Teknologia albisteak

Euskoiberismoa: euskera Europan kokatzeko tresna

2014-04-29 : 01:04

Maiatzaren 10ean, Euskeraren Jatorriaren 9. Biltzarrean, Euskoiberismoa aztertuko da. Gure hizkuntzak iberierarekin izan zuen harremana ulertzea eta ondo kokatzea, ezinbestekoa da euskeraren jatorrian aurreratu nahi badugu. Aspaldiko kontua badirudi ere, euskoiberismoa egunez egun indarra hartzen ari da: iberiar eta euskal zenbakien arteko lotura ukaezina, toponimia, genitiboa (-en), ergatiboa (-ka) eta partitiboa (-ik-e-) partekatzea, etab. Horiek guztiek, berriro jarri dute eztabaidan aspaldiko gai hau.

Iberiera ala iberiera-akitaniera?

Baina lehendabizi, iberiera bere zentzu zabalean ulertu behar dugula kontuan hartu behar dugu. Oraingo Nafarroaren hedadurak eta orain dela 1.000 urtekoak zerikusirik ez duten moduan, iberiar hizkuntzaren eremua aztertuko bagenu sorpresa handia hartuko genuke. Izan ere, eztabaidak eztabaida, penintsulaz gain, Akitania osoan eta, ikerle batzuen arabera, Italiako Iparralderaino hedatzen zen hizkuntza hau. Hau da, hizkuntza erromanikoen eremuaren %66 bat letorke iberiar hizkuntzaren dialektoak mintzo ziren lurraldeekin, eta mendebaldeko hizkuntza erromanikoak soilik kontuan hartuko bagenitu, iberiar substratua %85ean legoke:

Hizkuntza erromanikoen substratu nagusia iberiar hizkuntza izatea, ez da ia inoiz behar bezala aztertu eta eztabaidatu. Betidanik alboratu izan den gaia izan da. Eta horrekin batera, beste hainbat kontu: iberieraz idatzita dauden ia 5.000 idazkunen azterketak gehien bat amateurrak eginak izatea, unibertsitateetan iberierari zuzendutako ikerketa lerrorik eta katedrarik ez egotea, etab. Ikasketetan, hizkuntza erromanikoek erabateko presentzia izan duten bitartean, iberiar hizkuntzak erabateko bazterketa pairatu du.

Hau zuzentzen hasteko, eta gauzak diren moduan ondo zehazteko, beste termino egokiagoa beharko genuke iberiar hizkuntza definitzeko, bera mintzo zen lurraldea erdira murriztu nahi ez badugu behintzat: iberiera-akitaniera? baina Italiako iparraldea ere, nola sartu?

Latinak, eman ala hartu egin du?

Bestetik, latina aztertu denean, hizkuntzalari gehienek suposatutzat eman dute bere oinarria hizkuntza indoeuroparrak izan direla. Haientzat iberiera-akitaniera ezin zen horren oinarria izan, besteak beste mendebaldeko hizkuntza erromanikoek dituzten milaka hitz, beste hizkuntzek bezala, latinetik hartu omen dituztelako. Eta latinak iberiera-akitanieratik hartu ote bazuen aurretik?

Latina hizkuntza indoeuroparretik datorrela edo iberiera-akitanieran oinarritu dela esateko, lehendabizi, lan bat egin behar izan zen: iberiera-akitaniera deszifratzea. Baina lan hori ez da egin edo ez da egin nahi izan, eta ondorioz, azken mendeotako Europako hizkuntzalaritza gehiena, ez da oinarri sendo baten gainean eraiki.

Nola ordezkatzen ziren hizkuntzak orain 2.000 urte? eta gaur egun?

Historiak ondotxo erakusten digunez, herri batek bere hizkuntza aldatzeko faktore asko behar dira: hedabideak, eskola, estatu baten egitura indartsua, etab. Adibidez, Hegoamerikan genozidioa egon ez zen lekuetan (Argentinan…), bertako hizkuntzek iraun izan dute bost mendez… orain arte. Gaur egun, hedabideekin, irakaskuntzarekin eta globalizazio ekonomikoarekin hasi dira desagertzen hainbat eta hainbat hizkuntza.

Baina orain 2.000 urte zer gertatu zen? Erromatarrek Mediterraneo inguruko herrialde gehienen kontrola hartu zutenean, 200 urteko epean, ez zuten biztanle nahikorik izan latina  lurralde guztietara eramateko eta, horrela, botereari eusteko, Italiakoak ez ezik, beste lurraldeetako mertzenarioak hartzen zituzten, gainerako eremuetan Erroma defenda zezaten. Adibidez, Iberiara ez zituzten Italiako gizon-emakume askorik ekarri, beste lurraldeetako gizonez osatutako gudarosteak  baino, jeneral erromatar gutxi batzuen agindupean. Hau da, latina nekez izan zitekeen iberiar gehienen ama hizkuntza.

500 urteko epean iberiarrei hizkuntza aldarazi bazieten, logika berdinarekin bisigodoak etorri zirenean ia 400 urtez egon zirenez (batik bat gizonez osatutako gudarosteak ere), latin arrunta utzi eta hizkuntza germanikora pasatu behar izan ziren eta, ondoren, islamiarrak etortzerakoan (batik bat gizonez osatutako gudarosteak ere), eta 700 urtez irautean, arabierara pasatu behar izan ziren hiztun guztiak.

Zer esanik ez Ekialdeko Erromatar Inperioan. Han, Mediterraneoko ekialde osoko herrialdeetan, 400 urte arte hizkuntza erromanikoak hitz egin behar izan zuten eta ondoren, 400etik 1400 arte greziera elkar komunikatzeko hizkuntza gisa hartu zutenez, grezieratik eratorritako hizkuntzak hitz egin beharko zituzten, logika berdina aplikatuko bagenu.

Hau da, gaur egun hizkuntzen ordezkapen sistemaren ikuspuntutatik aztertzen ari gara orain 2.000 urteko egoera eta ez dira estrapolagarriak, botereak dituen baliabideak erabat desberdinak zirelako.

Hizkuntzen aldaketa prozesuak

Beste zalantzazko gai bat hizkuntzen aldatze prozesua da. Orain arte latinetik hizkuntza erromanikoetara dauden aldaketak hartu dira erreferentzia gisa, munduko hizkuntza guztiak asko aldatzen direla frogatutzat emateko. Azken urteotan hipotesi hori zalantzan jartzen duten teoria batzuk agertu dira eta diotenez, hizkuntzetan hitz batzuk asko aldatu daitezkeen bitartean, beste hitz batzuk, agian 10.000 urtez ia aldaketarik gabe egon ahal izan dira, normalean gehien erabiltzen ditugunak. Euskeraz, paleolito garaikoak izan litezkeen hitzek, gaur egun arte iraun ahal izateak ere teoria berri hauekin bat letorke.

Euskeraren eta iberieren arteko harremana, iberiar motak…

Azkenik, gero eta gehiago dira euskeraren eta iberieraren harremana oso handia zela diotenak, agian, enbor bereko bi hizkuntza izan zirela. Eztabaida pil-pilean dago eta horregatik, Biltzarrean Luis Silgo Valentziako iberiar ikerleak gaur egun eztabaidatzen ari diren iberieraren eta euskeraren arteko harremanak zertan diren azalduko digu.

Bestetik, Virgilio Correiak, Portugalgo Conimbrigako Museoko ikerleak, penintsulako hego-mendebaldeko idazkeraz eta dauden teoria berriez hitz egingo digu. Ondoren, Antonio Arnaiz Complutenseko irakasleak, historikoki egon zen iberieraren eta euskeraren arteko harremana nola deuseztatu nahi izan duten, sakonduko du eta azkenik, Jabier Goitia ingeniari eta geografoak Iberiako toponimiaren eta euskeraren arteko harremanaz egingo digu hitz. Arratsaldez, Biltzarra osatzeko, bestelako teoria asko ere entzun ahal izango ditugu: Kanadako Edo Nayland, Jaime Martin, Jon Nikolas, Jorge Ribero-Meneses eta Iruña-Veleiako egoera gaur egun zertan den.

Euskoiberismoak Europa mendebaldeko historia, kultura eta hizkuntza arloetako kontu asko argitu ahal dizkigu eta hor, euskera, oinarrizko abiapuntua dela egunez egun gero eta argiago geratzen ari da.

Euskeraren Jatorria Elkartea

Erantzun

Sartu