Azken asteetan argitara atera diren zenbait berriren inguruan egiten dugun hausnarketa jakitera eman nahi dugu adierazpen hau sinatzen dugun gizarte eragileok. Errauste plantaren finantzaketarekin lotutako swapa, finantzaketa lotu izana ospatzeko arduradun politiko eta bankuetako ordezkariek diru publikoarekin egindako angula jana, eta erruste planta eraiki eta kudeatuko duten enpresek plaza publikora egin duten agerraldia dira ondoren komentatuko dugunaren oinarri.
Hasieratik salatu izan dugu errausteko proiektu kutsatzaileak ez diola gipuzkoako gizartearen beharrei erantzuten, herritarren diruaren kontura aberasten segi nahi duen lobby ekonomiko baten diru goseari eta honek politikan eta medioetan eragiteko daukan gaitasunari baizik.
Bankuekin finantziazio kontratua sinatu ondoren, orduan diputatu nagusi eta GHK-ko administrazio kontseiluko lehendakari ziren Markel Olano eta Carlos Ormazabal, bankuetako ordezkariekin, diru publikoz ordainduta, angulak jatera joatea anekdota penagarri bat baino askoz gehiago da. Errausketaren aferaren atzean zer dagoen islatzen du garbiki. Baldintzak nork jartzen dituen eta nork obeditzen duen erakusten du gertaera horrek. Baldintzak enpresa handiek eta bankuek jartzen dituzte. Obeditu eta gonbidatu orduko agintariek. Ordaindu herritarrek. Bai angulekin, bai errauste plantarekin. Eskema berbera da.
Swap izeneko finantza produktu espekulatibo hori sinatu izana ere eskema horretan kokatu behar dugu. Batetik, bankuei egiten die mesede. Bakarrik 9 milloi erabili eta 90 milloiren interesak ordaintzen ari gatzaizkie herritarrok bankuei swap hori sinatu zutenen erruz. Bestetik, errauste planta eraiki eta kudeatuko duten enpresei egiten die mesede. Eraikitze lanak aurrez finkatutako egutegi baten arabera eraikitzera behartzea da swap horren xede garrantzitsuenetakoa. Inork bere herrian nahi ez duen, eta beharrezkoa ez den errauste planta garestia eraikitzeko erabakia hauteskunde emaitzetatik blindatzea zen bere helburua, swapa bertan behera uzteak eragingo lituzkeen kosteak, produktua sinatu dutenei beharrean, zilegi eta beharrezkoak diren erabakiak hartuko lituzketenei leporatzea estrategia.
Azkenean, errauste planta eraikitzearen onuradun zuzenak azaldu dira publikoan. Ez da jende oldea kalera irten errauste planta egin dadin eskatuz, ez. Errauste planta eraiki eta kudeatuko duen enpresa taldeak altxa du ahotsa. Oraingoan bitartekorik gabe. Itzaletatik atera eta zuzenean erakutsi dute aurpegia. Mehatxuka hasi zaizkio GHKko presidenteari. Kaparrak biktimaren odola xurgatzen duen bezala, herritarren diruaren kontura negozio segurua egiteko ametsa arriskutan ikusteak aztoratu ditu. Beraien trikimailu guztiak hankaz gora doazela ikusi eta oldartu egin dira. Ez daitezela hausartu! Hara hor, 10 urteko amesgaizto honen bultzatzaileak biluzik jendeaurrean.
Hemen sinatzen dugunok, administrazioak erabakiak herritarren interesei begira hartu behar dituela aldarrikatzen dugu, eta era berean, herritarrak bestelako interes kaltegarrietatik babestu. Errausketa, tratamendu zaharkitu, garesti, kutsakor eta arriskutsua da. Badira hondakinak kudeatzeko era osasungarriago, merkeago eta jasangarriagoak. Bada garaia proiektu kaltegarri hori behin betiko bertan behara uzteko eta gipuzkoan herritarrak, osasuna eta ingurumena ardatz izango dituen hondakinen kudeaketa eredua gauzatzeko.
Artikulua Gipuzkoa Zero Zabor-ez gain ondorengo eragileek sinatzen dute:
Greenpeace, Gipuzkoako Errausketaren Aurkoako Plataformen Koordinadora, Eguzki eta Ekologistak Martxan.
Erantzun
Sartu