Oporrak hartu ditut gaur eta, egun batzuk barru, bidaia dut programatuta. Ez naiz fio, oraindik, joaterik izango ote dudan. Pandemia egoera, 5 eta 10 egunetan, datuak norabide batean gehiegi okertzen badira, dela nire etxean, dela oporren jomugan, dena hankaz behera gera daitekeela badakit. Badaezpada, aseguru bidez diru itzulketa lotuta dut.
Italiako Toscanara joan nahi dut, 16 urteko semearekin. Ni egonda nago hango hiri batzuetan, baina semea ez eta erakutsi nahi dizkiot bazter batzuk.
Bidaiatzea gustatzen zait. Turista naiz, beraz. Batzuek lehenago esango dute “bidaiari” direla, masifikazioari uko egiteko gauza direlako, motxilarekin oihanean edo basamortuan barneratzeko gauza dira, Nairobitarra autobusaren abenturen estilo hori...
Ni turista arruntagoa naiz. Ez naiz agentziek antolatutako talde-bidaien zalea, baina halakoetan bisitatzen diren tokiak, museoak eta hotelak ikusi ohi ditut. Hori bai, patxada malguagoarekin, eta inprobisazioaren puntu bati uko egin barik.
Turismoa gai zaila da. Turistaren kontrako mezuren batzuk ikusi izan dira azken bizpahiru udatan, baina paradoxaz eta arriskuz betetzen da halako diskurtsoa, gutako edonor ere turista izan baikaitezke, ez bakarrik kanpora goazenean, baita hondartzak eta bertara doazen bideak betetzen ditugunean ere (aurten bertan demostratu dugunez).
Bidaiatzen duen turista edo bidaiari kritikatzea, hortaz, pixkat lekuz kanpo geratu da, eta kritika orain gehiago “ereduari” egiten zaiola esango nuke. Argi dago, ereduak badituela bere koxkak, masifikazioak albo-kalteak dakartza, eta bereziki sortzen den aberastasuna ez da berdin banatzen: metro karratuen jabetza duenak etekina ateratzen du errazago, eta aldiz, lan merkatuan funtzio prekarioak eta aldizkakoak biderkatzen dira.
Baina eredu hori... hori ez da turismoaren ondorio bat. Hori dugun gizartearen premisa nagusietako bat dela esango nuke. Propietatearen jabetza, eta lan kontratuaren finkotasuna 2020ko Euskal Herriko faktore ekonomiko nagusiak dira pertsona gehienen bizitza baldintzak zehazteko orduan, ez bakarrik turismoari begiratuz gero baizik eta ekonomiaren eta gizarte-bizitzaren esparru zabal zabalean. Alokairuan edo hipotekan hilero kapital izugarria gastatzea, edo gurasoen etxe bat heredentzian jasotzea izugarrizko diferentzia da ongizatean. Berdin lan askoren ziurgabetasuna funtzionaritzarekin eta beste “postu finko” askorekin alderatuta. Eta arrakala ekonomiko hauez hausnartzea da gakoa. Hilabete turistikoetan, eta gainerako urtaro guztietan.
(Argazkia: Miki Yoshihito, eduki librea Wikimedia Commons: Moai estatuen erreplikak, Japoniako Hokkaido uhartean, maskara jantzita pandemiazko egun hauetan)
Erantzun
Sartu