Chill Mafia auzia astean ibili da bueltaka. Saiakera txiokatu batean, Aitor Bizkarra bertsolari eta iritzigile komunistak auziaren bi fase definitu ditu: 1) "Bideoklip fasea" eta 2) "Meme fasea (batzuek irainen eta amenazuen fasea ere esaten diote)". Faseen deskribapena jarraian, eta iritzi batzuk (Bizkarraren gogoeta sakon osoaren bonusarekin).
Musika talde berria dirudi Chill Mafia delakoa. Wikipediak dio trap egiten dutela euskaraz, eta bideo bat kaleratu dute. Gazte arruntaren koplak, Xabier Leteren Gizon arruntaren koplak eraldatuz. Hona:
Bideoklipa gustatu, baina erreparoren bat aurkitu zion Marina Landa kazetari eta musikariak. "Ba neri ere gustatu zait abestia, baina ezin dut ulertu neskalagun-objektuaren papera bideoklipean."
Eta klipean edo Chill Mafiaren estilo, jarrera edo dena-delakoan sexismorik ote dagoen galdetzearekin batera, erantzunak hasi ziren pilatzen, Chill Mafiaren partaide edo lagunak diruditen kontuetatik, batzuen eta besteen kontu eta are postontzi pribatuetan, estilo honetakoak:
Honi deitzen dio Bizkarrak "memeen fasea" eta bai, beste batzuek "irainen eta amenazuen fasea". Beste batzuen artean, gaur hau sinatzen duenak.
Desenkusa batzuk irakurri ditut hortik, kodeak direla, memeak direla. Edozerri gehitzen badiozu #jaja bat, bai, uler daiteke mehatxu-fake bat dela mezua.
Baina taktika oso sinplea da hori, eta lehendik asmatua dago, alt-Right kakamokordoan eta Incel munduan (chad eta halako terminoak ere ikusi ditut hortik aste honetan) eta Boogaloo mugimenduan. Iaz idatzi nuen azken horretaz, ultra-eskuin amerikar estetikoki koloretsuaz. Literalki kopiatuko dut Boogaloo mugimenduaren azalpen numeratuan okurritu zitzaidan 5. puntua:
5) Interneteko muturreko posizioetan azken aldian gertatzen den bezala, jarrera eta mezu ultra hauen defentsan badago seriotasunaren eta parodiaren arteko nahasketa bat; batez ere sare sozialetako eztabaidetan erabiltzen dena. Berba-joko arrazistena eta matxistena egiten harrapatzen bazaituzte... defentsa eskura duzu: "ei, txantxa besterik ez zen, nola hartu duzu serioski?". Boogaloo delakoarekin ere berdin, "Gerra zibila 2, electric boogaloo esaten badut txantxa bat besterik ez da, berba joko bat, adierazpen askatasun inozentea."
Broma, jaja, serio: Horra interpretazioak.
Baina bueno, ankerkeria homofoboa eta "enterratuko zaitut" umorez ez hartzea, ba hori omen da memetika ez entenditzea, Bizkarraren ustez, edo halako zeozer. Haren argudioekin jarraituz:
"Chill Mafia ez da fenomeno musikal bat. Edo ez da soilik musikala. Bideoklipa atera eta berehala ere, erreakzioaren muina ez zetzan ahots sintetizatzaileetan eta nik zer dakit ze basetan, euskal kultur mundutxoaren akiduran baizik. Harrera onaren motiboa haize frexkoa zen.
Beraz, Chill Mafia euskal kulturaren salbatzaile gisa ikusi zuen zenbaitek: eszena berritzera datorren gazte talde homologatuki errebeldearen hasierako irudia. Horrek eragin du geroko "kantua bai, baina heriotza amenazuak ez" desengainatua. Hemen bukatzen da bideoklip fasea.
Baina trapa ez da musika estilo edo azpiestilo bat. Baten batek seinalatu izan duen moduan trapa metamusika bat da, musikatik harago doa. Horregatik ezin dira bereizi «bideoklip fasea» eta «meme fasea», ezin duzu esan «ah, ba niri kantua bai baina gero pasa dira».
Trap espainiarrak, duela 10 urte, rap espainiar kanoniko klasemedianista errefinatuarekiko etsaitasunean eraiki zituen bere nortasuna eta eszena. Euskal Herrian, hamarkada bat beranduago, antzeko zerbait gertatuko (gertatzen ari) da berezitasun aipagarri batzuekin.
Espainian rap eszena kualitatiboki eta kuantitatiboki garatua zegoen lehendik, eta talka gogorra izan bazen ere rap undergroundaren bitartez mediatua izan zen, bisagra-eszena horretako jende batek, adibidez, jauzi egin zuen batetik bestera.
Euskal Herrian, ordea, (euskarazko arte esparruan, egokiago) eszena musikal orokorraren ezaugarrietako bat rap-eszena kualitatibo zein kuantitatiboki pobrea izan da, eta ondorioz kolpea ez da izan hainbeste subkulturen artekoa, erasoa euskal kulturak jaso du bere osotasunean.
Bueno, kolpea, euskal kulturak bainoago, haren abangoardian egon uste duten (hortik autoritate moral autoaitortua) klase ertaineko sektore akomodatuek eta beren ekoizpen aspergarri eta zarakartsuak jaso dute.
Irainen fasean edo fase memetikoan bi elementu zentral egon dira (eta horietako bat ere ez dira irainak izan): insubordinazioa balio absolutu gisa eta ondoriozko dialogo ezinezkoa. Erresumina piztu duena, euskal kultureten autoritate moralaren deuseztapen totala izan da.
Beren obsoleszentzia kulturala aurpegiratu diete irriz. Chill Mafiakoek beren buruarekin soilik egin dute autodialogoa, hegemonia kulturala mantentzen eta ordena jartzen saiatu den langile aristokraziaren moralgintza metabolizatu eta onda espantsibo bihurtu arte.
Memearen kultura da biolentzia sinbolikoaren banalizazioa eguneroko erreminta komunikatibo gisa. Baina klase ertainaren bloke kulturala da biolentzia erreal eta egiturazkoa plano sinboliko-kulturalean apainduri goxoz betea: horixe aurpegiratu dizuete.
Ah, zakilzaharren eta traperoen arteko talka ez da esentzialki adinen artekoa, bloke kulturalen artekoa baizik, zeinak gatazka generazionalaren forma konkretua hartu baitu. Euskal bloke kultural proletarioaren manifestazio espontaneoa eta estetikoa izan dira jarrera eta kantua.
Horrekin guztiarekin ez dut esan nahi Chill Mafiakoak iraultzaileak direnik (beraiek ere badiote ez direla Fidel), komunistok ez dugu insubordinazioa balio absolutu gisa goresten, iraultzari subordinatzen gatzaizkio. Baina langile aristokraziarekiko insubordinazioa ondo sartzek."
Sartzek edo Sartrek, azken berba ez diot ulertu. Gainerakoan, "zakilzaharren eta traperoen arteko talka" graziosoa iruditu zait. Marina Landa bat "zakilzahar" ezta? Nik neuk, zakilberri terminoa proposatuko nuke, egokiago, eusko-bugalu horientzako. Eta zakilberriren sinonimo, zakilzahar.
Erantzun
Sartu