a) Txosten berriak egiazkotasunaren alde
b) Datazioen azken albisteak
c) Aurkikuntza berriak egiazkotasunaren alde
d) Historia triste hau iragartzeko hiru bineta
e) 5. urteurrenerako ekitaldiak
f) Aurkikuntza berri batzuen azalpena
Txosten berriak egiazkotasunaren alde
Urtez urte, gero eta gehiago dira Iruña-Veleiako grafitoen egiazkotasuna aldarrikatzen duten txosten edo irizpenak. Bosgarren urteurren honetan dagoeneko 24 txosten dira egiazkoak izan daitezkeela diotenak. Egileen artean, besteak beste, Henrike Knörr, Txillardegi, Martin Elexpuru, Hector Iglesias eta arkeologia garaikidearen “aita” den Edward Harris ditugu.Gainera, 24 txosten hauetako bi aldizkari zientifiko banatan agertu dira.
Aurten horietako lau txosten argitaratu dira: bik EHUk aurkitutako aldarean testua sakonki aztertu dute eta diotenez, testu hori Eliseo Gilek aurkitutako ildotik %100 doa; hirugarrena Mapi Alonsorena da eta Iruña-Veleiako grafitoen eta gaur egungo ume elebidunek egiten dituzten testuen azterketa konparatiboa egin du, eta laugarrena Alicia Satuerena, indusketa honetan aurkitutako latina, beste lekuetako latin arruntarekin bat datorrela dio. Adibidez, Aholku Batzordeak faltsutzat hartutako hitz batzuk Pompeyan bertan edo Interneten dagoen latinezko testuen Perseus datu basean!
Faltsuak direla dioten txostenak, ordea, hasieran zeuden 6ak dira. Gainera, horietako bi txosten iritziz aldatu zuten hiru irakasleenak direla gogoratu beharra dago, hasieran grafitoak egiazkoak zirela defendatu zutelako (Joaquin Gorrochategui, Juan Santos eta Pilar Cipres). Eta beste hiru, interes gatazka izan dituztenenak dira: bi txosten EHUko Arkeologia Sailak egindakoak, indusketa eskuratzeko interesa zuena –denborak erakutsi digun moduan-, eta hirugarrena Joseba Lakarrarena da, bere antzineuskeraren teoria hankaz gora ez jartzeko, grafitoak faltsuak direla proposatzen duena.
Datazioen azken albisteak
Pasa den abenduan Epaileak grafitoak Instituto del Patrimonio Cultural de Españaren laborategira bidali zituen, nahiz eta laborategi honek ez dauka, inondik inora, Europan dauden arkeometria laborategiek duten esperientziarik, ezta tresna egokirik.
Horrez gain, datatzeko eskatutako hiru multzoetatik bakarra egingo zuela esan zuen. Eliseo Gilek grafitoak, hezurrak eta adreiluak datatzea eskatu zituen baina laborategiak lehenengoak baino ez zituen onartu. Horren aurrean, logikoena izango zen beste bi multzoak beste leku batera bidaltzea baina Epaitegiak ez du hori egin eta, ondorioz, eskaeraren bi heren bete gabe utzi dute.
Gutxi balitz, udarako grafitoak datatuta egon behar baziren ere, laborategiak luzapena eskatu zuen. Hau da, hilabete batean egiten diren datazioak ia urte bete pasatu ondoren egin gabe daude eta ez dakigu noizko egongo diren.
Aurkikuntza berriak egiazkotasunaren alde
Bestaldetik, azken urte honetan egindako aurkikuntzek, analitikek eta txosten batzuek faltsukeriaren aldeko txostenetako argudio batzuk ezeztatu dituzte:
Adibidez, Iruña-Veleian agertutako “kakotxa hirukoitzak”, Aholku Batzordearen arabera faltsuak ziren baina Portugalen agertutako grafito baten berdinak agertu dira. Gainera, datatu dute –logikoa denez- eta Lurmenek Iruñako grafitoetarako esandako garai berekoak direla ebatzi dute, hau da, IV. mendekoak.
Oraingo zuzendaria den Julio Nuñezek topatu zuen aldarearen testuak faltsukeriaren aldeko txostenen zenbait puntu garrantzitsu ezeztatu ditu: faltsutzat hartutako M letra berezia; Gorrochateguirentzat ezinezko zen “Veleia” “V” letraz idatzi izana, agertzekotan “B”-z idatzita agertu behar zelako; “Veleian” agertutako inesibo forma, Eliseo Gilek topatutako “Veleian” hitzekin bat dator, etab.
Astorgako buztinei egindako termoluminis-zentzia frogak baieztatu digunez, egiazkoak dira bertan dauden grafia batzuk, Iruña-Veleiko grafitoen antzekoak direnak eta Aholku Batzordeak faltsutzat hartu zituenak.
Historia triste hau iragartzeko hiru bineta
Tasio marrazkilari famatuak hiru binetetan (hedabideek erabili ditzaketenak) laburtu du historia ikaragarri hau:
5. urteurrenerako ekitaldiak
Bihar asteartean bi ekitaldik gogoratuko digute zoritxarreko urteurren hau, gertatu behar izan ez zena, Henrike Knörri kasu egin izan bazitzaion: “utzi arkeologiari bere lana egiten –datazioei buruz ari zen- eta gero hitz egingo dugu hizkuntzalariok, historialariek, etab.”:
Kontzentrazioa Gasteizen, Aldundian
Noiz: azaroaren 19an, asteartean, arratsaldeko 5etan (17:00etan)
Non: Arabako Aldundiaren aurrean (Probintziaren plaza)
Antolatzailea: Arabako Iruña Argitzeko Batzordea (Euskeraren Jatorria)
Hitzaldia eta bideoa Donostian
Noiz: azaroaren 19an, asteartean, arratsaldeko 7etan (19:00etan)
Non: Donostiako Liburutegi Nagusian (San Jeronimo kalea, Alde Zaharrean)
Hizlaria: Alicia Satue
Gaia: Iruña-Veleiako latina.
Antolatzailea: SOS Iruña-Veleia
Bideoa Ondoren Iruña-Veleiari buruz egin den bideoa ikusi ahal izango da
Erantzun
Sartu