Nafarroako Ikastolen Elkarteko Unai Arellanok adierazi duenez, 2010 urtean Iruñeko euskalgintzako erakundeek batzeko erabakia hartu zuten, Iruñeko Kontseiluaren mahaia osatuz. "Nork gure eguneroko zereginean lanean badihardugu ere, gaur gaurkoz, euskaldunon hizkuntza-eskubideak ez daudela bermaturik agerikoa da eta alor horretan administrazioek erantzukizun handia dutela ezin uka" eta gauzak horrela, Iruñeko Udalari jarrera alda dezala eskatzeko eragite-lan bateratua abiatu genuten" adierazi du Arellanok. Hainbat dira Iruñeko Udalak euskaraz bizitzeko jartzen dituen oztopoak, baina nonbaitetik hasi behar eta hizkuntza-paisaian euskarari ematen zaion leku eskasa konponbidean jartzeko lan ildoa ireki zuten.
Arellanoren arabera, "hizkuntza-paisaiak ahotsik gabe ozen hitz egiten du: kale-izenen plakek, norabidezko seinaletikak, errotulazioak, kartelek eta hainbat elementuk osatzen dute eta herritarrongan duen eragina handia da, modu subliminalean mezu ugari transmititzen baititu. Hizkuntza-paisaiak nolako hirian bizi garen adierazten digu, hiri euskaldun edo erdaldunean. Hizkuntza-paisaian hizkuntza bat agertzen ez denean, bere hizkuntza komunitatea bere osoan ezkutatzen da; hizkuntza-paisaian euskara agertzeak, edo ez, bere prestigioa eta balio soziala zein den adierazten du".
"Aintzat hartzekoa da nahi baino gehiagotan topatzen ditugula erdara hutsezko errotuluak edo euskara letra tipo txikiagoan, gutxiago nabarmentzen den kolorean edo informazio kopuru eskasagoarekin jasotako euskarriak" salatu dute.
Euskalgintzako ordezkariaren arabera, "euskarak hizkuntza-paisaian toki duina ez izatea are eta larriagoa da berau baztertzea erabaki duena administrazio publikoa bada, berdintasun irizpideak apurtuz herritarren hizkuntza-eskubideak urratzen baitira". Euskalgintzako eragile hauen ustez, Administrazioek gizartearendako erreferente eta aitzindari izan behar dute, gizarteari jokabide konkretu bat transmititzen ari baitzaizkio. Hartara, Iruñera etorrita, bere hizkuntza-paisaian euskara gutxiestean Udala euskaldun komunitatearen gutxiestea transmititzen ari dela eta herritarren jokabidean modu ezkorrean eragiten ari dela salatu dute.
Elkarlanari ekin ziotenean, 2010 urtean, aldaketa erdieste aldera bi lan ildo abiatu zituzten. Alde batetik, errealitatea zertan zen aztertu zuten, alegia, hizkuntza paisaiaren diagnostikoa egin zuten herritarrek helarazitako argazkiei esker eta bestetik, 2010ean indarrean zegoen Ordenantza aztertu zuten. "Horrela, Ordenantzaren zeregin teorikoa euskararen normalizazioa bideratzea bazen ere, legearen interpretazio maltzurra egiten zela eta sustatzeko baino, euskararen normalizazioa galgatzeko baliatzen zela ikusi genuen" adierazi du Arellanok.
Ondorioz, euskararen presentzia duina bermatze aldera, Ordenantzaren formulazio estuago bat egitea eta berau onartzea jarri zuten helburutzat erakundeok. Horretarako sinadura bilketa bat gauzatu eta 2.600 herritar ingururen ekarpenari esker, Iruñeko Udaleko NaBai, PSN, Bildu eta I-E alderdiak norabide berean jartzea eta Ordenantzaren aldaketa proposatu eta aurrera ateratzea lortu zuten, 2012an. Indarrean den Ordenantza berriak honela dio gaur egun:
"Iruñeko Udalaren eskumena den hizkuntza-paisaian euskarak eta gaztelaniak presentzia berbera izanen dute, eta, horrenbestez, edukia, tamaina eta kontrastea berberak izanen dira bi hizkuntzetan, plaken, seinaleen, kartelen eta hizkuntza-paisaiaren gainontzeko elementuen errotulazioan".
Baina erakunde hauen ustez, paperean jasota egotea ez da nahikoa. Euskal Herrian Euskaraz-eko Gorka Iriartek adierazi duenez, "Euskaraz bizi nahi dugu eta araua gauzatzeko Udaleko alderdiekin elkarlana abiatu dugu. Herritarren parte-hartzearen eta alderdiekin abiatutako elkarlanaren ondorio izan dira ordenantza aldatzea eta aurtengo erdietsi den 14.000 euroko partida egun oker dauden euskarriak ordezkatzeko". Iruñeko euskalgintzaren mahaitik lehentasun gisa jo dute Iruñeko hiri sarreran "Pamplona" soilik jasotzen duten kartelak aldatzea. Baina aldaketarako, berriz ere, herritarren bultzada ezinbestekoa izanen dela uste dute eta horregatik "Aldatuko dugu!" dinamika jarri dute abian:
"Iruindarrei oker dauden hizkuntza-paisaiaren euskarriei argazkia egin eta guri helaraztea da eskatzen dieguna", hori da herritarrei egiten dieten eskari zehatza. Helarazten zaizkien argazki horiek Udalean kexa gisa tramitatuko dituzte eta argazkiak helarazteko bide ezberdinak eskainiko dituzte:
Hasteko kale seinaletika (kale izenak, norabideak, turismo plakak...) eta Gayarre, auzoetako Civivox aretoak, Gazteriaren Etxea eta Labrit dituzte jomugan. Azken hauek espazioak direla eta beraien jarduna gizarteratzeko errotuluez harago euskarri fisiko zein digitalak baliatzen dituztela argitu dute. Bada, horien inguruko argazkiak ere jaso nahi dituzte, izan ere, "horrek guztiak bi hizkuntzatan beharko luke". Elementuak identifikatzeko ondorengo galderak egitea proposatzen dute:
- Gayarrera / auzoetako Civivox aretora / Gazteriaren Etxera / Labritera bertaratzen zarenean hizkuntza-paisaia euskaraz ere ba al dago?
- Kartelak, errotuluak, norabide seinaletika, inprimakiak, txartelak... nola daude?
- Bertako informazioa nola jasotzen duzu? Paperezko egitarauan? Webgune bidez? Pamplona Cultura-ren bidez? (e-mailak, twittak...). Prentsan jarritako iragarkien bidez?
"Hainbat formatan helarazten digute iruindarroi informazioa. Zeure eskutara edo begi bistara iristen den euskarri oro da balekoa" adierazi du Iriartek.
Alegia, euskara gaztelaniaren maila berean ez dagoenean.
Erantzun
Sartu