bat egingo ziola bere ondorengoen gogoan eta bihotzean; halaber erromantikoek, eta, gehiago edo gutxiago, mende horietako idazle guztiek. Historia liburuak, parkeko estatuak eta kaleko izenak zituztela zain uste zuten.
Gaur egun hori ez da posible, eta horixe da, besteak beste, aldatu dena.
Jon Alonso
Erantzun
Sartu