Umorea, gustu onez eginiko bertsioak eta lau ahots zoragarri batzen dituen taldea da Demode Quartet. Taldearen estiloa bilatu eta lehen bertsioak prest zituztela, 2010 urtean euren lehen ikuskizuna estreinatu zuten, a capella abestutako bertsioez osaturiko antzerki ikuskizuna, taldearen izen bera zuena. Ikuskizun honetan gainera, zenbait instrumentu jotzen zituzten zuzenean: pianoa, gitarra, biola, kaxoi flamenkoa... Gainera koreografiaz laguntzen dituzte euren bertsioak eta abestiak euren artean esketx txikiekin lotu. Lehen ikuskizun honekin batera, euren lehen diskoa kaleratu zuten, ikuskizuna osatzen zuten bertsioekin egina, bertan Maddona, Aretha Franklin, Queen eta beste zenbait artisten abestiak topatuz.
Orain bigarren ikuskizun batekin dabiltza oholtzaz oholtza. Duela hilabete batzuk estreinatu zuten eta aurrekoaren ildo beretik doa, nahiz eta biola esku-soinuagatik eta kanpoko artisten abestiak euskal artisten abestien bertsioengatik aldatu dituzten. EPA! du izena ikuskizunak eta munduko abesti estilo guztiek euskal musikan jatorria dutela frogatzen dute bertan. Ordu bete eta hogei minutuko ikuskizuna da honen emaitza, harritu egingo zaituena. Eta guztia borobiltzeko, duela egun batzuk euren bigarren diskoa kaleratu dute, euskal abestiz osatutakoa.
Bidean erronka ugari izan dituzte eta denak gozatu dituzte. 2013ko Zinemaldiko galetan abesten ikusi ahal izan genituen, Donostia 2016ko ereserkian abesten, ETB1en kantuan ikusi ditugu... eta horrela jarraituz gero beste askotan ere topatuko ditugu.
IKUSI BIDEO-ERREPORTAJEA
Erantzun
Sartu