Teknologia albisteak

Euskaraz bizitzeko nahia lasterka adierazteko deialdia egin dute kirol, kultura arloko eta euskalgintzako hainbat lagunek

Erabiltzailearen aurpegia
2012-09-19 : 11:12

kontseilua.orgIruñerriko hainbat lagunek, hilaren 22an egingo diren euskaraz bizi nahi dut herri-lasterketetan parte hartzeko deialdia egin dute. Euskaraz bizitzeko nahiak elkarturik, agerraldia egin dute Iruñean euskalgintzako, kultura arloko, kirol arloko zein Alde Zaharreko jai batzordeko ordezkariek. Maitane Melero, Mustafa Charki, Jose Mari Mercero, Cristobal Galera, Gabriel Garin korrikalariak, Mikel Idoate pilotaria eta Ulises Domench jai batzordeko kidea egon dira, besteak beste.

Unai Arellano euskalgintzaren ordezkariak esan duenez, “euskaraz bizi nahi dut dinamikarekin, euskaraz bizitzeko nahia arlo sozialeko esparru guztietan hedatu nahi dugu. Jendarte mugimendu zabala eratzea da dinamikaren funtsa eta euskaraz bizi nahi duen orok lekua du dinamika honetan, bere ekarpena, gainera, nahi duen espresio edo agerpen mota erabiliz egin dezake. Kasu honetan, euskaraz bizitzeko nahi hori lasterka adieraziko dugu”.

“Gurkoan, irailaren 22an, larunbata honetan, hain zuzen, Euskal Herriko berrogei bat lekutan eginen diren herri lasterketen berri eman nahi dizuegu: Abadiño, Arrasate, Eibar, Oion-Errioxa, Leitza, Uribe Kosta, Lekeitio… besteak beste. Eta Iruñean, ere bai”, esan du Arellanok.

Arellanok ekimenaren helburuaz hitz egin du: “ekimen honen bitartez, euskaraz bizitzeko nahia agertu nahi dugu; jarduera euskaraz egin nahi dugu; talde-lana sustatu nahi dugu, ez baitira lasterketa lehiakorrak izango. Euskaraz bizi nahi duzuen adin guztietako lagunak 4,5 km-ko ibilbidean, nor bere martxan, baina guztiak euskaraz bizitzeko norabide berean, jai/kirol giroan korrika egitera deitzen zaituztegu: burua deskonektatzeko korrika egitea gustuko duzuenak, kuadrilarekin batera ibilbide polit hau egitera animatzen zaretenak, kross korrikalariak,  zuen txikiek ere korrika egin dezaten nahi duzuenak…”
“Asko gara euskaraz bizi nahi dugunak, jadanik euskaraz bizitzeko hautua egin dugunak eta geure eguneroko jardunean hori praktikan jartzen dugunak eta hori adieraziko dugu larunbatean”.
Mikel Lakasta korrikalariak eman ditu lasterketen inguruko xehetasunak. “irailaren 22an izango da ekimena. Esan bezala, Euskal Herriko hainbat herritan. Familia giroan lasterka egiteko gonbita luzatuta, ibilbideak ere guztiontzat moldatutakoak izango dira.”

Lasterketetan parte hartzeko, beharrezkoa da izena ematea. Osteguna bitarte interneten www.euskarazbizinahidut.org webgunean egin daiteke eta egunean bertan herri bakoitzean, lasterketa hasi aurretik. Haurrek bi euro ordaindu behar dituzte eta kamiseta nahi izanez gero, zazpi euro eta helduek berriz, bost euro kamisetarik gabe eta 10 kamiseta nahi izanez gero. “Asmoa Iruñeko kaleak Euskaraz bizi nahi dut lemadun kamiseta beltz hauekin zipriztintzea da, beraz korrika eginen duzuenak berau eskuratzera animatzen zaituztegu” esan du Lakastak.

Iruñean, goizeko 11:00etan hasiko da helduen lasterketa, San Frantzisko plazan eta hauek bukatu bezain pronto berriz, haurrena egingo da. Haurrekin hiru talde egingo dira adinaren arabera, 6 urte arte, 7 eta 9 urte artekoak eta bukatzeko 10 urtetik aurrerakoak. “Neska-mutilak denak elkarrekin, euskaraz bizi nahian, San Frantzisko plaza ondotik  korrika egingo dute”. Iruñean izen-ematea egunean bertan egin ahal izango da goizeko 9:30etik aurrera, Lakastak esan duenez. Gainontzeko lekuetan ere, aukera egongo da lasterketa hasi aurretik izena emateko.

Iruñeko Alde Zaharreko jai batzordeak ere bat egin du ekimenarekin. “Egun horretan bertan San Fermin Txiki jaia ospatuko dugu Iruñean. Aukera ezin hobea iruditu zitzaigun lasterketekin bat egitea. Kirola eta festa giroa uztartuz eta hori euskaraz egitea gainera, ezin aukera hobea. San Fermin Txikirako egitarau zabal, herrikoi eta parte-hartzaile honen barruan herri lasterketa honek eskaintzen duen aukera baliatzera deitzen ditugu jai egun horretaz disfrutatzea gustuko duten iruindar eta bertaratzen direnak. Aipatu bezala, ibilbideak hiriburuaren eta aldi berean jaiaren bihotza zeharkatuko dituen aldetik, jaiak beste ikuspegi horretatik ere bizitzera animatzen zaituztegu. Bai korrika eginez, bai ibilbidean ikusten korrikalariak animatuz ere bai”.  

Garikoitz Torregrosak Kontseiluaren izenean euskaraz bizi nahi duten herritarrei dei egin die ekimenean parte har dezaten. Izan ere, “milaka herritarrek euskaraz bizitzeko erabaki sendoa erakusten badugu, euskaraz bizitzeko baldintzak lortuko ditugu, eta berandu baino lehen euskaraz biziko gara, herri hau euskaraz biziko da. Lasterketen bitartez, aukera izango dugu, ehunka, milaka herritarrek, aldi berean, euskaraz bizitzeko nahia ozen aldarrikatzeko”.

Lasterketei buruzko informazioa www.euskarazbizinahidut.org webgunean kontsultatu ahal izango da eta baita www.lasterketak.com webgunean ere.

Erantzun

Sartu