Datorren uztailaren 12an Otxandion egingo den ekimen baten berri eman nahi dizuegu. Bertan Bittor Kapanaga - "Otxandioko Aztia" -, euskal kulturan erreferente bat izandakoa, gogoan izango dugu bere heriotzaren 3. urteurrenean. Bazkaria eta kantaldia antolatu ditugu ordurako. Bertan izango dira, besteak beste: Xabier Amuriza, Igor Elortza, Unai Iturriaga, Gontzal Mendibil, Niko Etxart, Josu Zabala, Patxi Villamor, Txomin Bengoa, eta Xeberri.
Euskal mundu ikuskera: Bittor Kapanaga euskal mundu ikuskeraren alderdi garrantzitsuak landu zituen: “aba” erroa, erlijio zaharra, hiru zuhaitzen kultura, bi iberiak, egun eta hilabeteak, mediterraneoko kultura zaharrak, koloreak, zenbakiak, antzinako erlijioa, etab.
Joxemiel Barandiaranek asko estimatzen zuen eta kooperatibagintzan aritu beharrean, euskal kulturan aritzeko animatu zuen, intuizio handiko gizona zelako. Olentzaroari garrantzi handia ematen zion eta berari buruz liburu batzuk idatzi zituen.
Euskal kantagintzan: Berak sortutako letra batzuk oso famatu egin ziren Gontzal Mendibil, Patxi Villamor, Josu Zabala eta beste kantariren batzuen ahotan: Araban bagare, Nora zoaz nora goaz, Herria maitatzeko. Araban bagare.
Euskeraren jatorria: Teoria oso berezia sortu zuen gure hizkuntzaren jatorrian, hitzak sortzean hiru multzotan bereizten zituztela adieraziz: izatasuna (iz), egitea (in) eta getasuna (il). Bizitza hiru erro hauen bidez laburtu zuen: iz (izan), in (egitea), il (iltzea). “Garapen” hitza ere euskerari egindako bere ekarpena izan zen.
Berau ezagutu zutenen testigantzak: Kapanaga ezagutu zuten hainbat lagunen testigantzak jaso eta www.ahotsak.com webgunean jarri dira. Testigantza asko jaso dira, arlo guztietatik: kultura, euskera, ekonomia, nekazaritza, politika, etab.
Utzi digun ondarea: Berau ezagutu zuten batzuek talde bat osatu dute eta Bittorrek idatzitako lanak aztertzen ari dira, idazlan asko utzi dizkigulako, arlo guztietakoak: saiakera, gutunak, olerkiak, euskeraren ikerketa, etab.
Egun berean, eguerdian, Otxandioko Korostondo jatetxean bazkari-solasaldia ere antolatu da. Bertan, Otxandioko aztiari buruz hitz egin, gogoratu, berak irakatsikoaz gogoeta egin eta hainbat kontuz hitz egingo da.
Prezioak. Kantaldiak 6 euro balio du eta Bazkaria+kantaldia 25 euro. Bazkaria aurretik ordaindu beharra dago: 2095-0113-10-9109602853. Abonuan izen-abizenak jarri.
Erantzun
Sartu